HEMEN DA MARINOREN OMENEZKO HIRUGARREN MEMORIALA

Erlojupekoak 400 txirrindulari erakarriko ditu igandean eta larunbatean Lejarreta, Perurena, Chiappucci eta Benito Urrabururekin solasaldia egingo da

Duela bi urte ospatu zen, lehenengoz, Ordizian eta Ordiziarekin Marino Lejarretak izan duen harremana eskertzeko omenezko memoriala. Hitzorduak bere tokia hartu du udalerriko udazkeneko agendan eta hirugarrenez ospatuko da asteburu honetan. Zaleentzat ere ekitaldi finkoa da dagoeneko. Hemen da, beraz, urriarekin batera hirugarren urtez Lejarreta Memoriala, Chapel Gorri elkarteak Ordiziako Udalarekin antolatuta.

Komunikabideen aurrean aurkeztu dute txirrindu gainekoa Jose Miguel Santamaria alkateak, Chapel Gorriko Jose Luis Sanz ordezkariak, Eduardo Soto Gipuzkoako Txirindularitza federazioko  presidenteak eta Marino Lejarreta eta Txomin Perurena txirrindulariek.  Igandean izango da proba eta aurreko urteetako parte-hartzea gaindituko da. Lehenengo edizioan 145 txirrindulariek hartu zuten parte, 335 izan ziren iaz eta 400 dira aurtengorako izena eman dutenak, hau da, bost pertsonako 80 talde. Omenaldien kapituluan, hiru izen: Claudio Chiappucci eta Txomin Perurena eta  Diario Vasco komunikabidea.

Bezperan, larunbatean, omenduek Barrena jauregian egingo den solasaldi batean parte hartuko dute. Perurena, Chiappucci eta DVren izenean Benito Urraburu egongo dira, Lejarretarekin batera. Mahai ingurua Juan Mª Guajardo, Espainiako Vueltako ‘ahotsak’ gidatuko du.

31,7 kilometro Larraitzera joan-etorrian

Erlojuaren aurkako lasterketa, beraz, igandean izango da, urriaren 8an. Lehenengo taldea 10:00etan irtengo da eta 12:40tan azkena. Irteera gunean uneoro egongo da bostekoren bat bi minuturo irteteko prest, izena eman duten 81ak irten arte. Hauen artean, emakumezkoen taldeak lau dira, bi para-txirrindularienak eta beste bat transplanteren bat izan duten pertsonek osatutakoa. Ibilbideak 31,7 kilometro ditu, Ordiziako Zuhaiztitik aterata, Alegia, Amezketa, Abaltzisketa, Zaldibia eta Ordiziara bueltan.

Parte hartuko dutenen zerrenda luzean daude txirrindulari beteranoak, profesional ohiak, zikloturistak, enpresetako ordezkariak eta txirrindu zaleak, oro har.  Luxuzko zerrenda da, anitza. Talde bakoitza irteeran puntuan aurkeztuko da irten baino hamar minutu lehenago, oholtzan eta megafoniaren bidez. Jose Luis Sanzek izen ezagun batzuk aipatu ditu, lorpen garrantzitsuak gogoratuz. Hala nola, Abrahama Olano (munduko txapelduna), Joan Llaneras (olinpiar txapelduna), Alvaro Pino, Beloki, omenduak, etab.

Sariak eman ondoren bazkari batean elkartuko dira guztiak pilotalekuan.

Gogoratu behar da dortsalak eta akreditazioak Barrena jauregiko bulegoan emango direla, larunbatean 10:00etatik 13:00etara eta  16:30tatik 18:15etara eta igandean goizean.

Beste behin , Ordiziak antolakuntzarako duen ahalmena eta kirolarekiko  duen zaletasuna eta agenda izugarria agerian jarriko ditu.

*Oharrak:                                                                                                                                                                                                                                                                                -Igandeko probak trafikoan eragina izango du. Hala, 9:45tatik 14:00etara Beasain aldera doazten autobusak ezingo dira udalerritik igaro. Urdaneta kaleko 72 zenbaki parean hartu ahal izango dira.                                                                                                                                                                                                                                               -Gainera, kale Nagusia erabat itxiko da eta erdigunean tarteka trafikoa moztuko da. Trafikoa zaintzen egongo diren pertsonen aginduak betetzeko eskatzen da.               -Zuberoa, Behenafarroa eta Bazterretxe kaleetan ezingo da autorik aparkatuta eduki goizeko 7:00etatik aurrera, proba bukatu arte.