2014-03-06 bidegorri Lizitazio prozesua otsailaren bukaeran hasi zen, esleipena egiteko prozesua abiatuta. Lanak egiteko epea zazpi hilabete eta erdikoa da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak Itsasondo eta Ordizia lotzeko bidegorria eraikitzeko tramitazioa hasi du, esleipena egiteko prozesua abiatuta. Era horretan Ordizia eta Itsasondo herriak bidegorri bidez lotuta geratuko dira eta, aldi berean, bidegorriak bat egingo du Ordiziako udal bidegorriarekin mutur batean eta beste batean Itsasondo-Legorretan bidegorriarekin. Lehiaketa prozesua amaitu ostean, obrak maiatza aldera hastea espero da, eta lanak egiteko epea zazpi hilabete eta erdikoa da. 

Bidegorria 1.230 metro luze izango da, Donostia-Beasain ibilbidearen zatia da, eta Ordizia eta Itsasondo arteko mugan hasiko da (GI-4761 errepidearen paralelo) eta Itsasondo zeharkatuko du, Itsasondo-Legorreta bidegorriarekin bat eginez. Bidegorriak honako ardatzak izango ditu:

1. ardatza: Ordiziako San Joan ermitan hasiko da bidegorri zatia, herriko bidegorria amaitzen den lekuan, eta 490 metroko lehenengo zatian 4 metro zabal izango da eta GI-4761 errepidearen eskuinaldetik joango da. Hasierako zatian hainbat etxeetarako bi sarbide izango ditu. Zati honen hasieran malda %4 eta %3 artekoa da.

2. ardatza: GI-4761 eta GI-2131 errepideen arteko bidegurutzetik Itsasondoko udaletxe parerainoko zatia. Zebrabide batetik errepidearen beste aldera pasatu ostean, zati hori GI-2131 errepidearen paralelo doa ezker aldetik, 540 metro luze da eta 4 metro zabal. Zabalera hori lortzeko espaloia bere horretan utziko da eta bidegorria errepiderantz zabalduko da. Zati honetan bidegorriak errepideak duen malda leun bera du.

3. ardatza: GI-2131 errepidearen beste aldetik, eskuinaldetik doa, errepidea zebrabide batetik pasatu ondoren. 200 metro luze da eta leku gehienetan 4 metro zabal, nahiz eta zatiren batean apur bat estuagoa izango den, urbanizazioen ondorioz ezin baita gehiago zabaldu.

Argiteriari dagokionez, led argiteria jarriko da 6 metroko altuera duten aluminiozko zutabeen gainean.

Bidegorri proiektuaren lizitazio prezioa 2.443.900 euro da (BEZ barne). Zentzu horretan azpimarratzekoa da bidegorri hau egiteko proiektua aspaldi xamar eginda zegoela, baina Aldundiak proiektua birmoldatu egin du, bi helburu nagusirekin. Batetik, garai bateko proiektua Itsasondoko udaletxe parean amaitzen zen, Itsasondo-Legorreta bidegorriarekin bat egin gabe, eta proiektu moldatuaren bidez beste 200 metro bidegorri egiten dira, bi bidegorri zatiak lotuz. Bestetik, hasierako proiektuak errepide azpiko pasabidea aurreikusi zuen, eta Aldundiak beste proiektu bat egin du, lur azpiko pasabidea saihestuz. Aldaketa hauen bidez proiektua hobetzeaz gain, merkatzea ere lortu du Aldundiak: izan ere, hasierako proiektuaren lizitazio prezioa 3.084.000 euro zen.