Negozio berriak, Goieki agentzia eta Goierri Valley bertan kokatuko dira

Ordiziako Oiangualdean edo Granjan, Goierri Eskola, Lortek Teknologia zentroa  eta Ingeneritzako Unibertsitatearen alboan eraikitzen ari den enpresa inkubategiaren obra urte amaierarako bukatuta izatea aurreikusten da. Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak, ‘negozio berrien lantegi’ hau martxan jartzeak parte hartu duten entitate guztientzat izan dituen zailtasunak gogoratu ditu.

Goierrin 2005 urtean gauzatu zen plan estrategikoaren ondorioz eta eskualdean balio erantsi altua duten ekimen berriak bultzatzeko asmoz, 2007-2011 legealdian jarri zen abian New Business Factory, negozio berrien fabrika-inkubategiaren egitasmoa. Datorren abendurako espero da enpresa berrientzako kokaguneak prest izatea.

Honaino iristeko proiektuaren exekuzioak lan asko eta zailtasun ugari gainditu ditu. Santamariak 2010.urtea gogoratu du. ‘Urte horretan EAJ-PNV taldeak Madrilen milioi bat euro hitzartu zituen gobernuarekin 2011ko estatuko aurrekontuen baitan’. Hala, 2011ko hasieran Ordiziako Udalak, lursailaren jabeak, eta Goieki Garapen agentziak hitzarmena sinatu zuten, lursailaren gaineko azalera eskubidea eta erosteko aukera bermatzeko.

Madrilean itxitako akordioa, ordea, bertan behera geratu zen gobernu berria eratu zenean. Laguntza ez zuen eman eta ezinezkoa izan zen obra hastea. Baina laguntza ez emateko erabakiaren aurka helegitea jarri zen auzitegian eta honek Goiekiren alde ebatzi du. Beraz, esan daiteke Madrilgo gobernutik (MICINN) lortutako diru-laguntza 2017 urtean eraikina altxatzen hasteko abiapuntua izan zen.

Helburu nagusia, Goierri eskualdean balio erantsi altua duten ekimen berriak bultzatu eta ondorioz lanpostu kualifikatuak sortzea da. Izan ere, 25 enpresa eta 150 lanpostuei tokia egingo zaie.

Bailarako 60 enpresa esanguratsuek sortu duten Goierri Valley elkarteak ere bere indarrak gehitu dizkio enpresa inkubategiari.

Egitasmoaren faseak

Proiektuak hainbat ardatz ditu, hala nola:

  1. Adimen lehiakorraren bitartez detektatzen diren proiektuak definitu.
  2. Eskualdeko eragileen arteko elkarlana bultzatu, balio erantsia duten proiektuak garatzeko.
  3. Egitasmo/negozio berrien hautaketa prozesua abian jarri.
  4. Kokapen egokia bilatu negozio berri hauentzako.
  5. NBF eraikin berrian kokatzen diren egitasmoen kontsolidaziorako plangintza gauzatu.

Eraikinaren antolaketa

Lehen fase honetan 2.500 m2-ko azalera izango duen NBF inkubategiaren obra amaitzear dago eta enpresa berrien kokapenera bideratutako espazio anitzak izango ditu. Horrez gain, Goierri Valley elkarteko enpresek ere aukera izango dute bertan negozio unitate berriak kokatzeko. Esan behar da baita eremuak bigarren faserako 1.100 metro koadroko espazio erreserba duela.

Eraikineko espazioak honela daude banatuta:

  • 190m2-ko lau laborategi edo tailer izango ditu beheko solairuan.
  • Enpresa eta negozio unitate berriak kokatzeko 20 bulego prestatuko dira lehen solairuan.
  • Goieki eta Goierri Valley Elkartearen bulegoak eta bilera gelak bigarren solairuan egongo dira.
  • Guztiek partekatzeko espazioak, sukaldea eta jangela bat irekiko dira hirugarren solairuan.

*argazkian, Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkatea, Iker Galparsoro Goiekiko zuzendaria eta Juanma Saez Ordiziako udal arkitektoa.