TXAPELDUNEN TXAPELDUNA ORDIZIAN

Azken hamar urteetan gazta lehiaketa irabazi dutenen artean hoberenak hautatuko ditu puntako epaimahaiak

Asteazken honetan, urriak 17,  XXXI. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa ospatuko da asteazkeneroko azokaren altzoan, goizeko 11.00tan hasita. Bertan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2009tik 2018ra) irabazleak lehiatuko dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.

Honako gaztagileak arituko dira lehian asteazkenean: 2009ko  irabazle Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria-Elgoibar); 2010eko irabazle J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Aia) eta aurtengo irabazlea, Julen Arburua (S.C. kortaria,Lekaroz).

Hiru gazta hoberenak diru-saria jasoko dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.

Luxuzko Epaimahaia dugu oraingo honetan ere, Jose Juan Castillo lehendakari dutela ondorengo lagunek osatuko dutena: Roberto Ruiz (Hika txakolindegia, Amasa) sukaldaria, Victoria Urresti eta Patxi Pérez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapena), Felix Ibargutxi (Kazetaria) , Olatz Mitxelena (Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko koordinatzailea)  eta Belen Balerdi, Ordiziako Kimetz Emakume Elkarteko ordezkaria bere XXV. Urteurrenean.