ORDIZIA ZABALIK 2017KO EKINTZAILE BERRIENTZAT

Aurtengo 13 ekimen berriekin 31 dira iada programak babestutako proiektuak

Hamahiru pertsona ekintzaile berri atxiki dira ORDIZIA ZABALIK diru-laguntza programaren laugarren deialdira. Egin diren lau deialdien bitartez, dagoeneko 31 ekintzaile dira programa honen bitartez laguntzak lortzeko aukera izan dutenak. Honen berri eman dute Jose Miguel Santamaria alkateak, Jose Ignacio Iturrioz zinegotziak eta Aitor Velazquez merkataritzako teknikariak 2017ko kanpainan laguntza jaso duten ekintzaileekin batera egindako agerraldian.

'Ordizia Zabalik' hiru norabidetan landutako proiektua da. Alde batetik, ekarpen berriztatzaileren bat egin dezaketen negozioak erakartzea, bestetik, dauden behar komertzialei erantzuna eman dentsitate baxua izan dezaketen herriko guneak biziberrituz, eta azkenik, txikizko merkataritzan belaunaldi aldaketari edo jabe aldaketari erantzuna eman. Ulertzen da ere honen bitartez lanpostu berriak sortu eta lokal komertzial hutsak berreskuratzeko baliagarria dela.

Lehen edizioa 2013an aurkeztu eta hurrengo urteetan jarraipena eman ondoren, 2017ko apirilean itxi zen laugarren deialdi honetako eskaerak egiteko epea, honen emaitza programari atxikitako beste hamahiru ekintzaile izan delarik. Ekintzaile hauek, diru-laguntza ekainetik jasotzen hasi ziren eta bi urteetan zehar lokal komertzialen alokairuko gastuari aurre egiteko baliagarria den diru-laguntza hau jasotzeko aukera izango dute, ondorengo portzentajeekin; lehen urtean udalak %40a (hilean 400€ gehienez) finantzatuko du eta bigarren urtean %30a (hilean 300€ gehienez).

Laguntza jasotzen hasi diren ekintzaile berriak dituzten hamahiru establezimendu komertzialen artean, ondorengo produktu eta zerbitzuak aurkitu ditzakegu: Kabinete pedagogikoa, emakume eta haurren arropak, mertzeria, zapata eta arropa konpontzailea, ostalaritza establezimenduak, ile-apaindegia, gozotegia, garbitegi autozerbitzua, diseinua, artea eta moda jasangarria.

2013tik programa honen bitartez pausoa eman duten ekintzaileen jarraitutasuna %90ekoa da eta ekintzaile guzti hauen diru-laguntzetara 2017an bideratutako aurrekontua  45.000 euro.

Bost baldintza programan parte hartzeko

Laguntza programa honetako azken deialdian baita aurrekoetan ere, oinarri arautzaileak oso antzekoak izanik, programan parte hartzeko eskaera egin nahi izan duten pertsona ekintzaileak ondorengo betekizunei erantzun behar izan diete; negozio proiektu bideragarri bat izatea, dagozkien zergen ordainketa eta gizarte-segurantzakoak eguneratuta izatea, proiektu berriaren egoitza izango den lokalaren jabea dagokion eskaera orria aurrez osatuta izatea, ekintzailearen curriculuma eta jardueraren bideragarritasun plana.

Gainera, Ordiziako Merkataritza bulegoak herriko lokal komertzialei buruzko eskaintza eta eskariaren informazioa jaso eta beste behin ere eguneratu zuen, informazio hau alokairuen gutxienezko eta gehienezko prezioak finkatzeko baliagarria izan zelarik. Lokalen jabeei prezio hauek errespetatzera gonbitea egin zitzaien, alokairua eta merkataritza sektorea bultzatzeko helburuarekin, eta nabarmendu behar da oraingo honetan ere  lokalen jabeen jarrera oso lagunkoia eta baikorra izan dela.

Ordiziako Merkataritza bulegoa, diru-laguntza programa honi 2018an ere jarraipena emateko aukera aztertzen ari da, ekintzaile berriei ez ezik aurretik martxan dauden ohiko merkatariei ere laguntza emateko, azken kasu honetan zerbitzu berriei, hobekuntzei, irudi korporatiboari, marketin edo balio erantsi bat emateko baliagarria izan daiteken edozein proiekturako.

Ordiziako dentsitate komertziala nabarmena izanik (16,34), saltokien kopurua 200etik gertu 10.000 inguru biztanleentzat, herriko merkataritza sektorea osatzen duten denda, zerbitzu enpresa eta ostalaritza establezimenduen lehiakortasuna indartu eta jarraitutasuna bermatzeko babesa emango du Ordiziako Udalak. Ordiziarrentzat eta Goierriko biztanle guztientzat erreferentzi bat izaten jarraitzeko helburuarekin.

Gaur egun diru-laguntza programa hau itxita egonik eta datorren urterako deialdia zehaztu bitartean, herriko merkataritza sektore osoari eta Ordizian bere negozio ideia aurrera atera nahiko duten ekintzaile potentzialei ere laguntza ematen jarraituko da Merkataritza bulegotik.