Hilaren 23tik 26ra hainbat aldarrikapen-ekintza burutuko dira

Ate joka dugu azaroaren 25a eta horren harira Udalaren Berdintasun arloak herriko hainbat erakunderekin batera antolatutako egitarauak aurkezten da.

Azaroaren 25a indarkeria sexistaren aurkako borroka eguna izendatu zenetik 35 urte bete dira jada; 1993ko abenduan, NBEko Asanblada Orokorrak Emakumeen aurkako oldarkeria deuseztatzeko Adierazpena onartu zuen. Horren arabera, halako oldarkeria gizonen eta emakumeen arteko botere-harremanen desorekaren adierazgarri da. Baita emakumeen mendekotasuna betikotzeko tresna ere. Horrez gain, Giza Eskubideen zapalkuntza suposatzen du; besteak beste honako eskubideak urratzen ditu; bizitzeko, integritate fisikorako eta osasunerako eskubideak eta berdintasunerako eta bazterkeria ez jasateko eskubideak, besteak beste. (...)

NBEren datuen arabera, emakume eta haurren %35k indarkeria fisiko edo sexuala jasaten dute bere bizitzan barrena, eta zenbait tokitan batez beste hori %70era igo daiteke. Fenomeno transkulturala da, bizi-bizirik dago munduko leku guztietan eta mugarik ez du, izan ere, erlijioak, legeak, klase sozialak eta kulturak zeharkatzen ditu. Indarkeriaren muturreko kasuak erailketak dira, 42 aurten (Iturri ofizialak).

Egitaraua Ordizian

Gauzak horrela, ezinbestekoa da halako jokaerak gaitzetsi eta neurriak abiatzea indarkeriari aurrea hartzeko eta herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Hori dela eta, urtean zehar garatzen diren ekintzez gain egitarau oparoa antolatu ohi da bereziki azaroaren 25aren inguruan, indarkeria sexistaren aurkako nazioarteko eguna.

Programaren haritik, azaroaren 23an, Barrenan (19:00): “Beti bezperako koplak” Maialen Lujanbio-ren bertsoetan oinarritutako film laburra proiektatuko da, eta ondoren, egileekin solasaldia izango da. Antolatzaileak: GIZA ESKUBIDEAK HERRIRA programa (Dar – Dar) eta Berdintasun arloak.

Jarraian,  “FATIMA”  filma ikusteko aukera izango da Herri Antzokian (20.30).

Bestalde, hilaren 24an (osteguna) “Zinea, ahalduntze tresna” ekintza izango da Kimetzek antolatua (18.00).

Azaroaren 25a, GIZA KATEA

Ostiralean, goizez dagoeneko klasiko bat den giza katea (Hiri hezitzaile programaren testuinguruan) egingo da Altamiratik hasita (11.15), Kimetz elkarteak bultzatuta  herriko zenbait talde eta eragileren ekimenez; hala nola, Berdintasun arloa, Ordiziako ikastetxeak, AEK, Bertso Eskola, Ordizia Kolore, Garagunea. Urteroko topaketa plaza Nagusian egingo da, eta ohi denez, bertan partaideek mota guztietako emanaldiak eskainiko dituzte.

Ekimenean parte hartzeko gonbidapena luzatzen zaie herritar guztiei.

Azaroaren 26an, larunbata,  “Indarkeria sexistari aurre egiteko autodefentsa “tailerra izango da. Azaroaren 23ra baino lehen izena eman behar da berdintasun arloan (Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. – 943805610).

Emakumeen espazio kulturanitza eta Coaching feminista taldeek “Indarkeriarik gabeko bizitzaren alde” aurnartzeko tailerra egingo dute Barrenan 17:00etan.

 

‘BELDUR BARIK’ JARRERA

Azaroaren 26an Urdulizen (uribe kostan) Euskadiko gazteen arteko indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketa ospatuko da.

Egun horretan  Beldur Barik Lehiaketako lan irabazleak ezagutuko dira. Eta tailer interesgarri batzuk egingo dira. Aukera paregabea izango da elkar ezagutzeko, indarkeria sexistaren inguruan elkarrekin hausnartu, eta horri aurre egiteko sareak eraikitzeko!

Bederatzi lan izan dira Ordiziatik aurkeztu direnak eta beldurbarik.org web orrian (lehiaketa) ikusi daitezke.
Urdulizera hurbiltzeko doako autobusak izango dira. Autobusetan eserlekua erreserbatzeko www.beldurbarik.org web orrian dagoen galdesorta bete behar da  azaroaren 22rako.