400 LAGUN BAINO GEHIAGO PARTAIDETZA PROZESUAN

Atez ate 02

Bizilagun komunitateek bi erabaki hartu beharko dituzte: papera eta kartoia edukiontzi indibidualetan edo komunitarioetan bildu; eta kuboak uzteko zintzilikarioak non jarri.

Maiatzaren 6an eta 7an, Ordizian Atez Ateko hondakinen bilketa ezartzeko Sasieta Mankomunitateak prestatutako proposamena herritarrei azaldu ostean, maiatzaren 8an auzokako bilerak hasi ziren hondakinen gaikako bilketa herrira egokitzeko. Orotara 400 lagunek baino gehiagok hartu dute parte orain arteko bileretan. Oso arrakastatsutzat jo ditu datuok Ordiziako Udalak eta herritarrak animatu ditu datozen egunetan egingo diren bileretan ere parte hartzera.

Izan ere, Sasietak proposatzen duen eredua, ez da itxia. Oinarrizko modelo horren arabera, herri-kaxkoan, papera, ontzi arinak, materia organikoak eta errefusa mankomunitateak banatutako kuboetan aterako dira. Beira, etxeko olioa, pilak eta arropa berriz, orain arte bezala jasoko dira. Eta azkenik, hondakin kopuru handiak sortzen dituztenei konponbide pertsonalizatuak eskainiko zaizkie.

Esan bezala, ordea, modelo hori ez da itxia eta egunotan aurrera eramaten ari diren parte-hartze bileretan hainbat erabaki har daitezke. Auzokako bileren helburua da talde dinamiken bitartez hainbat gairen inguruan eztabaidatzea: egutegia, ordutegia eta maiztasuna, Garbigunea, papera eta kartoia banaka edo komunitateka jaso, edukiontziak lurrean edo zintzilik, tasak, auzokonposta eta hobariak, neurri zuzentzaileak, bolumen handiak, kasko historikoa, egoera bereziak (jaiak, gabonak, azoka...) eta kaleko zakarrontziak.

Bizilagun komunitate bakoitzak papera eta kartoia nola bildu, eta zintzilikarioak non jarri erabaki beharko du

Papera eta kartoia biltzeko bi modu daude: batetik, ontzi arinak bezala kubo indibidualen bidez, eta bestetik, komunitate edukiontzi bidez. Berau beti blokearen barruan egongo litzateke.

Kuboak uzteko zintzilikarioen kokapena ere bizilagun komunitate bakoitzak erabaki dezake, edonola ere, Udalak dagoeneko etxebizitza bakoitzerako proposamen bat prestatu du eta proposamen hori bidaliko zaie Ordiziako bizilagun guztiei. Kokapen horiek ez dira behin-betikoak eta atez ateko informazio bulegoan Edukiontzien Kokapena Aldatzeko Inprimakia entregatuz, beste proposamen bat egiteko aukera dago. Erabakia jakinarazteko, inprimakiak Udalean jarriko den Atez Atekoaren informazio bulegora eramateko eskatzen da.

Bizilagunek gutuna jasotzen duten momentutik, bi aste izango dituzte proposamenak egiteko eta ez bada proposamenik jaso, bizilagunek Udalak egindako proposamena onartzen dutela ulertuko da.

Informazio bulegoa

Datorren asteazkenean, maiatzaren 15ean, Atez Atekoaren informazio bulegoa jarriko da martxan. Udaletxean egongo da kokatuta eta asteko bi egunetan irekiko da: asteazkenetan, 9:30-13:30 eta 17:00-19:00 artean, eta ostiraletan, 11:30-13:30 eta 17:00-19:00 artean. Bertan egongo da Leire Garmendia Udaleko ingurumen teknikaria ordiziarren kezkak eta zalantzak argitzeko. Bestalde, herritarren eskura jarri dira 608 675 791 telefonoa eta Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikoa ere.