UDALAK IRUZKIN BUZOIA ZABALDUKO DU 2019KO KONTUAK HERRITARREN EKARPENEKIN EGITEKO

Herritarrek lehentasunak adierazteko aukera izango dute postontzietan banatuko den orriaren bidez, udal web gunean edota udal kontseiluetan

Ordizia hobetzeko herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko parte-hartze prozesua datorren astelehenean jarriko da martxan. Jose Miguel Santamaria alkateak, Ogasuneko eta Euskarako Josi Iturrioz zinegotziak eta Iñaki Dubreuil, Gizarte Ongizateko zinegotziak prozesuaren berri eman dute, 2019ko kontuetan ‘Denon Artean’ parte hartzera animatuz. Udal teknikariek jasotako ekarpenen azterketa teknikoa eta ekonomikoa egingo dute gero. Segidan, analisia herritarrei ezagutzera emango zaie eta denen artean erabakiko dira zein proiektu lehenetsi behar diren 2019ko kontuetan sartzeko.

Ostiral honetan hasiko da Ordiziako etxebizitzetan utziko den diptikoaren banaketa. Dokumentu xumea da, erraz bete daitekeena. Bete ondoren entregatu egin behar da, jasotzeko hainbat tokietan jarriko den kutxan sartuz. Kutxak Majori kiroldegian, Zuhaizti zentroan, Barrena kultur etxean, Arreta Bulegoan eta Udaltzaingoaren bulegoan jarriko dira urriaren 29tik azaroaren 12ra bitarte. Diptikoak puntu horietan ere eskura egongo dira. Galdeketa bera internet bidez bete ahalko da, www.ordizia.eus atarian jarriko den bannerrean sartuta.

Gainera, aholku batzordetan eta mahaietan gaia lantzen ari dira. Hau da, Gizarte Ongizatea, Kultura, Kirola, Euskara, Berdintasuna batzordetan; Merkataritza-Azoka, Mugikortasun eta Hondakin mahaietan eta Osasun lan taldean parte hartzen dutenen ikuspuntua jasoko da helburu berdinarekin.

2018ko inbertsioak martxan jartzen

Aurtengo aurrekontuei dagokionez, alkateak eta zinegotziek aurreikusitako inbertsioak egiteko udal gobernuaren konpromisoa nabarmendu nahi dute, dauden zailtasunen gainetik. Izan ere, ‘urte honetako aurrekontuaren behin betiko onarpena abuztuaren 8koa da. Ekainean gehiengoa duen oposizioak bere aurrekontu-proposamena onartu zuen Osoko bilkuran egunean ezagutu genituen emendakinekin. Abstenitu egin ginen, zuhurtasunez. Gero jakin genuen, alde batetik, teknikoki egonkortasun printzipio ez zutela betetzen eta, bestetik, ez zirela bideragarriak. Adibidez, ukitu ezin diren partida batzuk kendu edo murriztea planteatzen zutelako (aseguruak, adibidez); edo nahiko kreditu ez zutelako inbertsioak finantzatzea proposatzen zutelako (Majoriko proiektua).

Bestalde, 2018ko aurrekontuen kudeaketa berezia da, kapital sarreren artean bi berrikuntza daudelako. ‘Hotela egiteko Filipinak kaleko partzelaren salmenta, itxi duguna; eta Lukusaineko garajeen  kontzesioaren berreskuratzea. Hau ere lortu dugu eta laster jarriko ditugu salgai’.

Uztailean Osoko bilkura egin zen oposizioak onartutako aurrekontuen akatsak zuzentzeko, eta behin betiko onespena abuztuaren 8koa da. ‘Honek esan nahi du lau hilabete ditugula onartutako inbertsioak exekutatzeko. Hiru hilabete eta erdi, kontutan hartzen badugu Udalean

Euskal jaiak amaitu arte lan dinamika ez dela normaltasunez hasten’, azpimarratu du Santamariak. Une honetan indarrak inbertsioak aurrera ateratzeko daude. Hauek, nagusiki: Majori kiroldegiko berrikuntza; Okorrobidea eta Gernikako Arbolaren arten dagoen zatiaren urbanizazioa, eta bi apustu estrategiko: OrdiziaLab eta KulturLab. ‘Lehenengoak Ordiziaren eraldaketa ekonomikoa du helburu azoka erdigunean hartuta. Azokaren, merkataritzaren, turismoaren sustapen ekonomiako landuko ditu. Azokaren batzordean aurkeztu da eta bileran martxan jartzen ari gara. Laster eman dugu gai honen berri’. KulturLab proiektua urriaren 9an eman zen ezagutzera. Udal ekipamenduen (Herri Antzokia eta Barrena kultur etxea erabilera eta kultur arloko estrategia plana  definituko ditu. Proiektu hauek denak udal gobernuak aurreikusita zituen.

‘Oposizioak inbertsioen kapituluan hainbat proiektuen erredakzioa planteatzen du, jakinda epe labur edo ertainean burutzea oso zaila dela. Adibidez, Buztuntza auzoaren urbanizazioa, bere osotasunean. Gure planteamendua faseka egitea da, Altamiran bezalaxe, bideragarriagoa eta errazagoa delako. Majori kiroldegia berritzeko bigarren fasea erredaktatzea planteatzen dute, lehenengoa exekutatzen hastear gaudenean. Eta honi eragozpenak jarri besterik egin ez dute egin. Estrategia argi dago: ikus daitezkeen proiektuak exekutatzen ez uztea’, agertu dute udal ordezkariek.

Amaitzeko, legealdi honetan egiten ari diren parte-hartze kanpainen helburua herritarrei entzutea eta pertsonengatik gertu egotea dela gogoratu dute ‘ahal dugun neurrian jasotako ekarpenak burutzez saiatuz’.