GOBERNU TALDEAK ORAIN ARTE EGINDAKO AHALEGINAREN BERRI EMAN ETA AKORDIOA BERRETSI DU

Azken hiru urteetan zailtasunek eragindako desadostasunak gainditu dituztela nabarmendu dute agintariek

Legealdia bukatzeko urtebetera, Ordiziako gobernu taldea osatzen duten alderdiek, EAJ/PNV eta PSE-EEk, udal agintean egin dituzten azken hiru urteen balantzea egin dute. Orain arte bizi izandakoa ‘oso bizia’ eta ‘zaila’ izan dela esan dute, baina bien arteko akordioa ‘Ordiziarentzat positiboa eta onuragarria’ dela diote. Horregatik euren akordio konpromisoa berretsi dute legealdia bukatu arte.

Jose Miguel Santamaria eta Iñaki Dubreuilek, bi alderdien bozeramaleek, ‘desadostasunak bizi, sufritu eta gainditu’ dituztela onartu dute. Egoerari aurre egin diote Ordiziarentzat eta ordiziarrentzat akordioa ‘ona’ delakoan. Legealdia definitzerakoan, ‘zaila’ izaten ari dela esan dute, hilabeteak ‘ezinean’ igaroz oposizioak ‘aurrekontuak urte batean ez dituenean onartzen berak nahi duena egiten ez delako, eta hurrengoan onartzen dituenean nahiz eta berak nahi duena ez egin’.

Hala eta guztiz, hobekuntzak egin dira eta egiten ari dira, ‘begi-bistan daudenak batzuk edo etorkizunean ikusiko direnak beste hainbat’, adierazi dute. Eta euren arteko akordioa berretsi dute, proiektu ugari barneratzen dituzten hamar ardatzen inguruan: parte-hartzea, gizarte zerbitzuak, gaztedia, enplegua, osasuna, hirigintza-etxebizitzak-zerbitzuak, mugikortasuna, kultura, kirola eta ingurumena.

Betetako konpromisoak

Nahiz eta egoerak lagundu ez, Santamariak eta Dubreuilek kudeaketa ‘positiboaren’ emaitzak nabarmendu dituzte, legealdia hasterakoan hartutako konpromiso asko ‘bete’ egin dituztelako eta hori ‘oso atsegina’ delako.

Herritarren parte-hartzeari emandako bultzada nabarmendu nahi izan dute. ‘Lehenengo herri-kontsulta bideratu genuen Bilduk aurreko legealdian inposatutako ‘atez atekoa’ aldatzeko eta parte-hartze prozesuak abian jarri dira hondakinen, kirola eta mugikortasun mahaiekin, osasun taldearekin, aurrekontu parte-hartzaileekin, galdeketa eta abarrekin’.

‘Azkar pasatu dira hiru urteok erritmo bizian ari garelako’, adierazi dute. Legealdia ‘proiektuz beteriko zerrendarekin’ ekin zuten. Horietako asko ‘errealitate’ bilakatu dira eta ‘herritar askok egindako esfortzu garrantzitsua balioan jartzen duela jakiteak lasaitu egiten gaitu’, esan dute.

Hirigintza arloan esfortzu handia egiten ari dira. Horren adibideen artean, Antolamendu Plan Orokorraren aurrerakinari emandako bultzada, Altamira eta San Bartolome auzoetan egindako urbanizazio lanak, irisgarritasun hobekuntzak eta Floreagan alokairuan jartzeko etxebizitzak eraikitzeko egindako kudeaketa, gaztetxea izandako lursaila balioan jarri izana, laster martxan jarriko den tren geltokiaren inguruko obra, Buztuntzan eta Euskal Pilotan jarritako pantaila akustikoak, eta abar.

Gizarte Zerbitzuetako I Plan Estrategikoaren garrantzia nabarmendu dute, ‘arreta zerbitzu ugari hobetzeko gakoa dena’; enplegua bultzatzeko martxan jarritako bi planak eta hauen baitan dauden Ekimena egitasmoa, Goierriko ikastaroak eta orain abian jartzen ari den enplegu publikoaren eskaintza; Adikzioen Prebentziorako I plana; desfibrilagailu gehiago jarri izana; Ordizia Lagunkoiaren bultzada, Goazen Ordizia eta Katxalinen bulego berria osasun arloan; Baratza parkea, Oianguko Natur eskola, energia efizientzi plana eta txakur parkea, beste batzuen artean, ingurumen eta zerbitzuen arloetan.

Santamariak eta Dubreuilek kirol azpiegiturak hobetzeko egiten ari den esfortzua ere nabarmendu dute. Uda honetan Altamirako bigarren zelaian belardi artifiziala berrituko da, Majori-Txindoki etxebizitzen inguruan kirol eta jolas parke berria jarri da eta kiroldegia berritzeko proiektu garrantzitsua prestatu da.

Amaitzeko, gaztedi planari buruz mintzatu dira. ‘Prozesu horretan murgilduta gaude oraintxe bertan, diagnosi batetik abiatuta gaztediaren arloko ekintzak partaidetzatik definitzeko. Planak garatu beharreko proiektuak eta akzioak jasoko ditu’. Izan ere, ‘gazteak ere gure kezken ardian daude’, amaitu dute.

*argazkian, Josi Iturrioz, Iñaki Dubreuil, Jose Miguel Santamaria, Arantxa Fernandez, Bittor Bolinaga eta Joseba Aranburu, udal gobernuko kideak.