ORDIZIAK BI NORANZKOEN ALDE EGIN DU ARGI ETA GARBI

Gehiengoak esandakoaren baitan berrantolatuko da San Bartolomeko trafikoa

San Bartolome auzoa eta Goierri kalearen arteko zirkulazioa berrantolatzeko egindako galdeketan bi noranzkoan mantentzearen alde agertu dira iritzia eman duten herritar gehienak. Ordizia Udalak aurreko astean burutu zuen parte-hartze prozesua gai honen inguruan ordiziarren iritzia ezagutzeko. Honetarako triptiko bat bidali zen herriko postontzietara eta internet bidez erantzuteko bidea zabaldu zen. Guztira 403 erantzun jaso dira. Hauetatik 320 bi noranzkoen alde izan dira, 74-ek noranzko bakarra nahiago izan dute eta gainontzekoak  -bederatzi- nuloak edo zuriak izan dira.

Beraz, auzoa berritzeko amaitzear dagoen obra herritarrek eskatutakoaren baitan  berrantolatuko da. Hau da, orain ere herrira sartu eta irteteko San Bartolomeko sarbidea erabili ahalko dute ibilgailuek. Hori bai, kontutan izanda N-1 errepidetik sartzean merkatal gune paretik zabaldu den bide berritik hartu beharko dela, hortik aparkalekura atera eta herrira sartu. Horrela auzoko kale nagusian noranzko bakarra ezarriko da, irteerakoa. Helburua da oso ugariak diren oinezkoak eta bizilagunak lasaiago eta seguruago ibiltzea, eta herri atseginagoa egitea.

Udalak urtean zehar iritziak jasotzeko galdeketa gehiago egiteko asmoa du.