ORDIZIA HOBETZEKO HERRITARREK PARTEHARTZEA ESKATU DU UDAL GOBERNUAK

2018ko inbertsioak eta ekimenak bideratzeko  ekarpenak jasotzeko prozesua martxan da berriz

Ordiziako Udalak partaidetza prozesua burutuko du 2018ko udal aurrekontuen zirriborro-proposamena prestatzeko.  Herritarren parte-hartzea bermatzeko ahaleginean eskatu du ekimen eta inbertsioei dagokien zatia non eta nola gastatu erabakitzen laguntzeko.  Era berean, kultura, gizarte ongizatea, euskara, berdintasuna, kirola eta arlo desberdinetan egoera eta beharrak zeintzuk diren hausnartzeko baliokoa izatea nahi dute udal arduradunek. Honetarako ekarpenen bat luzatu nahi  dutenen ikuspuntu desberdinak ongietorriak izango dira.

Jose Miguel Santamaria alkateak prentsa aurrean azaldu du prozesua Jose Ignacio Iturrioz, Arantxa Fernandez eta Iñaki Dubreuil zinegotziekin batera.

Alkateak aitortu duenez ‘errealitatea da 2017ko kontuak ez daudela onartuta eta, lehenengo aldiz, Udalak luzatutako aurrekontuekin egin du aurten aurrera. Honek esan nahi du 2016ko diru kopuru berdina dagoela gastu arruntak ordaintzeko’.

Udal taldearen esanetan, egoera honetan harrigarria izan daiteke prozesua martxan jartzea, baina nahiz eta luzatutako aurrekontuekin aritu, iaz herritarrengandik jasotako proposamenak kontutan hartu dira gobernuaren jarduna antolatzerakoan eta inbertsioak garatzerakoan. Inbertsio horiek urtean zehar lau Osoko bilkuretan onartu dira.

Aurten kanpaina datozen egunetan egingo diren hainbat bilera informatiboekin hasiko da. Aurrekontuen inguruan informazioa eskaini eta bertaratzen diren ordiziarrek esateko dutena entzun eta, elkarrekin, hausnarketa gunea konpartitzeko izango dira. Lehenengo bilera elkarteek eta, oro har, herritarrei zuzenduta, hilaren 6an, astelehena, udaletxeko batzar aretoan izango da. Bigarren hitzordua, jubilatuekin, Zuhaitzi zentroan asteartean hilaren 7an egingo da eta hirugarrena gazteekin, hilaren 9an udaletxean. Hirurak 19:00etan hasiko dira.

Ordizia hobetzeko proposamena

Honez gain, bide desberdinak egongo dira ordiziarrek euren ekarpenak bideratzeko, bileraren batean parte hartu ala ez.

Hala, diptiko bat banatuko da etxez etxe datozen egunetan. Orri honetan espazio bat egongo da, herritarrek  Ordizia hobetzeko euren iritzia modu errazean eman dezaten. Dokumentu hau buzoietan ez ezik, hurrengo egunetan hiru gunetan jarriko diren mahaietan jaso ahalko dira. Mahai horietan udal arduradunak ere egongo dira. Hilaren 8an, asteazkenean, plaza Nagusian 10:30etik 13:30era; 10ean, ostiralean, Eroski merkatal gunean 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era eta Majori kiroldegian hilaren 13an, astelehenean, 16:30etik 19:30era.

Mahaietara hurbiltzerik ez duenak, gaurtik hilaren 20ra bere iruzkina edo iruzkinak internet bidez luzatzeko aukera izango du horretarako www.ordizia.eusudal atarian jarriko den gunean. Era berean, kutxa bana jarriko da hilaren 7tik 20ra Zuhaizti zentroan, Majorik kiroldegian, Udaltzaingoan eta udal arreta bulegoan.

Ekarpen guztiak jaso ondoren, udal teknikariek horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dituzte. Analisi honekin txosten bat egin eta herritarrei ezagutzera emango da.

 

Jose Miguel Santamaria alkateak eta prentsa aurrean prozesua ezagutzera emateko berarekin egon diren zinegotziek gogoratu nahi dutenez, legealdi honetan herritarrei entzutea eta gertu egotea premiazkoa da.