GOBERNUAK ORDIZIA HOBETZEKO DEDIKAZIOZ ETA ILUSIOZ LAN EGITEN JARRAITZEKO KONPROMISOA BERRETSI DU

Gutxiengoan gobernatzeagatik zailtasunak izan arren, proiektu estrategiko asko burutzea edo bultzatzea lortu du udal gobernuak

Ordiziako udal gobernuak (EAJ-PNV/PSE-EE) legealdiaren lehenengo erdiaren balantzea egin du.  Jose Miguel Santamaria alkateak taldearen izenean Ordizia hobetzeko lanean duten konpromisoa eta ilusioa azpimarratu ditu, nahiz eta gutxiengoan gobernatzea zaila izan.  Udal ordezkariek egindako aurrerapenak zerrendatu dituzte eta datorren hilabeteetan zehar martxan jarriko dituzten lanak aipatu dituzte.

 

PARTAIDETZA

Legealdi erdia egin duen agintaldi honen  lehenengo erronka herritarren agindu bat betetzea izan zen, gogoratu du alkateak. Aurreko legealdian zehar tentsio eta atsekabe handia sortu zuen gaia izan zen:  Ordiziarrei galdetzea Ordiziarako zein hondakin bilketa sistema nahi zuten.  Udalak kontsulta prozesua jarri zuen martxan gaur egun ere indarrean dagoen Hondakinen Mahaiaren bidez. ‘Herritarrei kontsulta egin genien, herritarrok aukeratu genuen eta Udalak hautaketa errealitate bihurtu zuen’, esan du. 

Formula ugari erabili dira bi urteotan herritarrak aktiboki entzuteko.  Adibidez, auzoetako beharrak ezagutzeko kalera atera, proposamenak aztertu eta aurrekontuetan islatzeko saiakera egiten da. Horrekin batera,  boluntarioen partaidetza sustatu da; eragile, elkarte, kirol elkarte interesdunei Ordizia definitzeko ahotsa eman zaie gizarte zerbitzuez, osasunaz, berdintasunaz, kulturaz, kirolaz, eta mugikortasunaz galdetzeko; inkesten bidez galderak egin zaizkie eta egingo zaizkie ordiziarrei, entzuteko partaidetza bideak irekiz. 

 

PLAN OROKORRA ETA HIRIGINTZA

Bigarren erronka estrategikoari ere heldu zaio, hau da, hirigintza proiektu garrantzitsuak bideratzeari.  Horretarako ‘Plan Orokorrari bultzada emanez hasi gara, dokumentu honek hirigintza antolamendu osoa zehazten baitu’, azaldu du Santamariak.  Legealdi hasieran Garbigunearen jarduera eta obra erregularizatzeko lana hasi zuten eta baita Upabialdea eta CAFekoa, egiteke baitzegoen.  

Gobernu talde honek Plan Orokorra berrartu du.  Planaren aurrerapena 2016tik prest dago eta irailean partaidetza eta informazio prozesu bat jarriko da martxan herritarren ekarpenak jasotzeko.

Era berean, azkeneko bi urteetan hobekuntza-lan ugari egin dira auzo eta kaleetan Ordizia ‘atsegin, jasangarri eta irisgarri’ bat egiteko.  ‘Azken 150 urteetan Ordizian egin den hirigintza-erronka handiena errealitate bilakatzeko lanean ari gara: San Bartolomen trenaren trazadura desbideratzeko proiektua idaztea’ gaineratu du Santamariak.  Bitartean, epe laburragoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin auzo horretako antolamenduan hobekuntzak egingo dira.  Gainera, Adifekin tren-geltokian irisgarritasuna hobetzeko proiektu bat kudeatu du Udalak.  Horrez gain, alkateak aurreratu duenez, ‘Eusko Jaurlaritzarekin proposamen bat adosten ari gara, alokairuzko etxebizitzen ingurukoa’.    

 

GIZARTE ZERBITZUETAKO PLAN ESTRATEGIKOA

Iñaki Dubreuil zinegotzia Gizarte Zerbitzuen inguruan aritu da. Eremu sozialean, ‘udal gizarte zerbitzuen sistema hobetu nahi dugu araudira, ordiziarren beharretara eta kantitate eta kalitate eredu hoberenetara egokituz’, esan du.  Horretarako Gizarte Zerbitzuen Udal Plan Estrategikoa egin da azken hilabeteotan. Laster aurkeztuko da eta hasi dira lehenengo urratsak ematen etxez etxeko arreta zerbitzuaren diseinu berri bat landuz.

Droga-mendekotasunaren prebentzio lanak berrartu dira eta arlo honetan lan egiteko talde bat martxan dago. Azpimarratzekoa da, Adikzioen I. Udal Prebentzio Plana, duela egun batzuk aurkeztu zena. 2017an lehen urratsak emango dira.

 

GARAPEN EKONOMIKOA ETA ENPLEGUA

Talde honen beste oinarrizko ardatz bat garapen ekonomikoari eta enpleguari dagokiona da.  Enplegua hobetzeko eta lanbide formazioa ekimen berriak jarri dira martxan, besteak beste, EKIMENA proiektua.

Turismo posizionamendua hobetu da azokaren eta bere plan estrategikoaren bidez.  Gainera, Goierriko eskolaren inguruan egongo den oinarri teknologikodun enpresen inkubategi berri bat martxan jartzeko prozesuan parte hartzen du Ordiziako Udalak. ‘Honek enplegu aukera zabalduko du’, amaitu du alkateak. 

 

*Argazkian, gobernuko hainbat kide ezkerretik eskubira: Arantxa Fernández, Iñaki Dubreuil, Jose Miguel Santamaria, Jose Ignacio Iturrioz eta Joseba Aranburu.