ASTEAN EGINDAKO PINTAKETAK GAITZETSI DITU ORDIZIAKO UDALAK

Horrelako ekintzek egungo gizartean lekurik ez dutela adierazi du, herritar ororen arteko elkarbizitza oztopatzen dutelako eta bizikidetza eta bake bidea eraikitzearekin bat ez datozelako

Asteburu honetan Ordiziako kaleetan agertutako pintaketen harira, Udaletik guztiak gaitzetsi dituzte eta adierazi dute horrelako ekintzek ez dutela lekurik egungo gizartean elkarbizitza oztopatzen dutelako.

 “Garai berriek jarrera berriak eskatzen dituzte; pintaketa eta hiri-altzarien aurkako erasoak atzean utzi genituela uste genuen,  baina zoritxarrez, horrelako ekintzekin, aurrera pausoak eman ordez, denboraren makinan sartu eta beste garai batzuetara itzultzen ari garela dirudi. Asteburu honetako ekintza eta jokabideak atzean uzteko garaia dugu elkarbizitza oztopatzen dutelako, eremu publikoan egindako pintaketek herritar guztiengan baitute eragina” adierazi dute udal ordezkariek. 

Hori dela eta, herria guztiona dela gogorarazi du Udalak eta beharrezkoa dela guztionak diren eremu publiko eta pribatuak, hiri-altzariak zein herri ondarea zaintzea eta errespetatzea, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko.

“Jakina da herri batean askotariko iritzi eta pentsamoldeak daudela eta zentzu horretan, elkarbizitza eta bizikidetzarekin batera, errespetuak izan beharko luke ukaezineko oinarri eta printzipioa” adierazi dute udal ordezkariek.

Horren harira, beraz, etorkizunera begira eraiki nahi dugun herri ereduaren inguruan hausnarketa egitera deitu du Udalak eta beste behin errespetua eskatu du guztiona dena zaindu eta babesteko.