KULTUR ERAGILEEK ESKU EMANGO DUTE ‘ORDIZIA ELKARTUZ’

Elkarrekin lan eginda ametsak egi bihurtzea posible dela erakutsi nahi dute

Ordiziako kultur eragileak batu dira ostiral honetan, urriaren 19an, 20:00etan plaza Nagusian ORDIZIA ELKARTUZ ikuskizuna eskaintzeko.  Kultur eragileen arteko elkar ezagutzatik abiatu eta guztien artean adosturako aurrera begirako urratsak jaso nahi dira. Herriaren 750. urteurrena dela eta, ostiralekoa emanaldi berezia eta bakarra da eta honen berri eman dute Jose Miguel Santamaria alkateak eta Izaro Intsausti Amets Bide elkarteko kideak, hainbat taldeetako ordezkariekin batera. Ordu eta laurdean dantza, bertsoa eta musika batuko dituzte eszenatokian. Tartean, Belaño taldeak sortutako  750. urteurrenekoabestia eta bideoklipa entzun/ikusiko da. 

Elkarlan hau urtean zehar kultur eragileek herrira begira egiten duten lanaren eta Kultur eskaintzaren islada da. Horrexegatik, urte berezi honetan, ez da kultur agendan ezer berririk asmatu, ‘egun ditugun ekintzak indartu baizik’, argitu du Intsaustik. Herriko kultura aberastasuna balioan jarri eta ezagutarazi, kultur eragileen arteko sinergia berriak sortu eta etorkizunera begirako herriko kultur baliabide eta eskaintza lantzea dira helburu nagusiak. Baina ez bakarrak, guztien gainetik ‘elkartasunaren’ ideia azpimarratu dute. Ezberdinen artean errespetatzea, aukerak ematea, enpatizatzea, ulertzea… Borondate eta gogoarekin, ‘elkarrekin ametsak egi bihurtzea posible dela transmititzea eta emanaldi hau izan dadila adibide, ELKARTUZ gero, ametsak egi bihurtu daitezkeela frogatzeko’. Honetarako, eskua erabiliko dute emanaldiko oinarri moduan. Trantsizio guztietan eskuz esku lotuta igo eta jaitsiko dira oholtza gainera eta behar diren trantsizioak ere lotura hauetan oinarritutako soka-dantzen bitartez osatuko dituzte.

Herriari oparia

ORDIZIA ELKARTUZ emanaldi berezi hau asteburuan ospatuko den  Ordiziarock-eko jaialdiaren barruan egingo da. Herritar guztientzat ‘gogoangarria’ izateko saiakera berezia egin dute partaideek.  Kultur eragileen artean goxotasun eta mimo guztizherriari eskaini nahi dioten ‘oparia’ da.   ‘Zuek ere gurekin batera ikuskizunean murgildu eta herriko kultur eskaintzan barrena egingo dugun bidean gugana elkartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu’ esan du Intsaustik.

Alkateak ere herritarrei dei egin die ostiralean ikuskizunaz gozatzera hurbiltzeko, urte berezi honetako ekintza berezienetakoa izango dela azpimarratuz. Eta urtean zehar eragileek egiten duten lana eskertu eta goraipatu du, batez ere boluntarioen eguneroko lan ‘isila, eta etorkizunean ere Udala alboan izango dela esan du, horretarako etorkizuneko kultur plana diseinatzeko aurkeztu berri den KULTURLAB proiektua izango dela gogoratuz.

Hauek dira parte hartuko duten taldeak:

Belaño, Ordiziarock, Ordiziako Txistulariak, Barikuan, Larrunarri, Umore Ona, Oroith eta Santa Ana abesbatzak, Urrup Antzerki Taldea, Goierriko Bertso Eskola, Ordiziako Musika Eskola Big Band, Laguntasuna Errondaila, Ortzadar Argazki Taldea, Beti Argi Banda, Burrunbazale Txaranga, Azen Erraldoiak, Ritmo de Luna, Starblues eta Amets Bide Kultur Elkartea.