ORDIZIA, BERE AZTARNEN BILA

San Bartolome ermitan ikerketa arkeologikoa hasi da eraiki aurreko aztarnak bilatzeko

Indusketa lana hastear da Ordiziako  San  Bartolome ermitan. Suhar Arkeologia taldeak egingo du. Osbele (Ordiziako San Bartolome Ermitako Lagunak Elkarteak) lan taldeak bultzatu du proiektua, Ordiziako Udalarekin  750. urteurrenaren programan txertatuz. Lanen berri eman dute Joseba Aranburu ‘Ordizia 750’ urteurreneko zinegotziak, Osbeleko Ignacio Echeberria, Nerea Iraola eta David Cano kideek eta Ander Arrese Suhar Arkeologiako ordezkariak, ermitan bertan, prentsa aurrean.

Osbele  lagun elkartea orain  dela  ia  bi  urte sortu  zen  helburu  batekin: San  Bartolome ermita  egokitzea,  txukuntzea  eta  ‘behar  den  bezala’  jartzea. Joan  zen  urtean  hasi  zen  ermitaren barruko  paretak  eta  sabaia  txukuntzen  eta  margotzen,  sarrerako  atea  lixatu  eta  bernizatzen eta  teilatuko  itoginak kentzen. ‘Laguntza  ekonomikoa  eskatu  genuen  eta  partikularren,  Ordiziako  zenbait  enpresa  eta  Udalaren aldetik  ere  jaso  genituen  ekarpen  batzuk’, esan du Echeverriak.

Taldeko kide  dira  Gure Iragana elkarteko David  Cano eta  Nerea Iraola  historialariak, eta  ermitaren  inguruan indusketa  bat  egitea proposatu  zuten. Euren  ustez, antzinako  garaietan ermita  gaur baino  askoz  handiago  zen. ‘Tradizioak Ordiziako  sormenaren leku izan zela dio eta dokumentazio historikoan  eraikin  oso  garrantzitsua  izan  zela irudikatzen da’, esan dute.

Ordizia, herri bezala, orain  dela  750  urte  sortu  zen  ‘baina  ez  dakigu  noizkoa den  honen asentamendua  eta  urte  haietako  aztarnak seguru asko  ermita  honen  inguruan  daude  kokatuak, hala esaten baitu tradizioak. Kezka  hauek  argitzeko  asmoarekin hasi  dira  indusketako  lanak,  ea  zer  nolako  emaitzak  emango  dituzten’, adierazi dute.

Ermitaren aurreko aztarnen bila

Ander Arresek, Suhar Arkeologiako ordezkariak azaldu duenez, esku-hartze arkeologiko honen helburu nagusia San Bartolome ermitaren aurretik, toki berean existitu ahal izan zen balizko eraikuntza baten aztarnak topatu, azaleratu eta datatzea izango litzateke.

Honetarako lanak bi fase eta eremu desberdinetan egingo dituzte. Lehenengo, tenpluaren barnealdean zein kanpoaldea egingo dira azterketa lanak. ‘Ikerketaren lehen fasean georradar bidezko miaketa bat egingo dugu. Teknika honek lurrazalaren azpian egon daitekeenaren irudi bat izateko aukera emango liguke, nahiz eta ez den beti batek nahi bezain garden eta argigarria izaten’, esan du Arresek. Bigarren fasean indusketa arkeologikoari ekingo diote georradarrak eskainitako informazioaz baliatuz.

Joseba Aranburu zinegotziak Osbeleren bultzada eskertu du. ‘Aspaldiko nahia zen gure historiako zati garrantzitsu honi heltzea, 750 urte hauen aurreko historiari, hain zuzen. Aurten gogoratzen ari garen urtemuga aukera paregabea izan da gure nahi hori gauzatzeko, eta Osbelek hasitako lanari jarraipena emateko’, esan du.

Beraz, ekimena Ordizia 750.urteurrenaren programan txertatu da. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundira aurkeztu zen, 4.400 euroko diru-laguntza jasoz. Kostu osoa 9.375 eurokoa da.

HELBURUAK

Barnekaldean

- Tenpluaren eraikuntza faseen hurrenkera dokumentatzea.                                                              

- 2012an egindako esku-hartzeari esker identifikaturiko hurrenkera estratigrafikoaren interpretazioa berrestea. 

- 1512ko elizari zegozkion arrasto gehiago dokumentatzea.                                                                        

- Orubearen bilakaera eta, ahal izango balitz, Erdi Aroko tenpluaren lerrotzea ezagutzea.

Kanpokaldean

- Egungo eraikuntzaren kanpokaldean erdi aroko tenpluaren egiturak aurkitzea eta definitzea.

- Necropolia aurkitzea.                                                                                                                                 

- Tenpluaren inguruan aurki ahal izango liratekeen egituren edo aztarnen arrastoak topatzea (zanga, postezulo, pareta, fosa, material metaketak, etab.)

METODOLOGIA

- Elizaren barnealdea, oinetatik hasita 8m luzerako eta 1,5mko zabalerako zanga irekiko da. Horretarako lurreko harlosak kenduko dira, era ordenatuan, amaitzean bere lekuan jartzeko.

- Zundaketa burutuko da zanga horretan, 2012an identifikatutako betelanen azpian aurreko aztarnarik ba ote den jakiteko.

- Lan arkeologikoak amaitzean berriz ere estali egingo da, induskatutako lurrak eta erauzitako lurreko harriak bere lekura bueltatuz.

- Georadar bidezko azterketa bat  egingo da tenpluaren  kanpo aldean aurretiko egituren  aztarnak identifikatzeko.

- Azterketa geofisikoen emaitzen  argitara, interesgarri suerta  daitezkeen tokietan zundaketak  egingo lirateke aztarnak  konfirmatu eta estratigrafikoki dokumentatuz.

- Eginiko zundaketak amaitzean ateratako lur berak  estaliko lirateke, aztarnak geotextilaz estali ondoren.

- C-14 bidezko datazio bidez egitura edo aztarnen kronologia zehazteko moduko materialik topatu ezkero laginketa bat egingo da ondeoren laborategira bidali ahal izateko.

- Erregistro estratigrafikoa Harris-en sistema erabiliz egingo litzateke, Unitate Estratigrafikoak identifikatu eta definituz.

- Aurkituriko materialak, behar bezala garbitu, siglatu, inbentariatu eta Gordailu zentroan entregatuko dira.