TXERTAKETARI BURUZKO MITOAK ETA EGITATEAK ROSA Mª SANCHOREKIN

Txertoa ez jartzeak dituen arriskuez eta informazioa jasotzeaz eta osasunaren arloko adituei galdetzeaz jardungo da

Ordiziaren 750. urteurrena dela-eta, aurrera jarraitzen du osasunari buruzko hitzaldi-zikloak.Hurrengo hitzordua maiatzaren 3a, osteguna, izango da, 18:30ean, Barrenan.Rosa Mª Sancho Martinez, Nafarroako Unibertsitatean diplomaduna eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan txertoetan adituak gai eztabaidatua, zalantzarik gabe, jarriko du mahai gainean:'txertoa jarri, bai ala ez? Zientzia ala arduragabetasuna.Txertaketari buruzko mitoak eta egitatea'.

Txertoak, aro modernoan, osasun publikoaren lorpen garrantzitsuenetako baten modura hartu dira, eta zenbait gaixotasun kontrolatzeko tresnarik eraginkorrenetako bat dira.Bizitza-baldintza hobeagoekin, antibiotikoen sorrerarekin, desinfekzio-neurriekin, desintsektazioarekin eta arratoiak hiltzearekin batera, besteak beste, txertoek epidemiologia-patroia aldatzen lagundu dute herrialde garatuetan izan daitezkeen gaixotasunei dagokienez.

Nolanahi ere, orain guraso batzuek beren buruari galdetzen diote haien ahurrei txertoa jarri behar dioten ala ez. Sanchoren iritziz, "lotura zuzena dauka horrek arriskua ez ikustearekin; izan ere, gure ingurunetik desagertu egin dira garai batean gaixotasun, heriotza eta ondorio txar asko eragiten zituzten gaixotasunak". Aldi berean, eta sare sozialek ematen duten erraztasunarekin, 'erraz zabaltzen dira oinarri zientifikorik ez duten eta herritarren artean zalantza sortzen duten gezur eta mezu okerrak'.

Txertaketaren lorpenak

Adituaren iritziz, nahitaezkoa da txertaketarekin jarraitzea hainbat gaixotasun (poliomielitisa, elgorria eta errubeola, kasurako) desagerrarazteko, txertaketa alde batera utziz gero, arriskua baitago gaixotasun horiek berriro agertzeko.Horrela, garrantzitsua da, haren esanetan, jendea 'kontziente' izatea zenbateko garrantzia duen txertatzen jarraitzeak gaixotasun horiek eta beste batzuk kontrolpean edukiko baditugu. 'Gaixotasun bat mundu osoan desagerrarazten ez den bitartean, ez da posible izango txertaketa alde batera uztea, gaur egun batetik bestera bidaiatzeko erraztasunak eta, hainbat arrazoi tarteko, populazioaren migrazio-mugimenduek horren garatuak ez dauden lekuetan dituzten gaixotasunak zabaltzea errazten baitute'.

Halaber, txertaketak gure ingurunean izan dituen lorpenei buruzko informazio objektiboa nabarmendu beharra dago: 'gaixotasun horiei arreta jartzeari esker, gaixotasun horien bilakaerari buruzko datuak izan ditzakegu'. Sanchoren esanetan, gure ingurunetik hainbat gaixotasun desagertu dira, poliomielitisa (egoera dramatikoak sortu zituen 60ko hamarkadan; hildako ugari eta ondorio larriak), difteria, elgorria, sortzetiko errubeola, eta abar'.

Gipuzkoan, txertaketa-estaldura ona dago, eta oso urri dira beren seme-alabak ez txertatzea erabakitzen duten gurasoak.Sanchoren esanetan, 'erabaki hori hartzen dutenean, aukerarik onena dela pentsatuz hartzen dute; alabaina, guztiz kontrakoa egiten ari dira, informazio okerraren ondorioz, haien seme-alaben osasuna arriskuan jartzen ari baitira.Garrantzitsua da guraso horiei jakinaraztea zenbateko garrantzia duen informazioa jasotzea eta haien osasun-zentroko profesionalei galdetzea, azken ebidentzia zientifikoetan oinarritutako informazio egokia eta objektiboa jasoko baitute'.

Horretaz guztiaz eta gehiagoz hitz egingo digu Rosa Mª Sanchok heldu den ostegunean (maiatzaren 3a), Barrenan, 18:30ean.