"ENIRIO ARALAR BATASUNA" GAIA ORDIZIA 750-HISTORIA HITZALDI ZIKLOAN

Alvaro Aragon irakasleak emango du hitzaldia. Ostirala, 19:00 h. Barrenan

Ostiral honetan, apirilaren 13an, arratsaldeko 7etatik aurrera, Alvaro Aragon (Historian Doktorea, ikerlaria, EHU-ko irakaslea eta Euskal Herriko basogintzaren historian aditua)  historialariak  “Enirio-Aralar batasuna” izenburu duen hitzaldia eskainiko du Barrena Kultur Etxean, "Miguel de Aranburu" Gipuzkoako Historialari Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatutako “Ordizia 750-Historia” solasaldi zikloaren barruan.

Enirio-Aralarreko mendietako basoek ez zuten XVIII. mendera arte ustiapen gogorrik jasango. Ordura arte Batasunetako biztanleek behar zuten egurra soilik ateratzen zuten, ia ustiapen industrialik gabe. XVIII. mendean, aldiz, beheko aldeko hariztiak agortu zirenean, Enirio-Aralarreko pagoak hasi ziren ustiatzen ikatza, itsasontziak edo arma-kajoiak egiteko. Batik bat, inguruko burdinolak izango dira egur hori beharko dutenak. Dena den, XVIII. mendean ere, arraun industria indartsu bat garatu zen, batik bat, Donostian eta, besteak beste, Enirio-Aralarko pagadiak ustiatuko dituzte. Milaka pago arraunak bihurtu, Donostira eraman, eta handik Europa osora esportatu ziren. Al di berean, XVIII. mendean inguruko baserrien kopurua ugaldu egin zen eta hauek eraikitzeko zura behar zen eta bere biztanleek suegurra behar zuten sukaldatzeko edota beroa hartzeko urtean zehar.

                Aldi berean, ordura arte “tokian tokiko” abeltzaintza edo trasterminantzia izan zena, erdi trashumantzia bihurtu zen. Horrela, kostaldeko eta inguruko artaldeak Enirio-Aralar mendietan hasi ziren uda ematen. Aipatutako bi faktoreek –basoaren ustiapenak eta kanpoko artaldeen etorrerak–, batik bat XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran, Enirio-Aralarreko basoaren atzerakada eragin zuten. XIX eta XX. mendeetan zehar deforestazioa areagotu egin zen, bertako mendiei gaur egun ezagutzen dugun itxura eman arte. Artaldeen hedakuntzak larre gehiago eskatu zituen eta hori dela eta ordurarte Enirio-Aralarren iraun zuten zuhaiztiak soildu egin ziren eta larre bihurtu. XVIII. mendera arte abeltzain eta artzain bordak egurrezkoak baziren ere, hemendik aurrera harrizkoak eraikiko dira. Baina abeltzain hauek, geroz eta kopurutsuak zirenak, suegurra behar zuten ere udara partean eta horretarako pagoak mugarratzen hasi ziren.

                XVIII. mendean hiru jarduerek eskatuko zuten pago-egurra eta sutarako egurra: Burdinolek, ontzigintzak eta Errege Arma Fabrikak, batik bat Karakasko Errege Konpainiak 1735etik aurrera bere kargura hartu zuenetik. Ustiapen horren ondorioz, 1784an Enirio-Aralarren 3 milioi zuhaitz aurki zitezkeen: horietatik milioia ustiatzeko prest, milioi erdia gazteak, eta milioi erdia zaharrak.

                Abeltzaintzari dagokionez, Amezketako abereak XVII. mendearen bukaeran hasi ziren Azkoitiraino joaten negua pasatzera eta, nahiz eta XVIII. mendetik saiatu, kostaldeko herrietan ez zuen lortuko 1770. hamarkadara arte. Artaldeen hedakuntza eta larreen eskasia zela eta, XVIII. mendeko bukaeran pixkanaka  1457an Bazka Ordenantzak ezarritako “eguzkitik eguzkira” bazkatzeko muga zabaltzen joan zen, gaur egun esagutzen dugun transhumantziari hasiera emanez. Larratze askatasunaren polemika XIX. mendearen zehar jarraitu zuen eta Gipuzkoako herri bakoitzak jarrera ezberdina hartu zuten; hori bai, lehendabizi aberetalde propioen bazka bermatuta, soberakinak atzerritarrei irekitzen zitzaien; gauza bera gertatu zen Enirio-Aralarreko larreen jabeen artean. Halere, orohar XIX. mendean zehar, mendi horiek Gipuzkoako kostaldeko artaldeen jasotzaileak izan dira aurrerantzean.

                Presio honek, Enirio-Aralar mendilerroko jabeen arteko tirabirak sakondu zituen, batzuek ekonomia askearen bidea jarraitu nahi baitzuten, eta, ondorioz, mankomunitatea apurtzen saiatu ziren eta herri bakoitzari zegokion mendietako zabalera adjudikatzen. Hau da, jabetza lurretik eta hegalduratik bereizi, eta azken honen salmentatik lortutako irabaziak mankomunitatearen partaideen artean banatu beharrean udalerri bakoitzak gorde. Zailtasunak zailtasun, Enirio-Aralar Batasunak jakin izan du bizirauten denboran eta mendeetan zehar gaurdaino.