Ibiltariak eta ibilbidean laguntzeko dei egiten da

Aste Santuko oporraldiaren ondoren ostegun honetatik martxan jarri behzar zen berriz Goazen Ordizia! ekimena. Baina euriak atzerarazi egin du eta hurrengo astean, apirilaren 19an hasiko da. Ibiltari eta laguntzaile gehiago izateko asmoarekin dator ikasturteko azken zati honetan. Izan ere, eguraldiak hobera eginda konpainia onean ibiltzera irteteko gogo gehiago izango da.

Informatzeko edota saioa probatzeko aipaturiko ostegunean 10:15ak aldera Udaletxeko arkupera hurbiltzeko eskatzen da. Mahai bat egongo da informatu ahal izateko. Lehendik ibiltzen direnak irteera 10:30ean abiatuko dela gogoratu behar dute, kartilan zigilua jarri eta taldeak egin ondoren.

Kanpaina bultzatzeko Ordiziako Udaleko Gizarte zerbitzuetako arloak grafikoki eta hitz laburrekin jarduera definitzen duen triptikoa banatuko du aste honetan. Udalak ekimen honetan parte-hartzeak duen onura zabaldu nahi du, batez ere ibilbidea egiten laguntzean. Parte hartzera animatzen da, adin mugarik gabe, paseoan ibiliz eta batez ere, lagunduz.

Ibilbideak Zuhaiztiko tabernan du amaiera, indarrak hartzeko salda edo zukua hartuz. Aste honetatik ostegunero irtengo da, ikasturte honetan uztailaren 5a bitarte.