2014-11-05 mirenetxezarreta'Kapitalismoa eta immigrazioa: begirada sozio-ekonomikoa' hitzaldia Barrena kultur etxean izango da, 18:30ean

Bihar arratsaldean, 18:30ean, Miren Etxezarreta ordiziarrak egingo duen hitzaldiarekin emango zaio bukaera Ordiziako Udaleko Aniztasun eta Migrazio sailak antolatutako 'ZurrumurruEZ!' hitzaldi zikloari. 'Kapitalismoa eta immigrazioa: Begirada sozio-ekonomikoa' hitzaldian, besteak beste, migrazioen azkeneko kausak aztertuko dira, azaletik, migrazioaren garapena eta iraunkortasuna ebaluatu ahal izateko.

Immigrazioa ez da ageri-agerian dauden elementuek sortzen duten fenomenoa, arrazoi sozioekonomiko korapilatsuak daude atzean. Migrazio mugimenduen arrazoiak aztertzeaz gain, herrialde hartzaileetan migrazio prozesuak dituen ondorioak aztertuko ditu Etxezarretak hitzaldian, batez ere, egoera ahuleko giza-taldeen artean. Azkenik, immigrazio gaiaren aurrean izan daitezkeen jarrera pertsonalak nahiz taldekoak behatuko dira.

Miren Etxezarreta Zubizarreta (Ordizia, 1936) mugimendu sozialekin harreman estua duen ekonomialari eta pentsalari ezkertiarra da. 2007az geroztik Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Katedradun emeritua da Ekonomia Aplikatuan, eta gaur egun Kataluniako hiriburua du bizileku.

Etxezarretak dioenez, posible da jendarte juxtuago eta gizatiarrago bat lortzea, baina horretarako ezinbestekoa da eskubide sozialen alde borroka egingo duen gizarte bat antolatzea. "Jendearen burmuinak moldatzeko bitarteko asko dituen gizarte eredu batean bizi gara, zoritxarrez".