Duela bi urte bere aita Mikel Markezekin batera “Azalberritzen” diskoa argitaratu ondotik, Esti Markezek bakarkako bideari ekin dio. “Hitzekin jolasean” izena jarri dio bere bigarren lanari eta ostegun honetan, hilak 15, arratsaldeko 19:30etan Ordiziako Herri Antzokian aurkeztuko du.

Aurten bakarkako ibilbideari ekingo dion arren, Esti Markezek betidanik izan du musikarekin harreman estua. Txikitatik izan du musikarako grina, etxean eta familian orduak ematen zituen kantari, bigarren eta hirugarren ahotsak bilatzen. 2020ko konfinamenduan, etxean igarotako ordu haiek zukutu eta orduan sartu zen sorkuntzaren munduan. Kantuak sortzen hasi zen eta, urte berean, bere aita Mikel Markezekin batera «Azal berritzen» (AutoEkoizpena, 2020) diskoa argitaratu zuen.

Osasun-larrialdiak, diagnosi irudia eta medikuntza nuklear ikasketak burutu ondoren, Estik musika eta osasun-arloko bere egungo lana uztartzen ditu. Abestiak, dira bere sendagaia. Haiekin lotuta eta aldi berean aske sentitzen da. Sentsazio horiek guztiak eta musikarekiko duen maitasuna, noski, islatuko ditu bakarka gidatzen hasi berri den eta indartsu datorren proiektu honetan.

Pandemia garaian Euskal Herrian zehar kontzertuak eskaintzen aritu da, bere aita Mikel Markel, Arkaitz Miner eta Julen Alonso musikariekin batera. Oraingo honetan, taldea eraberrituta dator eta Estirekin batera honako artistak izango dira oholtza gainean; Iker Lauroba gitarran, Dánae Riaño baxuan eta Josu Erviti baterian. Azaroan Aian eskaini zuen bigarren disko honen aurkezpen kontzertua eta probalekuan izandako harreraren ondoren, Ordiziako Herri Antzokikoa izango da egiten duen bigarren plaza.

Sarrerak aurrez Barrena Kultur etxean (09:00-13:00 eta 16:30-20:00) eta egunean bertan, Herri Antzokiko lehiatilan eskuratu daitezke.

Irailetik hasita lau kontzertu ederrez osatutako ziklo honetan punta puntako artistak izan dira Herri Antzokiko oholtzan. Irailean Korrontzi, Urrian Flamenco etxea, Azaroan Peio Ramirez eta Nacho Soto, eta osteguneko kontzertu honekin itxiera emango zaio aurtengo Bizi Musika zikloari.