Ordiziako Majori-Altamira kiroldegi eta Altamira estadiorako argazki lehiaketa jarri du martxan Ordiziako Udalak. “Kirolak indar handia du Ordizian eta asko dira hainbat diziplinatan ibiltzen direnak. Harro gaude dugun kirol kopuru eta kirolarien mailaz. Horregatik argazki lehiaketa martxan jartzea erabaki genuen, kirolariei aukera emanez Majori-Altamirako kirol instalazioetako espazioak apainduz. Beraz, guztiak animatzen ditugu argazki lehiaketa honetan parte hartzeko eta Ordiziako kirol instalazioak modurik onenean apaintzeko”, zehaztu du Jon Ander Caballero, Ordiziako kirol zinegotziak.

Guztira hamar argazki aukeratuko dira eta horiek kiroldegian zein estadioan kokatuko dira.

Oinarriak:

  • Gaia: Ordiziako kirol ekintzak. Bakarrik, eta soilik, Ordiziako kirol ekintzekin lotutako argazkiak onartuko dira lehiaketan. Argazki hauek ez dute pertsonen aurkako edozein eratako errespetu falta erakusten duten jarrerarik aurkeztuko, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidituko dute.
  • Partaidetza: nahi duen orok parte har dezake. Egile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahalko ditu.
  • Argazkiak JPG formatuan aurkeztuko dira, 4000 pixel alde zabalenean eta 254 ppp-ra. Ez dira egilea edo egilearen izen artistikoa identifikatzeko balio duten sinadura eta ur-markadun argazkirik onartuko. Ezta argazkia enmarkatzen duen marko ez ertzik duenik ere.
  • Aurkezteko eguna: argazkiak aurkezteko azken eguna 2022ko abenduaren 2a izango da, 13:00etan.
  • Lanak aurkezteko: Posta elektronikoz Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.  helbidera bidali edo Majori-Altamira kiroldegiko harreran aurkeztu CD, USB edo bestelako euskarri digitalean. Lanak argazkiaren egilea nor den adieraz dezakeen inolako daturik agertu gabe aurkeztuko dira.  Lanarekin batera, testu fitxategi batean hartzailearen datu pertsonalak (izen-abizenak, helbidea, herria, NAN, telefonoa eta helbide elektronikoa) eta NAN dokumentuaren kopia atxikita egon beharko da.
  • Saria: 100 euroko sari bat eta 50 €ko beste 9 sari izango dira.
  • Epaimahaiak sariak edo horietako batzuk eman gabe utzi ahal izango ditu, baldin eta, bere ustez, eskatutako gutxieneko kalitatea lortzen ez badute.     
  • Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Ordiziako Udaleko komunikazio eta parte hartze zinegotzia, Ordiziako Udaleko kirol zinegotzia, Ordiziako Udaleko kirol teknikaria, Ortzadar argazkigintzako ordezkaria eta Majori-Altamira kiroldegiko gerentea.
  • Sarituak izan ez diren fitxategiak lehiaketa ostean ezabatuko dira.
  • Argazkien egileek lehiaketaren antolatzaileei ematen dizkie sarituak izan diren argazkiak erakusteko eta argitaratuak izateko, baita promoziorako zein erakusketarako. Lehiaketaren emaitzak zabaltzeko, irabazle izan direnek beraien lanak komunikabideetan dohain erreproduzitzeko baimena ematen dute, beti ere, egileen izenak azalduz, baita horretarako bere izena argitaratzearena eta bere irudiaren erabilera.

Parte hartu duen lanen egileak onartzen du bera dela egilea eta haien gaineko eskubide guztiak dituela web orri, katalogo zein erakusketan etab. jartzeko baimena emateko. Antolakuntzari eta lehiaketa babesten duten erakundeei hauen eskubidea emango zaie, edozein irudi eskubide aurrean kexa guztietatik salbuetsiz.

  • Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek erabat onartzea dakar berarekin.