Ordiziako eta Beasaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Mugiment Kirol Txartelaren proiektura batu dira. Programa honi esker, bi udalerrietako kiroldegietako bazkide direnek, Ordizia eta Beasaingo kirol instalakuntzak erabiltzeko aukera izango dute kostu gehigarririk gabe. Alegia, Beasaingo bazkideek Majori-Altamira kiroldegiko instalazioetaz gozatzeko aukera izango dute, eta Ordiziakoek Antzizargoaz.

Hain zuzen ere, bi udalerriek erabaki dute proiektu honi esker astean zehar goizez ondoko herriko instalazioetara joateko aukera eskaintzea, goizeko 7:00etatik 16:00etara, eta asteburuetan arratsaldez, 16:00etatik kiroldegia itxi arte. Horiez gain, Mugiment Kirol Txartelaren programari atxikita dauden Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerrietako 115 kiroldegi zerbitzuak ere modu berean erabiltzeko aukera izango da.

Ekimen honen helburua, kirolaren praktika sustatzea da: edonon gaudela ere, bazkideari gainkostu bat suposatu gabe. Hori da bai Beasain eta bai Ordizia ‘Mugiment’ kirol txartela ekimenera atxikitzearen arrazoia. Programa honen barruan aurkitzen diren udalerrietako kirol instalazioak, Mugiment kirol txartela  aktibatuta duten bazkideek erabili ahal izango dituzte.

Beasain eta Ordiziako bazkideentzako eskaintza berri hau urtarrilean jarri da martxan. Zerbitzu berri honen eskaintzaren aurkezpena Ordizian dagoen Goiekiren (Goierriko Garapen Agentzia) egoitzan egin dute Jon Ander Caballero, Ordiziako kirol zinegotziak, Beasaingo alkateak Leire Artolak eta Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Jarduera fisikoaren eta kirolaren zuzendariak. 

“Ordizian kirolak izan duen garrantzia eta indarra nabarmena da. Eta elkarlan honi esker gure bazkideek Antzizargo instalazioetaz gozatzeko aukera izango dute, baina baita Mugiment kirol txartelaren ekimenarekin bat egin duten udalerrietako instalazioez ere. Horrez gain, beste herrietako biztanleek Ordizian ditugun establezimenduez gozatzeko aukera eskainiko diegu; hor ditugu Altamirako atletismo pista berria, eta Majori-Altamira kiroldegian egin diren berrikuntza guztiak, besteak beste, gimnasio berria. Horiez guztiez gozatzeko aukera izango dute”, zehaztu du Jon Ander Caballero, Ordiziako kirol zinegotziak.

Kirol txartel birtuala

Mugiment Kirol Txartela, doako “txartel birtual” bat da, programari atxikitutako beste udalerri baten instalazio eta zerbitzuak erabiltzera baimentzen duen txartela hain zuzen ere. Udalerri bakoitzeko abonatuak beste udaletako kirol instalazioetara sartu ahalko dira, gastu gehigarririk gabe, udal bakoitzak ezarritako erabilgarritasunaren arabera. Txartel birtuala denez, telefono mugikorrerako aplikazioa jaitsi beharko da besterik gabe.

Behin Mugiment Kirol Txartela aplikazioa telefono mugikorrean instalatuta, erregistratu egin behar da erabiltzailea bere datu pertsonalak sartuz eta abonatua den udalerriko instalazioaren izena adieraziz. Honela NAN eta telefono mugikorreko aplikazioa erakutsiz programaren barruan atxikita dauden udalerrietako kirol instalakuntzak erabili ahalko dira. Ekimen honen bidez, baliabide publikoen kudeaketa hobetu nahi da, herritarrei kirol-eskaintza handiagoa eskaintzearekin batera.

Mugiment Kirol txartela, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektu bat da, atxikitako udalerriekin batera. Gaur egun EAEn, Mugiment kirol txartela 115 kirol instalaziotan erabil daiteke, kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne.