Ordiziako Udalak herriko mugikortasunaren aldeko urratsak ematen jarraitzen du. Orain dela hilabete batzuk ezarri zen Lukusin Plazan, Nafarroa eta Filipinak kaleen artean, auto elektrikoak kargatzeko lehen puntua. “Mugikortasuna zein energiaren kontsumoa guretzat oso garrantzitsuak dira, eta horregatik estreinatu dugu karga puntu berri hau. Lehenengoa bada ere, etorkizunean puntu gehiago jartzeko asmoa dugu”, nabarmendu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Ezaugarriei dagokionean, gehienez ere 55KWko potentziadun errekarga puntua izango da, eta bi autok kargatzeko aukera izango dute momento berean. 

“Badira elektrikoaren aldeko hautua egiten dutenak eta pertsona horiek Ordizian autoa kargatzeko aukera izango dutela nabarmendu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Ordutegia izango du puntu honek: hiru orduz gehienez ere, 08:00-20:00. “Auto desberdinek kargatzeko aukera izan dezaten jarri dugu ordu muga hori”, gehitu du.

Auto elektrikoa kargatzeko, kablea autora konektatu behar da, eta ondoren puntu elektrikoan ere kablea jarri. Amaitzerakoan, berriz, kablea autotik atera, eta ondoren karga puntutik atera beharko da.