Ordiziako Udalak, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) barruan, herriko sektore eta esparru guztietan euskararen erabilera bermatu nahi du. “Helburu orokor horren barruan kirol-arloa euskalduntzeak lehentasun osoa du”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Euskararen erabileran eragiteko, kirolak hainbat ezaugarri ditu esparru estrategikotzat jotzeko:

- Kirol-taldea gazteen sozializaziorako eremu funtsezkoenetakoa da. Taldeak indarra du hizkuntzen ohituran eta, aipatutako sozializazio hori euskaraz egiten bada, primerako aukera da gazteen artean euskararen aldeko ohiturak errotzeko.

-Kirola, eskolatik kalera igarotzeko zubia izan daiteke. Kirola da gazte askorentzat eskolatik kanpo euskararekin harremana mantentzeko aukera bakarra.

-Kirolean antolaketa helduen esku egoten da eta protagonistak gazteak izaten dira. Klubetako arduradunek aukera dute kirol-taldea euskarazko erabilerarako gune babestua izan dadin irizpideak markatzeko eta giroa sortzeko.

-Entrenatzailea erreferente dute gazteek eta erabiltzen duen hizkuntza edo hizkuntzarekiko duen jarrera giltzarria da taldearen euskararen erabileran.

Ordizian azken urteotan elkarrekin egindako lanak erakutsi du kirol elkarteak euskararen erabilera sustatzen egindako ekarpena eta ahalegina handia izan dela. “Elkarteetan borondatezko lan asko egiten duzue eta zenbaitetan baliabide gutxirekin; baliabide horiek ematea eta elkarlanean aritzea lehentasunezkoa izango da Udalarentzat”, gehitu du.

2011.urtean euskararen erabilera sustatzeko hitzarmenak sinatu zirenetik hainbat zeregin egin dira, eta etorkizunera begira ere bide berean jarraitu nahi dela zehaztu du alkateak. Hala, kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko sinatutako hitzarmenak berritu dira honako elkarteekin:

OKE Urpekoak, Goierri Gorri elkartea, Ordiziako Mendizaleak, Nesken Areto Futbola elkartea, Ordiziako Lareo Tenis Kluba, Ordizia Triatloi taldea, Emaneurre elkartea, Oiangu Pilota elkartea, Txindoki Atletismo taldea, Txapagain elkartea, OKE Igeriketa, OKE Saskibaloia, Ordizia Rugby elkartea, OKE Futbola, Ordizia Eskubaloi elkartea, Ordizia Txirrindularitza, OKE Gimnasia Erritmikoa.