Oianguko haritzen hazkuntza lagunduz
Ordiziako Udalak urteak daramatza Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean jarduten Oianguren kudeaketa jasangarriaren alde, hain zuzen ere, 2013. urtean hasi zen lankidetza hau. “Urteak daramatzagu lankidetzan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideekin. Ordutik hona, hamaika lan egin dira parkeko zein herriko biodibertsitatea hobetzeko helburuarekin”, aipatu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.
Hainbat lerrotan lan egin bada ere, nabarmenetako bat Oiangu Parkeko zuhaiztiaren kudeaketa da. “Oianguko zuhaitzek erabiltzaile zein basoari bizitza handia ematen diote”, gaineratu du.
Denboraren joan etorrian, baina, zuhaitzak zahartzen diren heinean, hiltzen joaten dira eta horiek ez dute ordezkapenik izaten. “Balio ekologiko handiko espezieak dira asko, ditugun baso helduen eskasia dela eta, arriskuan dauden hainbat espezieri laguntzen baitie bizirauten, hala nola, arkanbeleari (Lucanus cervus).
Azken bi urteetan Oianguko zuhaitz zaharrak aztertu dira Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Kimu bat enpresaren eskutik. Horren ondorioz, erabiltzaileen arriskua gutxitzeko asmoarekin kimaketa lanak egin dira. Lan hauek ondorioztatu dute, eta hala nabarmentzen dute bai Aranzadik eta baita Kimu Batek ere, Oianguko zuhaitz zaharren biziraupena eta zuhaitz generazio berriak bermatzeko neurriak hartu behar direla, horretarako espezie exotikoak ezabatuz, beste batzuen artean.
Beraz, Oianguko bi eremu aukeratu dira, jendeak erabilera gutxien ematen dion guneetan eta bi espezie exotiko kentzeko lanak egingo dira egun hauetan: haritz amerikarrak eta sasiakazia. Jarraian eremu horien eboluzio naturala bermatzeko itxitura bitartez mugatuko dira. Ondorengo urtetako lana izango da garatuko den landaretza trinkoaren artean geldituko diren zuhaitzak aukeratzea.
Bertakoari onura eginez
Haritz amerikarrak eta sasiakazia kentzeak ondorengo onurak ekarriko ditu, besteak beste: bertako haritz zaharrei lehiakideak kenduko zaizkie eta haien garapen eta biziraupena indartuko dira; argiuneak sortuko dira eta haritz amerikarren ezkurrak erortzea ekidinez, bertako haritz gazteen hazkuntza lagunduko da; haritz gazteen garapenak, etorkizunean hilko diren zuhaitz zaharren ordezkapena bermatuko du eta itxitura sortuz lurra bera ere babestuko da.
Horrek garrantzia handia dauka haritz zaharren biziraupenean, sustrai sistema eskasa eta ahula baitute normalean. Hala, bertako landare espezieak sustatuz, haiekin estuki lotutako tokiko dibertsitatea lagunduko da; intsektu, ugaztun edota hainbat hegazti espezie ugaritzea lortuz. Bertako espeziez osatutako zuhaizti osasuntsuen erresistentzia hobetuko da muturreko fenomeno metereologikoen aurrean, haizete edota lehorteak, adibidez. Gainera, bertako espezieez osatutako zuhaizti osasuntsuek, itzal, hezetasun eta tenperatura egonkorrak mantentzen lagunduko dute.