Deba Harategiak irabazi du XXIV. Gipuzkoako Odolki lehiaketa 183.8 punturekin, bigarren saria Beasaingo Olano Harategiarentzat izan da 178.5 punturekin, eta hirugarren postu Txarri Txiki Harategiak lortu du, 166 punturekin.

Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera antolatu dute ekimena, eta irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jaso du, eta bigarren eta hirugarren sailkatuei diploma eta garaikurra bana eman zaie; laugarren, bosgarren eta sailkatuei diploma, berriz, diploma.

Odolki onena zein den erabaki duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatuta egon da. Aurtengoan, Ordizian izan dira: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Iker Markinez (Kaxola, Beasain), Yuli Aparicio (Bai Bidea Jatetxea, Zumaia- JAKITEA) eta Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain) sukaldariak, Juanma Garmendia (FECOGA); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza), Eli Belauntzaran (Diario Vasco) eta Aitor Buendia (“La Ruta Slow” Radio Euskadi) kazetariak eta Cristina Lirola (Basque Culinary Center).

Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.

Lehiaketa honen bitartez,  betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita gipuzkoar odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere. Lehiaketa martxan dagoen bitartean, Ordiziako Oianguren Ikastetxeko ikasleak odolki pintxoak saldu dituzte eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako helburu batera bideratuko dira.