Ordiziako Udalak 20.365.263 euroko aurrekontua onartu du, eta 5.543.739 euroko inbertsioak aurreikusten dira

Ordiziako Udalak onartu ditu 2024 ekitaldiko aurrekontuak. Abenduaren 21ean egindako osoko bilkuran aurkeztu zen 20.365.263 euroko proposamena, eta EH Bilduren aldeko 7 bozkekin, EAJ (6) eta PSE-EE (1) abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemosen kontrako bi bozkekin onartua izan da.  

“Lan handia egin dugu aurten urtea amaitzerako aurrekontuak onartzeko. Datorren 2024a inbertsio urtea izango dugu. Aurrekontuak 5,5 milioi euro pasatxoko inbertsioak aurreikusten ditugu, eta horien zati handiena NEXT dirulaguntzetako bi lerroetakoak izango dira: Turismo lerroan, 2.499.616 euroko inbertsioak, Oiangu parkeko aterpetxea eta erabilera anitzeko eraikina eraberritzeko, eta baita gaztandegi berria burutzeko ere. Merkatuen lerroan berriz, beste 1.171.605 euro, Plaza Nagusia eraberritzeko, beste hainbat ekimen txikiagoekin batera. Beraz, dirulaguntza lerro hauetatik 3.671.721 euroko inbertsioak aurreikusten dira.

Tximista-San Joan bidegorri lotura ere jasota dago 2024ko aurrekontuetarako, milioi erdiko aurrekontuarekin. Proiektu hau garatzeko Next dirulaguntzen beste lerro bat eskatu da.

Next dirulaguntzetatik haratago inbertsio garrantzitsuenetako bat Urdaneta Eskolaren eraberritzeko lehen fasearena izango da. “700.000 euroko inbertsioa aurreikusten da, eta hortik 360.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarriko dituela”, gehitu du alkateak. Eskolaz gain, Zuhaizti Zentroa egokitzeko bigarren faseko lanak ere garatzea aurreikusten da 2024an. 317.037 euroko aurrekontua izango da, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako 286.000 euroko laguntzari esker bideratuko da.

Horiek ez ezik, ondorengo egitasmoak ere aurreikusten dira: 100.000 euro Ordiziako Parke Sarea egokitzen eta berritzen jarraitzeko, 100.000 euro kale argiteria berritzeko, Altamirako Eskola zaharraren teilatua eraberritzeko 78.650 euro, Majoriko inbertsioak egiteko 70.000 euro, eta auzoetan beste komun bat jartzeko 60.000 euro.

Aurrekontuak izan duen garapena

2023ko aurrekontua luzatua izan da, eta ondorioz ez dago datu zehatzik likidazioa egin arte. Hala ere, “oraintxe indarrean dagoen 2023ko aurrekontua 17.725.000,00 euro ingurukoa da, baina kontutan izan bertan hainbat aldaketa, 2022tik txertatutako zenbait inbertsio, eta urtean zehar soberakinetik finantzatutako aldaketak ere badaudela. Ideia bat egiteko, 2023ko maiatzean proposatu zen, baina azkenean onartu ez zen aurrekontu proiektua 15.444.198,77 eurotakoa izan zen”.

Aurreko urteetara begiratuz, hona hemen aurrekontuak izan duen eboluzioa:

  • 2022: 15.562.379,45 euro.
  • 2021: 13.771.834,90 euro.
  • 2020: 13.993.331,63 euro (COVID19aren ondoren onartu zen 2020/04/15ean murrizketak aplikatuta).
  • 2019an ez zen aurrekonturik onartu, eta aurreko urteko aurrekontuak luzatu ziren.
  • 2018: 14.153.919,21 euro.


Gainontzeko alderdien ekarpenarekin

Aurrekontuen lanketa uztailean hasi zen, sail guztietara 2023ko aurreikuspenak eskatuta, eta irailean bilerak egin ziren sailburuekin bakoitzaren esparruetan egin zituzten aurrekontu proposamenak jaso eta lantzeko.

“Urrirako sail guztietako lanketak burutu ondoren, aurrekontu zirriborroa osatu zen kontu-hartzailetzako teknikariarekin batera, eta era berean, udalaren menpeko erakundeen aurrekontuak aztertu ziren. Aurrekontuak ixteko prozesuan, bereziki garrantzitsua izan da Majoriko aurrekontuaren lanketa. Batez ere, kiroldegiaren kudeaketarako lizitazio berria atera behar delako, eta lizitazio berri horren kalkuluak izan arte ezin izan da Udalaren ekarpena kalkulatu”.

Azaroak 28an udal talde guztiei aurkeztu zitzaien aurrekontu proiektuaren zirriborroa Ondorengo asteetan, udal talde guztiekin egindako bileretan proposamen ezberdinak jaso dira.

“Azpimarratu nahi nuke guztiek erakutsitako prestutasun eta jarrera eraikitzailea, eta ahalegina egin da ahalik eta proposamen gehienak aurrekontuan txertatzeko”, nabarmendu du alkateak. Hala, alkateak “esker ona” adierazi nahi izan die udal talde guztiei “egindako ariketarekin udal aurrekontuak aberasteko egin dituzten ekarpenengatik”.

2024ko aurrekontu proiektuak 2030 Ekintza Planaren 3 esparruetatik (Herritarrak, Lurraldea eta Antolamendua) ezarritakoa 24 helburuei erantzun nahi die, eta jarraian aurreikusten diren gastu proiektu esanguratsuenak jasotzen dira helburu horien baitan.