Santa Ana jaiak eta azokak

Ordiziak, Santa Ana egunean, uztailaren 26an, ospatzen ditu herriko festa nagusiak. Hurrengo egunean Esku-dantza dantzatzen da, "Santaneroen dantza" delakoa, eta bertan herrian urte horretan ezkondu diren bikote ezkonberriek parte hartzen dute. Ordiziako festak oso ezagunak dira, bertan egon ohi den giro bikaina dela eta, eta besteak beste, tanborrada, nazioarteko txirrindulari froga, uztailaren 27an, Koadrilen egunean bizi ohi den giroa, e.a... aipa daitezke.

Irailean Euskal Festak ospatzeaz gain, Nekazal Feria egin ohi da, eta hain ospetsu bilakatu den ardi esnez egindako gazta Lehiaketa antolatzen da.

Bertan biltzen dira Estatuko gastronomo famatuenak, urtean zehar mendietan egun horren zain, beren lana gorde duten 90 artzainak adi-adi begira dituztela. Lehiaketa horri bukaera emateko irabazi duen gaztarekin enkantea egiten da, dirutza izugarriak ordaintzen direlarik gazta horren truke, askotan 500.000 pezetatik gora ere ordaindu izan da.

Image

Abenduan ere Azoka berezi bat ospatzen da, Eguberri ondorengo asteazkenean hain zuzen ere, eta bertan errezil-sagar, fruitu lehor, ardi latxa, kapoi, oilar eta antzaren erakusketak nabarmentzen dira.

Danborrada


Iñaki Hidalgo Ezenarro

Ezin da ukatu, ordiziarren izate eta izaeran gehien sustraiturik dagoen jaialdia da Ordiziako Danborrada. Uztailaren 24ª iristen denean, herriko jaiak ez dira eguerdiko txupinazoarekin hasten, hasiera ofiziala ohiko danborradak ematen dio jaiari. “Tradicional y monumental”, hala azaltzen zen behin eta berriro jaien egitarauetan. Donostiakoaren antzera (hari zor dio izatea), berezko estiloa sortzen jakin du, serio eta Gipuzkoako herritan antolatzen den beste edozeinekin parekatuz gero, diferentea.

Hain dago sustraiturik jai hori ordiziarrengan, non esan daiteke ordiziar bat bizi den tokian, danborrada bat dagoela. Izan ere, Goierriko herritan egiten diren danborrada asko eta asko, ordiziar baten ekimena izan dira, danborrada gauza diferente eta berezi bezala sentitzen duen ordiziar batena, okerrik egin gabe esan daiteke danborrada horiek guztiak Ordizia estilokoak direla.

Ordiziar danborrada noiz hasi den galdezka haste bagara, nahikoa ilun daude gauzak. 1913. urtea jotzen dute hasierako bezala. 1913ko Santiago egunean egin omen zen prozesio bat, Santa Anaren irudi berriarekin eta bertan estreinatu omen ziren trajeak eta 300 suzi baino gehiagorekin egon omen zen. Ez-ohiko ikuskizun hori aipatzen da danborradaren balizko lehen erreferentzia moduan, batek baino gehiagook aipatzen ditu karrozak, konpartsak, heraldoak, morroiak, 1903aren inguruan behar bezala jantzita.

Image

Herriaren ekimenak arrakasta handia izaten dute Ordizian, horretan datza bere nortasun eta izaera sendoa, hain justu. Horregatik, hortik abiatuta, erraza da danborrada antolatzea. Eta gaur eguneko danborradara iristeko lehen urrats horiek 1917-1918 urteetan ditugu, bere burua erabat ordiziarra sentitzen zuen donostiar bati esker. Joaquin Pascual Echeberriaz ari gara, Ordiziako danborradaren muin eta bihotza. Ordiziar askoren oroimenean geratu zen 1922ko danborrada, 400 bat konpartsazalek parte hartu zuen ikuskizun eder hartan. Urtero ez egi arren, 1923, 1926, 1929, 1935 urteetan egin ze. Gerra Zibilaren garaian ez zen antolatu, eta 1941etik aurrera, Esperanza eta Chapel gorri elkarteek bereganatu zuten danborradak egiteko ardura. Ondoren, 1974tik aurrera, Jakintza ikastolak antolatu zituen, eta azkenik, Jesus Mari Lizaren zuzendaritzapean lagun talde bat hasi zen antolatzen, Udalaren laguntzarekin.

Segidako hauek dira Ordiziako Danborradan jotzen direnak:

La 14 (“Irureta” Tolosako ihauterietako 14. partiturari dagokiona).

Asisito, “La del hamaika” izenburuarekin.

Raimundo Sarrieguiren “Retreta” pieza Donostiako Danborradakoa, Ordizian “Las Olas” deitzen zaiona, Iriaren eta Diana.

Eta amaiera gisa, Gurrutxaga maisuaren Ordiziako Martxa, 1947koa; Fermin Serranoren hitzetan: “briosa, elegante y hermosa marcha en la que no se sabe qué admirar más, si el maravillosos trenzado que ejecutan los tambores y barriles en acertados arabescos de sonoridad y conjunto o la majestuosa marcialidad de sus vibrantes notas”.

Patxi Zubizarreta
Uztailaren 24ko Gabon Zaharra

Danborradari buruzko nire oroitzapenak gogora ekartzea erraza bezain atsegina zait. Beharbada ez direlako urte asko jotzeari utzi geniola... Lehendabizi, hilabete inguru igarotzen genuen entseguetara joaten. Santa Ana aldera inguratzen ginen halakoetan, arboledan egonaldi bat egin ondoren edo frontoian saskibaloi partidaren bat ikusi eta gero. Eta garai hartaz batez ere entseguen azken eguna datorkit gogora, izan ere orduan banda etorri eta emozioa handiagotu egiten baitzien.

Laster batean jendetza urduriaren kolore nahasmendu hura lasaitu eta sailkatu egiten zen Larizen eraginez: banda, barrilariak, danbor joleak, karrozak... Eta lehen kantuan jotzeari ekin aurretik, tronpetatxoaren lehen deia entzun aurretik, orduantxe – eta ez abenduaren 31n – sentitzen nuen beste urte bat igaro zela: 24, 25, 26... Baina ez nuen gehiegi pentsatzeko edo sentitzeko betarik izaten, berehala Antxon – aita nahiz semea- bere goilara-sardexka handiari eragiten hasten baitzen.

Eguna iristen zenerako, barrila prest egoten zen – gau batez uretan egona, egurra prest eta txukun pintatua -, jantzi zuriak garbi eta ondo lisatuak, sukaldari txanoa behar bezala almidonatua. Eta gisa hartan jantzirik, lagunak ogitarteko bat jatera joaten ginen aurrena (Miami, Oiangu); gero Bustuntzara jaisten ginen, eta han kafe bat, kopaxka bat bartzen genuen.

Lehen doinuak etxeko balkoian egon ohi zen Gurrutxaga maisuari eskaintzen genizkion. Gero, suge astu baten antzera, gudarien etorbidean gora egiten genuen. Eta ikusleak alde banatan. Eta agurrak. Eta begi keinuak. Eta etengabe Lariz. Eta frai Andres. Eta emozioa, beti bezain berdina, beti bezain desberdina. Harik eta, herria igarotakoan, Malkasko aldean, atseden ttiki bat eta tragoska bat hartzen genuen arte. Han egiten genuen ziabogan bakarrik ikusten genuen danborrada bere osotasunean. Han begiratzen kantinerei.

Danborrada hunkigarriagoa egiten zen – eta da- berriro ere herri-herrira sartu eta makila hotsa kale estuetan biderkatzean, ikusleak ondo-ondoan sentitzean, plaza gero eta hurbilago sumatzean. Eta azkenean plaza: ate guztiak zabalik dituen eszenategi erraldoia, gure historiaren lekuko isila. Eta Idiarena, eta Asisito, eta Las Olas, eta Martxaren ordua uste baino lehen. Eta denok hunkipen berean preso, daudenak eta ez daudenak.

Tronpetaren deia plazan ozenagoa egiten da, oilo ipurdia ateratzen dizu. Denak adi daude, erne baino erneago, eta begiak Ana, Antxon, Iñakirengan jarriak. Iritsia da Martxaren ordua. Adi eta erne, hortaz, eta sentimenduak borborka, eskuetan dardarazioa. Baina musika aurrerago eta norbera lasaiago sentitzen da, eta gogotik jotzen duzu, hunkiturik,.Harik eta, oihartzun urrun baten antzera, berriro ere amaierako tronpeta deia entzuten duzun arte.

Aurtengoa ere igaro dela sentitzen duzu txalo zaparrada entzutean. Nekatua sentitzen zara, baina dagoeneko pozaren pozez daukazu zure barrena. Eta Baaat, Biii, Hiruuu, Laaau, Booost, Seeei, Zaaazpi, kanpora! Haur batek makilatxo bat eman diezaiozula eskatzen dizu. Ez emateko esana dizute, baina haren begiei erreparaturik