Ordiziako azoka: azoka eta zerbait gehiago (Iñaki Murua)

Ordiziako Azoka

I

Patata, porru, leka, letxuga
babarrunak, kalabaza
piper, tomate, azenario
baratxuri eta aza
kiwi, gerezi, sagar, madari
mahats eta mahaspasa
lurrak emanak edertzen digu
asteazkenero plaza.

II

Udaletxeko arkupe dena
betea gazta ederrez
haien ondoan arkumetxoak
ardi amari negarrez
txitak txioka, untxiak mutu
txerrikumeak daldarrez
gu bizitzeko haiek hil behar
sinestea ez da errez!

III

Salmahai atzean muxu gorridun
baserritar bikotea
hirurogeina urte pasata
kosta tente egotea
gorputz sendoa eta zaildua
eskua babaz betea
nekez ari den nekazaria
da baserritar maitea.

IV

Baina bai pozik jaisten direla
asteazkenero kalera,
bati muxua, besteak aupa:
gaur ere etorri zera?
Noski (azoka aitzakia da)
kontu batzuk esatera,
bizitza pixkat gozatu asmoz
lagun zaharrrekin batera!

Amona Agedaren Kontuak

Amona Agedaren kontuak

Gaur egun denek Ordiziako azoka esaten dute, baita nire iloba Kattalinek ere. Txikia izan arren, nere lamiatxoak asko daki. Badaki, esate baterako, azoka hitza arabieratik datorrela, zoco hitzetik nonbait. Zeinek esan, ezta? Nik, berriz, Bilaprankako perie esan izan dut, eta perie hitza latineko feriatik omen dator, eta nik hala esaten jarraituko dut. Bai, nik Ordiziko perie izugarri maite dut. Urteetan joan izan naiz eta oraindik ere joaten naiz ahal dudan guztietan.

Makina bat lan egin behar izan dut aurretik. Baratzean barazkiak landatu —letxugak, azelgak, azak, porruak, patatak—, gero hauek bildu, garbitu… Oiloei eta oilaskoei jana eman, arrautzak kontuz-kontuz jaso… Untxiei ere jana eman eta, eta… Bukaezina! Eta ni bezalaxe hamaika emakume aritu izan da lan eta lan!

Gaur egun autoak dauzkagu, baina garai batean halakorik ez, eta astoa edo behorra majo kargatuta jaisten ginen baserrietatik gure produktuak perian saltzera. Nik Ordiziako plaza estalita ezagutu dut, baina nire ama Joxepak estali gabe ezagutu zuen eta makina bat aldiz erabat bustita eta hotzak akabatzen itzultzen zen baserrira. Inguruko herrietatik ere etortzen zen jendea trenez, saskiak besapean hartuta. Lan asko egin behar izaten genuen, baina hala ere pozik. Kalera jaisteko eta jendarekin kontu batzuk esateko aukera ezin hobea zen guretzat asteazkeneroko perie. Lagunarte ederrean egoten ginen, bai horixe! Gizonezkoak ere bai, noski, baina haiek ganadu, arkume edo txerri artean, edo taberna inguruan!

Mari (Patxi Zubizarreta)

Mari

Aitona Peru artzaina da. Berak esaten du artzain izan denak sekula ez diola uzten artzain izateari, horretan ez dagoela erretiroa hartzerik.

Ni, berriz, kalekumea naiz. Horrexegatik atsegin dut aitona-amonen baserrira joatea, haiei laguntzea, haien istorioak eta kantuak entzutea.

- Hara, hara, badator gure Kattalingorri! —esaten du aitonak ni ikustean.

Kattalingorri esaten dit bai, hau da, amona mantangorri. Baina amonak Lamia esaten dit, edo Nere lamiatxoa. Sobra ere, ahate hankak dituzten emakumeak dira lamiak, emakume eder eta ile horiak. Urrezko orrazia omen daukate eta erreka bazterrean aritzen dira, orraztu eta orraztu.

Aitona Peruk eta amona Agedak gauza gehiago ere kontatzen didate, eta nik ere gaur badut zer kontatua, baina lehenago sekretua gordeko duzuela agindu behar didazue. Bai: Marabara, maraberi, kontakatilu hiztuna bertan hil bedi.

Egun batean, aitona-amonenean asteburu pasa nengoela, ni bakarrik geratu nintzen artaldea zaintzen. Baina baserrira jaisteko orduan, hasi naiz ardiak kontatzen eta bat falta ez zait ba…! Berriz ere kontatu nituen, baina bat falta! Hau komeria! Nire larri hartan, Bixkor txakurra artaldearekin utzi, eta bila hasi nintzen. Azkenean, Murumendi aldean, hara non marraka bat entzun nuen…

Ez dakit, ipuinean bezala, “Beeertan goxo, beeertan goxo” esaten ote zuen, baina hotsa kobazulo batetik ateratzen zen, eta ni hara jaitsi nintzen. Ezkutuka hurbildu nintzen, isilka, eta goru batekin ehuna egiten ari zen emakume eder bat ikusi nuen, ardia oinetan zeukala. Txora-txora eginda geratu nintzen, baina haren esanak are txoratuago utzi ninduen:

- Aizan, honaino etorrita, ez al dun sartu behar?

Eskerrak aitonaren ipuinak ezagutzen nituen, bestela ez bainuen jakingo emakume hura Mari zela, Anboton, Aizkorrin, Murumendin edo Txindokin bizi den Mari jainkosa.

- Nik, zera… Ni, ba… -atera zitzaidan, totelka-. Ardi hori nirea, zera, aitonarena dun -zorionez, ipuinen bitartez banekien Mariri hika zuzendu behar zaiola; bestela bertan harrapatzen zaitu.

- Bazakinat, bazakinat. Tira, hator hona. Halaxe ezagutu nuen Mari, halaxe jakin nuen gaur egun baztertu samar sentitzen dela, ahaztu samar.

- Usurbe mendian antena jarri zutenetik, jendea begiak erre beharrean egoten dun telebistaren aurrean, pantailatik begirik kendu gabe. Eta asko eta asko ez ditun gai ingurumarira begiratzeko ere.

Marik eskutik heldu zidan kanpora joateko, eta nik ardiari heldu nion. Baina ardia eta biok atzeraka irten ginen, bestela ezin baita Marirenetik atera. Eta hango ikusmira benetan aparta iruditu zitzaidan: Aizkorri, Aralar, Ernio eta Ordizia bera ere!! Zoragarria benetan.

Eta harrezkero, aitona-amonei bezala, tarteka Mariri ere egiten diot bisita. Eta haren ahotik Ordiziari buruzko hamaika kontu dakit. Berak ia dena baitaki. Harrezkero Bertangoxo deitzen diot ardiari. Eta ni ere halaxe sentitzen naiz paraje horretan: bertan goxo, bertan ezin goxoago… Baina ez ahaztu, hau guztia sekretua da, sekretu supersekretua: Marabara, maraberi, kontakatilu hiztuna bertan hil bedi.

Pertsonaia ezkutua (Patxi Zubizarreta)

Urdaneta Pertsonaia Ezkutua

Erraz esaten da: orain dela 500 urte baino gehiago jaio nintzen Ordizian, 1508an. Seguru asko egin zidaten estatuari esker ezagutuko nauzue. Hori dela eta, batzuek santu beltza esan izan didate, baina ni ez nintzen ez santu ez beltz, abenturazale eta bidaiari amorratua baizik. Beharbada estatua ere horrexegatik mugituko zuten hainbeste: tren geltokiaren aldamenean, plazan, Zabale pareko bidegurutzean aspaldian…

Haurtzaroa Ordizian igaro nuen. Batzuetan Oria erreka handituta etortzen zen eta gogoan dut azokara etortzen ziren baserritar batzuek, hainbeste ur ikusita, nola pentsatzen zuten itsasoaren aurrean zeudela. Baina nik banekien ibaia zela, eta itsasoraino zihoala, Oriora hain zuzen ere, eta nik egurrezko itsasontzi txikiak egiten nituen urak haraino eraman zitzan. Eta banekien, era berean, tarteka herrian agertzen ziren kaioak eta itsas txoriak handixe etortzen zirela, itsasoa gaiztotuta zegoelako edo han ekaitza zelako. Nik esne zopak botatzen nizkien, eta marinela izango nintzela egiten nuen amets, esploratzailea, nabigatzailea. Egin kontu Elkano getariarrak munduari lehenengo aldiz bira egitea lortu zuenean, nik 13 urte nituela… Baina ezin egurrezko itsasontziak egitearekin etsi. Familia aberatsean jaio nintzen, gure aita Ordiziako alkate ere izan zen, eta kanpora bidali ninduten ikastera: latina, filosofia, gramatika eta, batez ere, matematikak. Serio demonio ikasi nuen eta, azkenean, Indonesiarano joatea lortu nuen, hain zuzen ere Elkanorekin, Espezien Uharteak esaten dieten lekuraino, Moluketaraino.

Nabigatzaile izatea lortu nuen, hortaz. Baina aita ere izan nintzen, han alaba bat izan bainuen. Militarra ere izan nintzen, Portugalen kontrako borroketan, eta azkenean Mexikon fraile sartu nintzen, azteken artean kristautasuna zabaldu nahian. Hala ere, Espainiako erregeak Filipinetarako espedizio batean parte hartzeko eskatu zidan eta hara ere joan nintzen. Itsasbide berri bat asmatu nuen handik Mexikora itzultzeko eta horrek eragin handia izan zuen orduko merkataritzan.

Nire bizialdian gorriak eta beltzak ikusi nituenez, alabak abentura haiek kontatzeko eskatzen zidan, batez ere, ur faltan, itsasoan gure gernua edan behar izan genuenekoa… Azkenean, leher eginda eta nire jaioterria gogoan, Mexikon hil nintzen, itsas bazterrean dagoen Acapulco hirian, 1568an.

Egia esan, orain dela 500 urte, horren baliabide gutxirekin, harrigarria da ikustea munduan zehar zer nolako bidaiak egiteko gauza izan ginen. Eta ni harrituta eta eskertuta nago herritarrok kale bati nire izena eskaini izanagatik, eta, duela gutxi, egin dizkidazuen omenaldiengatik. Agurtu aurretik, nire esker ona filipeneraz adierazi nahi nizueke: Salamat!!!

Marik niri kontatu bezala

Marik kontatu bezala

Duela 500 urte, gaur egun Ordizia izenarekin ezagutzen dugun herria, gertaera izugarri baten kokalekua izan zen. Martxoaren 18a zen, osteguna. Herriko biztanleak eguneroko lanetan zebiltzala, ustekabean kanpaien soinu zaratatsua entzun zen, herritar guztiak estu eta larri jarri zituena. Zer gertatzen ote zen? Bai keak bai erre usainak agudo zabaldu zuten arrazoia: sute beldurgarri batek hartu zuen herria. Eta jendearen oihuak eta garrasiak edonon, animalien zalapartak bazter guztietan…

Hurrengo egunean herriak agertu zuen itxura ikazkin baten txondor ketsuarena zen: dena kiskalita zegoen, pertsona eta animalia asko hilda… Hura zoritxarra eta zorigaiztoa! Egoera larri hartan, Villafranca handik eta hemendik laguntza jasotzen hasi zen, Zumaiako batzarretik esaterako.

 Baina laguntza nagusiena Gaztelako erreginarengandik jaso zuen. Erregina honek Juana izena zuen -Juana la loca ezizenez ezagunagoa- eta nik ez dakit benetan erotuta zegoen ala ez; baina herriari, behinik behin, mesede galanta egin zion: orain dela 500 urte, asteazkenero, merkatu librea -zergarik gabea- egiteko errege baimena eman zion herriari. Ordiziako azoka bazter guztietan egin zen ezaguna eta, horri esker, bai bertako jendeak bai kanpokoak Ordiziako azokan beren produktuak saltzeko eta erosteko aukera paregabea izan zuen. Mende batzuk geroago, trena iristeak bultzada handia eman zion azokari. Astero-astero, urteak joan urteak etorri, azokak bizirik iraun du gaur arte. Horrela jarrai dezala urte askoan!”.

Bertangoxo (Joxe Arratibel)

Bertangoxo

Behin batez, aitona Peruren aitonaren aitonak atera zuen artaldea larrera, eta ardiei esan zien: ‘Larre ona daukezue gaur. Nahikoa jandakon, etorri etxea’. Baina ardiak iluntzean itzuli zirenean, artzainari aitortu zioten ez zutela batere belarrik jan. ‘Jaten hasten giñen bakoitzen, belarrak esaten ziun: Aurrera ta goxogo, aurrera ta goxogo… Ta egun guztin ibili ta ibili gu, ta ezertxore jan ez’.

Aitona Peruren aitonaren aitonak, orduan, esan zien: ‘Hurrena hoi esaten baldin baizue, zuek Bertan goxo esan, ta bertan geatu nahikoa jan arte’. Eta hurrengo egunean belarra Aurrera ta goxogo, aurrera ta goxogo… esaka hasi zitzaienean, ardiek Bertan goxo erantzun zioten. Eta iluntzean bapo janda itzuli ziren etxera.

Beharbada ez duzue jakingo, baina sekretua gordeko duzuela agintzen baldin badidazue, kontutxo bat esango dizuet: Marabara, maraberi, kontakatilu hiztuna bertan hil bedi.

- Hara: garai batean, gauza guztiek zekiten hizketan: belarrak, sasiak, arbolak, animaliek ere bai. Goroldioak ez beste guztiek. Baina gauza guztiak hari erakusteko bildu zirenean, mutututa geratu omen ziren. Eta harrezkero ez dute hizketan egiten.

Hala ere, batzuen ustez, oraindik ere belarra eta ardiak hizketan aritzen dira. Ardiak larrera ateratzen direnean, Aurrera ta goxogo, aurrera ta goxogo… esaten omen die belarrak, eta guk ardiak beeka aditzen ditugun arren, berez, Bertan goxo erantzuten omen dute.

Eta gogoratzen al zarete Mari jainkosarengana eraman ninduen ardi galduaz? Gogoan al duzue jarri nion izena? Asmatu duzue: Bertangoxo. Bai, Bertangoxo, behin baino gehiagotan galdu zaidan ardi bihurria…

Murumendiko Mari (Joxe Miel Barandiaran)

Noizbait ere gora begiratu, eta zeruan suzko bola bat edo sugarrezko igitai moduko bat ikusten baldin baduzu, batzuetan kazkabar edo harri erauntsiekin batera, Mari ikusi duzu, Mari jainkosa, Mari Muruko.

Emakume eder baten tankeran ere agertu ohi da, batzuetan goruarekin, bestetzuetan kobazulo atarian ilea orrazten. Eta halaxe agertu zitzaion noizbait ere Beasaingo Muruguene baserriko semeari. Ezkondu ere egin ziren, eta zazpi seme-alaba izan zituzten, baina Mari ez zen elizara joaten eta ez zituen seme-alabak bataiatu nahi.

Egun batean, Mariren senarrak neska-mutikoak gurdi batera igo, Mari gurdiari sokaz lotu, eta elizarantz abiatu ziren. Baina gertatu zen, gertatu, bat-batean Mari sugarrez inguratu zela, soka erre egin zela, eta emakumeak aldameneko haitz batera salto egin zuela.

Harri gainean oinatza utzita, su eta fu, Murumendira joan zen hegan. ‘Zazpi umeak zerurako, ni Mururako! Muruguenen ez da sekula gaixo edo elbarririk faltako!’, hots egin omen zuen.

Eta noizbait ere gora begiratu, eta zeruan suzko bola bat edo sugarrezko igitai moduko bat ikusten baldin baduzu, batzuetan kazkabar edo harri erauntsiekin batera, Mari ikusi duzu, Mari jainkosa, Mari Muruko.

Joxe Miel Barandiaranen kontaketaren moldaketa (Euskal Herriaren mitologia)