Hiru eguneko asteburua (Patxi Zubizarreta)

Hiru eguneko asteburua

Gaur, andereñoak Xabier Urzanteren ipuin hau irakurri digu:

—Aspaldi handian, Nafarroako Tuteran, lagun egin ziren Ali, Miriam eta Joanes neska-mutikoak. Elkarrekin primeran ibili zirenez, hurrengo batean ere elkartzea erabaki zuten, hurrengo jaiegunean. Eta erabaki horrexek nahastu zituen, zeren, Ali, musulmana izaki, ostiralean agertu baitzen; Miriam, judua izanda, larunbatean joan zen; eta Joanes kristaua, ba igandean. Eta nahasketa horrek tristetu eta nahigabetu egin zituen: hirurek pentsatu zuten beste bi lagunek kale egin zutela, ez zutela berriro elkartu nahi izan.

«Gaitz erdi, hala ere, zeren hurrena, ustekabean elkartu zirenean eta dena argitu zutenean, erabaki ezin egokiagoa hartu baitzuten: ‘Jaia astean behin egin beharrean, zergatik ez dugu bakoitzak berea eta beste biena ere ospatzen? Hartara, akabo gure problemak!’. Eta harrezkero famatu egin zen Tuterako hiri noblea, hain zuzen ere astean hiru egunez jai egiten zutelako».

Eta a ze iskanbila piztu duen andereñoak; ipuinak, esan nahi dut. Batzuek esan dute horixe proposatu behar diogula Ordiziako alkateari: hiru eguneko asteburua. Horixe baietz! Edo lehendakariari bestela. Eta bakarren batek esan du Ordizian badugula hirugarren jai egun hori, hau da, asteazkena!

Barrez lehertzen ari ginela, andereñoak esan du azoka hitza arabieratik datorren bezala (zoco hitzetik; eta peria, berriz, latineko ferĭa-tik), alkate hitza al-kadi hitzetik datorrela, eta epaile, agintari esan nahi duela. Orduan andereñoa Zainari zuzendu zaio:

—Ba al dakizu arabieraz idazten?

Eta denok harria baino isilago geratu gara, ez bat eta ez bi, neskatila arbelaren eskuinera joan, eta ezkerrerantz idazten hasi denean!

يضاق

Orduan nik Katiari begiratu diot, errumaniarra delako, eta andereñoari esan diot:

—Onena, lau jai eguneko asteburua izatea!

Eta denak hasi dira:

—Ondo! Ederto! Bejair! Nu e rău! Altxa porru!

—Zuek bai zuek! —atera zaio andereñoari—. Ez: onena, ikasketak jai bihurtzea!

—Edozein modutan —gaineratu du Katiak—, alkate, errumanieraz primarul esaten da.

—Ondo! Ederto! Bejair! Nu e rău! —errepikatu du andereñoak, berak ere irribarrez, baina gero honela segitu du—. Aizue, baina jaiak alde batera utzita, pozik al zaudete Ordizian, zerbaiten falta nabaritzen duzue, zer egingo zenukete gure herriaren alde. Azalduko al diogu hori guztia alkateari?

Aitona-amonei bisita

Amona Agedaren kontuak

Kattalin bere lagun berriekin —Zaina, Gotzon, Katia— aitona-amonen baserrira igo da. Ordizia hobeto ezagutzearren, Kattalinek mendi aldeko ikusmira ezagutarazi nahi die.

Amona Ageda: Kaixo, kaixo, launok!

Aitona Peru: Ongi etorri! Ze berri, Kattalingorri?

Amona Ageda: Gaur ezingo dezue ‘Zarrak berri’ esan, ezta? Ta, zure lagun hoik zein ta zein die ba?

Kattalin: Kaixo! Hauek Zaina, Gotzon eta Katia dira, gure artean bizi dira orain. Gotzon Bizkaitik etorri da, Katia Errumaniatik, eta Zaina Marokotik.

Aitona Peru: Afrikarra, hortaz! Nik soldauska hantxe ein nun ba.

Zaina: Bai!? Etzazu esan! Labas?

Aitona PeruBejairalhamdulillah. Zenbakik e oaindio gogon dauzket: wahad, itnin, talata

Zaina: Harrapazazu, zuek esaten dezuen modun. Ze txikie dan mundue.

Amonak sukaldera pasarazi ditu. Mahaira eseri dira denak eta amonak mokadutxoa eskaini die, baina Kattalinek idea hobea proposatu dio amonari: kanpora atera eta haiek ekarritako jakiekin piknika egitea.

Amona Ageda: Nere lamiatxoari afari-merienda alkarren platerekin eitea buruatu zaio. Guk mamie prest daukeu, ta gaztaie, eder askoa.

 Katia: Ordiziarroi aza esaten dizuetenez, nik aza hostokin bildutako haragie ekarri det, sarmalea.

Gotzon: Ba nik pamitxea ekarri dot. Txoixoa ekarri gure neban, txitxiburduntzia eiteko, baie uste dot musulmanak ez dabela jaten.

Zaina: Arrazoi dezu, Gotzon. Guk txerrikia ezin jan. Nik pastak karri ditut, sesamoz egindako galletak.

Aitona Peru: Baño tea re ein beharko diuzu, ala?

Arrats giro ederra dago. Baserri ondoko zelai batean mantela zabaldu eta gainean eseri dira denak, afari-meriendaren bueltan, kontu-kontari.

Aitona Peru: Aizu, Zaina, ataidazu hirugarren basoerdia!

Amona Ageda: Jesus, Marie ta Koxme! Itoko haiz gizona!…

Kattalin: Horra, Mari, zerua zeharkatuz!

Gotzon: Gurean, Anbotoko damea esaten jako! Handik etorri ei da, Aralar aldera joateko edo.

Kattalin: Attona, kontatuko al diguzu ipuie?

Aitona Peru: Kontauko ez det pa! Ta geo Lapurren leizea, Ataun alden kontatzen da ta Ali Baba ta berrogei lapurrak ematen do. Zuekin kontu zarrak salbauta dare, gero!

Gotzon: Ipuinen amaieran, guk zera esaten dogu: Egie ala gezurre, begi bien artean sudurre!

Lapurren leizea (Joxe Arratibel, "Kontu zaharrak" (Patxi Zubizarretak egin du ipuinaren moldaketa))

Lapurren leizea

Behin baziren bi anaia, bakarrik eta ahal zuten bezala bizi zirenak. Zaharrenak oso atsegin zuen ehizan ibiltzea eta egun batez mendira joan zen. Ibilian-ibilian, konturatu gabe iluna sartu zitzaionez, gaua bertan igarotzea erabaki zuen. Baina oihaneko piztien beldur baitzen, badaezpada ere lotarako zuhaitz batera igo zen. Eta han zegoela, inguruan baten bat hizketan sumatu zuen. Hizketan ari zirenak lapurrak ziren eta zuhaitz ondoko leizezulo batean zuten ezkutalekua.

—Abrite portas, klis, klas! —esan zuen lapurren buruak, eta leizezuloa zabaldu egin zitzaion.

—Zerrate portas, klis, klas! —esan zuen lapur guztiak irten zirenean.

Lapurren artean bazen gazte bat, taldekide bati honela galdegin ziona:

—Hitz horiekin ateak hain erraz zabaltzen badira, ez al ditu norbaitek entzungo eta hor daukagun guztia ostuko?

—Bai —erantzun besteak—, sartu izan dituk horrela, baina sukaldera joan eta usain goxoa daukan eltze txikitik jaten dutenak, horiek ez dituk irteten, ez ditek ateak zabaltzeko hitzik asmatzen, izan ere han kristau haragia zagok. Eltze handian dagoen haragitik bakarrik jaten dutenak, horiexek irteten dituk, izan ere han behi haragia zagok, baina orain arte ez duk horrelakorik gertatu.

Eta hori guztia izan zen anaia zaharrenak zuhaitzetik entzun zuena. Eta lapurrek alde egin bezain laster, leizeko ate ondora jakinminez joan, entzundako hitzak errepikatu eta sartu egin zen. Mutila ahoa bete hortz geratu zen, hainbeste aberastasun zegoen. Baina ikusi zituen urre eta zilar haietatik zaku bat besterik ez zuen bete, eta hori leizezuloan bertan zegoen kortako zaldi bikain bati zamatu zion. Horren ostean, sukalderaino inguratu eta, lapurrei entzun bezala, eltze handitik jan zuen.

—Abrite portas, klis, klas! —esan zuen gero, leizezuloko ateak zabaltzeko.

—Zerrate portas, klis, klas! —esan zuen kanpotik ateak ixteko.

Lapurrak leizulora itzultzean, harriduraz ohartu ziren han norbait ibilia zela. Zoko-moko guztiak miatzen hasi ziren, baina alferrik; gero, eltze txikiko haragi guztia han zegoela ikusirik, etsi egin behar izan zuten. Mutilaren anaia gaztea ere izugarri harritu zen ondasun haiek ikustean. Baina jakinminarekin batera, dirugosea ere piztu zitzaion. Eta hainbeste tematu zitzaion anaia zaharrari, azkenean hark den-dena kontatu behar izan baitzion. Anaia gaztea tximistotsean abiatu zen orduan eta, leizezulora iristean, zuhaitz batera igo eta lapurrak joan arte itxaron zuen. Horren ostean, hitz egokiak esan eta leizezulora sartu zen.

Ondasun pila hura ikusirik, anaia gaztea ere ahoa bete hortz geratu zen. Baina zakukada batekin aski ez, eta bospasei zaku bete zituen gero beste hainbeste zalditan garraiatzeko. Amaitutakoan, nekatua eta gosetua zenez, sukaldera inguratu eta han mesfidantza sortu zitzaion: beharbada anaiak gezurra esan zion, beharbada aberastasun guztiekin geratu nahi zuen, beharbada bera hiltzea nahi zuen. Eta zalantzak joa, badaezpada ere bi eltzeetatik jan zuen. Eta ate ondora heldu zenean, “Zerrate portas, klis, klas!” besterik ez zitzaion ateratzen, ezin bada “Abrite portas, klis, klas!” esan…

Bere larri hartan, mutilak zakuak deskargatu, urre-zilarrak eta zaldiak beren tokietan utzi, eta babesleku bila hasi zen. Luze gabe, hildakoz betetako zulo bat topatu zuen: seguruenik hara lapurretan sartutako guztiena… Eta izerdi hotza atera zitzaion arren, bere burua biluztu eta hantxe babestu zen.

—Berriro ere gizon usaina zagok hemen —esan zuen lapurren buruak heldu zirenean—. Goazen sukaldera, norbaitek eltze txikitik jan ote duen ikustera.

Eta handik baten batek jan zuela ikusirik, bila eta bila hasi ziren. Baina ez baitzuten inon aurkitzen, badaezpada ere hildakoen toki hartara ere joan ziren. Lapur batek burruntzi bat hartu eta gorpuak zulatzeari ekin zion. Beldurraren beldurrez, mutila altxatu behar izan zuen eta lapurrek jo eta bertan akabatu nahi izan zuten. Hala ere, mutilak anaiaren berri eman zienean, apur batean itxarotea erabaki zuten: haiei ez zitzaien komeni ateak zabaltzen zekien inor bizirik egotea…

—Ni halako herrian, halako etxean bizi naiz eta, gauez etortzen bazarete, nik neuk zabalduko dizkizuet ateak anaia harrapa dezazuen —esan zien mutilak leizezulotik joan aurretik; etxera heldutakoan, ostera, anaia zaharrari esan zion:

—Hala eta hala gertatu zaidak, eta hilko ez baninduten, lapurrei dena esan behar izan zieat.

Asko pentsatu ostean, azkenean ahal zuten olio gehie

—Zer dago hor behean? —galdegin zion anaia gazteari.

—Horixe duk zuek bilatzen duzuen urrea —erantzun hark.

Orduan lapurrak banaka-banaka jaitsi ziren tximinia zulotik, eta banaka-banaka ere pertzeko olio irakinetan kiskaldurik geratu ziren. Denbora galdu gabe, bi anaiek lapurren ondasun guztiak eskuratu zituzten. Eta handik aurrera, aberats baino aberatsago, lanik gabe bizi izan ziren. Eta fini.

Mila kolore

Mila kolore

Aitona Peru: Garai batean, jende asko Euskal Herritik kanpora lan bila joan zen: batzuk artzain, bakarren bat pilotari, arrantzale… Baina Historia oso gorabeheratsua da eta gero hemen sortu zen lana, langileak hemen behar izan ziren, bertako lantegietan, eta herria erabat aldatu zen. Makina bat jende Galiziatik, Extremaduratik, Andaluziatik etorri zen. Azken hamar urtean ere, antzeko egoera bizi izan dugu, baina oraingoan jendea askoz urrutiagotik etorri zaigu, eta atzerritarrek beren hizkuntzak ekarri dizkigute!

Kattalin: Aitona, zuk zeuk baduzu Ternua aldean, Ipar Amerikan lagun bat, ezta?

Aitona Peru: Bai horixe! Haundie esaten genion, imajinatuko duzuenez, txiki-txikia zelako. Ternua inguruan arrantzale ibili zen, bakailaotan, lehen euskaldunak baleetan ibilitako itsas aldean. Hangoak dira inuit-ak, eta hangoa da berak noizbait aipatu zidan esaera hau: «Lehenaldia historia da, eta misterioa etorkizuna, baina orainaldia oparia da». Ez zaio arrazoirik falta, eta beharbada horixe dagokigu guri, zuei bereziki: orainaldia opari eder eta preziatu bat bezala, txukun, tajuz, errespetuz erabiltzea!

Kutturru

Kutturru

Mikel Garmendia pertsona xume horietakoa izan zen 37 urte bete arte. CAFen ikasi eta lan egin zuen, baina baita familiako arraindegian ere; errondailan parte hartu zuen, dantza eta antzerki kontuetan, eta, askok eta askok, beharbada gogoan izango dute danborrada matutinan barrileroen zuzendari ateratzen zelako, barre artean serio.

Mikel Garmendia, ezizenez, Kutturru, pertsona moztaka zen, beltzarana, lagunen laguna eta alaia oso. Aldi berean Kixote eta Santxo ematen zuen: flakoxta izatez, erabat loditu zen gaixotasun baten eraginez. Dena dela, Kixote ere izan zen ausardia eta kemena behar delako 37 urterekin antzerki eskolan hasteko, eta gero bide horri tinko eusteko. Eta Santxo izan behar, sena izan behar, noski, gerora egokitu zitzaizkion hainbat rol eta nortasun interpretatzeko: aldarte oneko, umoretsu, etxekalte…

 Antzerkigintzan, Ama begira zazu eta El florido pensil lanak nabarmendu ditzakegu; zineman, Kareletik —Balantxas zen han— edo Maite; eta telebistako telesailetan, Goenkale: zenbatek ez ote zion ‘Joxemari’ esango kalean zihoala ere!

 Ordiziatik Donostiara bizitzera joanda, hamaika tokitan, hamaika lanetan jardun zuen eta 1987an Cartagenan gizonezko aktore onenaren saria eman zioten. Tokitan geratu zen lehengo Mikel ordiziar xumea! Hala ere, saririk handiena jendearen estimazioa izan zuen, gure ordiziarra oso aktore preziatua eta estimatua izan baitzen. Hau guztia gogoratuta, inondik ere lehenaldia opari bihurtu zuen gizona ematen du.

Edurne alaba, antzerkia gustuko izan arren, Euskadi Gaztean ari da eta Mikel semeak filmen bikoizketa lana hartu zuen lanbide. Aitaren arrastotik hurbil samar biak ala biak ere.

Eskola garaiko oroitzapenak

Eskola garaiko oroitzapenak

Hona hemen Kattalinen familiakoen hainbat oroitzapen. Galdetu etxean edo inguruan, eta saiatu kontatzeko moduko oroitzapen edo pasadizo gehiago lortzen.

Amona Agedaren oroitzapenak:

Behin, Eskarabillako jaietan bi lagun dantza lotuan ari ginela, bi mutil dantza eskean etorri, eta haiekin hasi ginen: estreinako aldia zen mutilekin aritzen ginela. Baina kontakatiluren batek moja bati dena kontatu, eta hark errietan egin zigun. Karmeliten ikastetxetik eguerdian ateratzen ginen, baina mojak zigortu egin gintuen eta bi lagunok gelan beste ordubetez egon behar izan genuen. Kontu-kontari hasi ginen orduan, eta nire laguna mojari buruz gaizki esaka ere bai: erratza baino itsusiagoa zela, gaztetan inoiz ez ziotela dantzarik eskatuko, eta hau eta beste. Baina guk jakin ez atearen bestaldean nor eta moja zegoela, dena aditzen! Arratsaldeko eskolak hasi zirenean, mojak sekulako errietaldia egin zigun eta, jostorratz batekin, lagunari paper bat jarri zion ilean: «Hezigaiztoa eta ahoberoa naiz». Ohar horrekin gela guztietatik pasatzera behartu zuen eta gero ikastetxetik kanporatu egin zuten. Horra garai hartan nola ibiltzen ginen…

Aitona Peruren oroitzapenak:

Berandu ikasi genuen irakurtzen, bederatzi bat urterekin, baserriko lanak eskolakoak baino garrantzitsuagoak baitziren. Hala ere, irakurtzen ikasteko izugarrizko gogoa genuen. Lagun gezurtero samar bat bagenuen, eta egun batean hara non esaten digun irakurtzen ikasi zuela, eta ondo gainera. Orduan guk, gezurretan arituko zelakoan, periodiku paper mutur bat eman genion irakurtzeko. Eta lagunak hartu du egunkaria eta, buelta emanda egonagatik, tipi-tapa irakurtzen hasi zen. Orrialdeari nola heldu behar zaion jakin ez hark! ‘Motel, motel, zertan ari haiz?’, esan genion, ‘aldrebes ari haiz-eta. Horrela ez dek orria hartzen!’. Eta berak, batere larritu gabe: ‘Ikusten al dezue leitzen nola ikasi deten? Orria edozein eratara jarrita ere, irakurri egiten det. Ea zuek egiten dezuen!’. Hitzik gabe utzi gintuen.

Kattalinen aitaren oroitzapenak:

Ondo gogoan dut Santa Anan zegoen La Salleko ikastetxe barruan frontoi handi bat zegoela. Igandeetan pantaila puska bat jaitsi, eta fraileek frontoia zinema bihurtzen zuten. Lehen sesioaren aurretik joanda, mutil talde bat arduratzen ginen egurrezko eserlekuak lerroka jartzeaz, eta bi sesioak bukatutakoan, denak jasotzeaz. Pelikula bi aldiz ikusten genuen, hortaz, baina ordaindu gabe, eta ordaintzen zigutenarekin Ibañezenean edo Margarirenean goxokiak erosi, eta gero futbolinera jolastera joaten ginen, Cigales tabernara.

Kattalinen osabaren oroitzapenak:

Garai hartan eskolan jotzea ez zen horren harritzekoa ere. Gurasoek maisu-maistrei lasai jotzeko esaten zieten, umeak zentzatu eta formaldu gintezen. Irakasleen artean, bazen bat bereziki egurra eman zalea, belarrondokoen zalea, alegia. Behin batean, ikasturtearen bukaeran, honela galdetu zuen ikaskideen artean: aurten geratu al da gelan bakarren bat jaso gabe? (Jaso, kaskateko edo kolperen bat jasotzeaz ari zen, noski). Eta mutil bakar batek besoa altxatu zuenez, hari zuzendu zitzaion: ‘Etorri zaitez, polit hori’, eta mutila hurbildutakoan, dinbi-danba, bi belarrondoko eman zizkion. ‘Horrela ikusiko duzue denekin berdin jokatzen duda-la…’. Baina hori inondik ere ez zen egia, batzuek-batzuek besteek baino askoz geihago jasotzen zutelako…