Aitona Peru eta Kattalin lehenaldiaren zurrunbiloan (Patxi Zubizarreta)

Aitona Peru

Aurreko asteazken batean, aitona Peru, Bixkor txakurra eta hirurok azokara jaitsi ginen.

- Ezagutzen al duzu Mari…? -hasi zitzaidan aitona, eta ni pixka bat harritu nintzen, baina galdera osoak berehala lasaitu ninduen-.

- Ezagutzen al duzu Mariaratsaldea? -Eta buruaz ezezkoa egin nionez, honela jarraitu zuen-. Gaur ezagutuko dugu ba, eta hortik inguratuko gara plazara.

Lehenago errota egondako tokia erakutsi zidan aitonak, eta erreka aldera jaitsi ginenean galdezka jarraitu zuen. Eta jolasean:

- Errekako hiru andre dira: aurrenekoak 'goazen' dio; bigarrenak 'egon gaitezen' eta hirugarrenak 'jolas gaitezen'. Nik papaita, zuk papaita: nortzuk dira?

- Itxoin, itxoin, emadazu denbora pixka bat -eskatu nion, erantzuna begien aurrean nuelakoan; eta buruan hazka ibili eta gero, pozaren pozez atera zitzaidan-: Badakit, badakit! 'Goazen' dioena ura da, 'egon gaitezen' dioena harria, eta hirugarrena amuarraina: 'jolas gaitezen!'.

- Primeran, Kattalingorri! Zu etxerako! -esan zidan aitonak-. Historia ere ura bezalakoa da, eta joan, joan, beti joan doa, azkar demonio joan ere… -Eta aitona Peru uraren antzera joan zitzaidan, atzera, oso atzera, haurtzarora-. Gogoan dut, ezbehar batean, gizon bat itsu geratu zela. Baina arrantzale amorratua izan, eta inguruetako erreketara joaten jarraitu zuen, arrantzan egitera. Eskuekin aritzen zen: eskuak uretan sartu, harriak poliki ukitu, kontu haundiz haztatu, eta, halako batean, zasta!, harria altxatu, eta beste eskuaz amuarrain ezkutatua ateratzea lortzen zuen. Hamaika ikusteko jaio garela esan zuenak ez zuen arrazoi falta.

Konturatu gabe Mariarats errekak Oriarekin bat egiten duen lekura iritsi ginen. Malkaskoko zubitik Aralarko ikusmira zoragarria ageri zen, baina aitonak behera begiratzeko esan zidan, ibaira. Kontatu zidan, garai batean, Orian arrantzan ibiltzen zirela, edo igerian; baina, gerrarekin aurrena eta industrializazioarekin hurrena, aldaketa handia izan zela, eta gure ondarea hondatzen hasi ginela…

- Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu -xuxurlatu nuen, amona Agedaren esaera gogoan, baina aitona gor samarra izan, eta ez zidan entzun.

- Jendea errekan iman handi batzuekin sartzen zen, fabrika haunditik -aitonak horrela esaten dio CAF lantegiari- uretara botatzen zituzten burdin zatiak jasotzera eta gero txatartegian saltzera. Gerran galdu edo botatako pistolaren bat ere topatu, eta goardiei ematera joaten ginen ziztuan. Pobrezia handiko egunak izan ziren, estraperloarenak, eta gorriak eta beltzak ikusi genituen orduan…

Aitonak esandako gauzen artean, bat izan da bereziki harritu nauena: gerrak, iraun, hiru urte iraun zuela, baina horren ondorena luze baino luzeagoa izan zela, 40 urteko gainbehera gogorra… Sobra ere, orain trenak egiten dituen lantegian, gerra garaian armak ere egiten zituzten.

Ordiziako ingurumaria erabat desberdina zen, nonbait: gaztainadiak zeuden, sagastiak eta artasoroak, eta baita garia ere! Eta, jakina, batez ere udazkena zen desberdina, ur garbietan islatuko ziren udazkeneko koloreak.

- Gu, noski, umetan sagarrak edo pikuak hartzera joaten ginen, eta kaminu jeneralean -aitonak horrela esaten dio errepide nagusiari- ibiltzen ginen jolasean, autoak-eta oso noizean behin pasatzen zirelako… Gero pinua sartu zuten eta paisaia erabat itsusitu zen. Dirua ematen zuen, azkar, baina lurrari ere kalte haundia eginda. Nik uste gizakiok ere itsutu egin ginela eta ez genuela ikusi nahi izan naturan egiten ari ginen txikizioa. Beste batean, Seattle buruzagi indiarraren berri emango dizut…

Aitona Peruren bizitza ere guztiz aldatu zen. CAF-en lanean hasi zenean, artaldea saldu, eta ardi buru bakar batzuk utzi zituen baserrian. Hala ere, berak dio artzain izan denak sekula ez diola uzten artzain izateari, horretan ez dagoela erretiroa hartzerik.

- Lehenago eguzkia zen gure neurria eta ordularia, baina gero fabrikako adarra izan zen. Tuuuuuu…! Eta hango egitekoak bukatuta, baserrira itzuli, eta hemengoetan hasi behar. Latz egiten genuen lan.

Aldatu zen paisaia, aldatu zenez, baina baita giza paisaia ere: Goierri, Euskal Herriko bailara asko bezala, industrializazio boladan sartu zen eta, langile faltan, jende asko etorri zen lan bila, beste hizkuntza eta kultura batekin. Euskaldunok lehenago ere ibiliak ginen, Ameriketan esate baterako, baina oraingoan hona etorri ziren. Eta haientzat etxeak behar, eta Ordizia ikaragarri hazi zen. Herrigunea txiki geratu, eta, aitona Peruk dioen bezala, bereziki 60ko hamarkadan suertatu zen aldaketa: Buztuntza, Oteginea, Altamira auzoak eraiki ziren…

- Hala ere -esan nion, andereñoaren esana gogoan-, Etxezarreta kalean, oraindik ere Erdi Aroko harresiaren hondakinak ikus daitezke.

- Zu etxerako, Kattalingorri, zu etxerako -esan zidan berriro ere, baina ordurako plazara iritsi, eta aitonak artzain lagun bat ikusia zuen.

Ardia eta amurraina (Patxi Zubizarreta)

Ardia eta amurraina

Aitonarekin Mariaratsaldea ezagutu eta gero, beste batean ere hurbildu nintzen bertara. Bixkor txakurrarekin eta artaldearekin. Artaldea bazkatzen lasai arraio zegoela ikusita, erreka aldera jo nuen. Eta nire atzetik Bixkor, eta… Gogoratzen al zarete Mari jainkosarengana eraman ninduen ardi galduaz? Gogoan al duzue jarri nion izena? Primeran! Bai, asmatu duzue! Bada Bertangoxo ere gurekin etorri zen.

Ni Bixkorrekin eseri nintzen batean, ardia Mariarats errekara hurreratu, eta hizketan sumatu nuen… Zerbait entzungo bagenuen, isilka-misilka hurbildu behar izan nuen —amona Agedak jakinluzea eta kuriosea esaten dit—. Eta, hara non, ardia amuarrain batekin ari zela konturatu nintzen!

—Pozik nago, oso pozik. Berriro ere Oriako uretan egin ahal izango dut igeri! —ari zen arraina—. Orain dela urte asko Mariaratseko urlaster garbi hauetan babestu behar izan nuen, eta ezin uka bertan goxo egoten dela, baina ibai zabal batean igeri egitea bezalakorik ez dago, nahi adina lekurekin! Zigor handia izan da urtetako zikinkeria eta ezin bizia. Banuen gogoa lasai arraio eta sigi-saga ibiltzeko.

—Arrazoi duzu. Murumendi aldetik beeegiratuta, Oriako ura erabat kutsatuta ikusten zen: batean kafesne kolorearekin, beeestean gorria, plastikoak, trasteak… Baina kontuz ibili beeeharko duzu. Garbitasunarekin etorri diren lertxunak edo ubarroiak edo bisoiak zu irensteko irrikaz egongo dira.

—Badakit horiei ziria sartzen eta ixkin egiten! A ze gogoa dudan berriro ere nire betiko paisaia ikusteko. —Aldaketarako prest egon beeeharko duzu ba: errotarik ez, baratze gutxiago eta lantegi gehiago topatuko duzu; eta presak, eta askoz ere etxe gehiago bazterretan, zerurainoko etxeak. Trenbideko zubiak beeetiko lekuan jarraitzen du, baina Buztuntza auzoan zubi beeerri batek harrituko zaitu… Ordizia oso desbeeerdin ikusiko duzu. Baina Oriak Orioraino joaten jarraitzen du, gero! Itsasoraino…

—Lamia bat! —oihukatu zuen amuarrainak nire aldera begira, eta zulo batean ezkutatu zen. Eta ardiak niregana begiratu zuen, eta nik atzera begiratu nuen. Baina ni nintzen, sobra ere, amuarrainak ikusitako lamia—amona Agedak ere nere lamiatxoa esaten dit…

—Goazen, Bertangoxo —agindu nion ardiari ogi pusketa bat erakustearekin batera—. Aitona-amonak zain izango ditugu.

Nire amaren auzoa (Patxi Zubizarreta)

Nire amaren auzoa

Nire amaren auzoa eskaileraz inguratua zegoen eta dago. Igo eta jaitsi. Bertakoak hala ibili izan dira bizitza osoan. Trenbideak ere, trabesak zeharkatua, eskailera horizontal bat dirudi eta trenak egun osoan dabiltza bertan. Atzera eta aurrera. Haien tirriki-tarraka eta zalaparta entzun arren, dagoeneko ohituta gaude. Edo ez: zarataren erruz telebistako filma entzun ezinik geratzen garenean, orduan pentsatzen dut ez gaudela ohituta. Gure etxean sardexka edo tenedoreari trenedorea esaten diogu…

Nire amaren auzoko umeak lehen luzaroan egoten ziren kalean. Jolasean edo bihurrikeriatan. Eta, neguan, jolasean izerditu eta gero, Garmendianeko okindegira hurbiltzen ziren. Hormaren bestaldean labea egon, eta bizkarra hormara hurbilduta, goxo-goxo egoten ziren. Kontu-kontari. Baina trenbidearen lerro bera segituz, ubide bat ere bazegoen, ur zikinak eramaten zituena, eta egun batean ume bat erori zen… Gizon bat balkoia pintatzen ari zen eta hara non ikusi duen eskutxo bat, larri, astinduka, uretan sartu eta atera dabilena. Gizona tximista baino azkarrago jaitsi zen eta uretatik umea bizirik ateratzea lortu zuen. Mutikotxoaren ama Andaluziakoa zen, lan bila etorritakoa, emakume xumea, eta, esker onez, botila bat olio eskaini zion gizonari: oliba olio on-ona.

Nire amaren auzoak beti esnagailu bat izan du. CAF-eko adarra. Tuuuuu. Horrek markatzen zituen langile jendearen joan-etorri presatiak. Baina urteetan ke adarra ere atera izan zaio. Umeek pentsatzen zuten bertan, trenen ordez, hodeiak egiten zirela. Hodei beltzak. Baina, egin, trenak egin izan dira, mundu osorako trenak, tttu-tttu!

Nire amaren auzoan bada Kale Berri izeneko kale zahar bat. Bertan, urteetan, Ugaldetarrenean limonada egin izan zen, eta gaur egun edariak saltzen jarraitzen dute. Denda txiki asko ere baziren, eta, sobra ere, ez zuten ordutegirik: edozein ordutan egoten ziren zabalik. Baita gaueko hamarretan ere.

Eta txiripaz dena itxita egonez gero, bizilagunengana jotzea zenuen. Garai hartan, gainera, ateak denbora luzean egoten ziren giltzaz itxi gabe. Hala ere, esnea etxean bertan erosten zen, esnezalea bertaraino joaten baitzen. Gero, esnea dendan erosten hasi ziren. Eta orain ni neroni joaten naiz esne makinara.

Nire amaren oroitzapenik goxoenak, hala ere, festetakoak dira. Bertan oso festa politak egin izan baitira. Danborrada eta guzti. Diskoteka bat ere egon omen zen: Zigor… Eta larunbat gauetan trenen zalapartari autoen burrunbara gehitzen zitzaion, eta jendearen zarata, eta orduan ezin telebista entzun. Baina izozkitegi bat ere bazegoen: Ibañez. Eta, batzuetan, haurrak gominolak enpaketatzen eta laguntzen aritzen ziren gozo batzuen truke. Usain oneko oroitzapenak dira horiek.

Edozein modutan, nire amaren oroitzapenik hunkigarriena txakur batekin lotuta dago. Auzoan beti txakur bat egoten zen. Kale txakur bat. Eta ama bereziki batekin akordatzen da: Beltxa. Gutxi-asko, denek jaisten zioten jateko zerbait. Eta festa izaten zen txakurkumeak izaten zituenean. Baina orduan ez zioten Lutxi emaginari deitzen. Hala ere, amari injekzioa jarri behar ziotenean, bera ez zen beldur izaten, izan ere Lutxik, lasaitzeko, txakurra eramateko esaten zion. Eta praktikanteak zerbait goxoa ematen zion amari. Eta zerbait goxoa Beltxari. Oso txakurzalea baitzen Lutxi.

Horrenbestez, zein ote da nire amaren auzoaren izena?Asmatuko al zenuke?

Gernika (Iñaki Egañaren 1936ko Gerra haurrei kontatua)

Gernika

Mundua aho zabalik utzi zuen bonbardaketa 1937ko apirilaren 26ko arratsaldean izan zen, Gernikan. Lau eta erdietan Santa Maria parrokiako ezkilak gogotik entzun ahal izan ziren. Aurreko asteetan Bizkaiko herri askotan entzun zen mezu berbera adierazten zuten kanpaiek: bonbardaketa. Herritarrak, merkatu eguna zen horretan, ziztu bizian abiatu ziren hala moduz eraikitako babeslekuetara.

Herriak pairatzen zuen lehen gerra esperientzia zen, ordura arte ez baitzen Gernikaren kontrako aire erasorik izan. 40.000 kilo leherkari jaurtiki zituzten hegazkin alemanek, gehienak su emaileak. Biktimen zenbaketa bereziki zaila gertatu zen. Gaur egun badakigu hildako ugari egon zirela eta horien artean gehienak umeak izan zirela. ‘Salba ditzagun haurrak!’, horixe zen guztien ahotan zebilen leloa.

Pertsonaia (Argazkia: Gema Arrugaeta)

Gema Arrugaeta

Nikolas Lekuona pintorea baino sei urte geroago, 1919an, Xoxone izeneko baserrian jaio zen Lutxi Zaldua. Emakume saiatu eta iaioa, Donostian, Valladoliden eta Madrilen ikasi zuen, eta erizain, praktikante eta podologo izan zen. Horrela atera zuen bizimodua Filipineta kaleko Intsausti Berri etxean.

Aitona Peruk, behin batean, igarkizun hau erabili zuen hartaz hitz egiteko: ‘Pipitaki, papataki, zer da goizean lau hankatan ibili, eguerdian tente, eta iluntzean hiru hanka erabiltzen dituena’. Eta nik nekez asmatu nuen gizakia dela, umetan katuka, helduaroan zutika eta zahartzaroan makurka, makila edo makulu baten laguntzarekin dabilena. Aitonak igarkizun hau erabili zuen Lutxi beti lagun hurkoa laguntzeko pronto egoten zelako, txiki, heldu nahiz zahar izan, eta ordiziarrok munduratzen asko lagundu zuelako.

Hala bada, makina bat haurrek Lutxi bizitzaren lehen unetik beretik izan dute lagun. Emagina oinez, bizikletaz edo autoz ibiltzen zen, ‘Haurrek ez baitute erlojurik ekartzen… Gauza haundia da’, esaten omen zuen berak, ‘umea nola datorren, eta haren negarra sentitzea’.

Amona Agedak, horren jakitun, esaten du negarrak gutxitan eragiten duela horrenbeste barre, haur jaio berriaren pozak ezin kabiturik.

Lutxik ere esaten omen zuen, estualdiaren betean, erdiminetan, amari izugarrizko lasaitasuna ematen ziola eskutik heltzeak eta ni oso ados nago (beharbada horregatik agertuko dira hainbeste Lekuona pintorearen koadroetan).

Bitxia da, baina emaginak lagundutako haur horiexek gero Lutxirekin berarekin beldurtzen zituzten. Praktikantea izaki, hamaika injekzio eta txerto jarri izan zizkien, eta gurasoek umeak honela beldurtzen zituzten: ‘Zopa jaten ez baduzu, Lutxiri deituko diot’. Eta horrek mina ematen omen zion emakumeari: ‘Umea aurrez izutzen duzu eta mina haundiagoa izaten da’. Hain zuzen ere ume horiexei laguntzen jarraitu zuen ikastolaren sorreran.