MARTXOAK 13: ZABOR BILKETA SISTEMA AUKERATZEKO KONTSULTA

Datorren ostegunean aurkezpen publikoa egingo da

Ordiziak badu zabor bilketa sistema aukeratzeko kontsulta egiteko data: martxoaren 13an izango da. Horrela proposatu du prozesua definitzeko osatutako Hondakinen Mahaiak, Udaleko Osoko batzarrak onartzeko.

Eguna ez ezik, Mahaiak prozesuaren inguruko kronograma ere adostu du. Hala, herritarrei informazio zabala emateko aurkezpen publikoa izango da datorren ostegunean, otsailaren 18an Batzar aretoan 19:00etan. Hurrengo urratsa Mahaiak kontsultarako proposatutako data, galdera eta prozedura Osoko bilkurak onartzea izango da, hilaren 25ean. Otsailaren 29tik martxoaren 11ra komunikazio kanpaina burutuko da eta 13an herritarrek hautatutako erabakia onartuko du Osoko bilkurak martxoaren 17an.

ASTELEHENEAN HASIKO DA AURREKONTUETAN PARTE-HARTZEKO PROZESUA

Ekarpenak egiteko galdeketa erantzun ahal izango da, paperean edo internet bidez

Ordiziako Udalak partaidetza prozesua burutuko du datozen bi asteetan 2016eko aurrekontuak prestatzeko.  Hala, herritarren parte-hartzea eskatu du inbertsioei dagokien zatia non eta nola gastatu erabakitzen laguntzeko. Ekarpenak egiteko aukera desberdinak daude.

Jose Miguel Santamaria alkateak eta Joxi Iturrioz Ogasuneko arduradunak, eta Iñaki Dubreuil zinegotziek ekimena aurkeztu dute parte-hartzera animatuz. ‘Aktiboki parte hartzeko apustu zintzoa da, herritar guztiei zuzendua, ordiziar guztien iritzia ezagutzea funtsezkoa dela uste dugulako. Horregatik parte hartzeko dei egiten dugu’, esan dute. ‘Herritar askorentzat bileretara edo bestelako foroetara joatea zaila izan daiteke, horregatik ekarpenak jaso eta ordiziarrei entzuteko kontaktu zuzena eragingo dugu’, iragarri dute.

ORDIZIAK PARTAIDETZA INDARTUKO DU

Udal gobernuak auzoetako bizilagunekin bilerak eta  aurrekontuak parte-hartzaileak proposatu ditu, azkeneko urteetako partaidetza arloan lortutako aurrerapenei jarraipena emanez

Udal gobernuak  proposamen bat aurkezten du Herritarren Partaidetzarako mekanismo berriak eta aukera egonkor berriak sustatzeko. Helburua da herritarrek eurek bilatzea udal kudeaketan aktiboki parte hartzeko bideak, eta udal kudeaketan ez ezik ordiziarren eta Ordiziaren garapenean eta progresuan beharrezkoak diren planetan, programetan eta proiektuetan ere.  

UDALETXEKO LANGILE BATZORDEAREN ETA GOBERNU BATZORDEAREN OHARRA.

Ordiziako Udaletxeko Langile Batzordeak eta Gobernu Batzordeak bere haserrea eta kritika azaldu nahi du udal zerbitzuek festetan sufritu duten errespetu faltagatik.

Gogorarazi nahi dugu udal langileen zeregina herritarren batzuen festa nahia eta besteen atsedenaldiaren arteko oreka bilatzea dela, betiere inori kalte egin gabe.

Horretarako irizpide batzuk landu eta adostu genituen eta bete beharrekoak diren araudi zein ordenantzak egin genituen.

Aurtengo festetan gertatu direnak balio dezatela datorren urteko festetan ondo pasatu eta gozatzeko, baina udal langileen lana erraztuz. Horretarako mahai bat eratzea proposatzen dugu bertan parte hartuko dutelarik eragindako sektore zein eragileak.