Gune urdina: aparkatzeko denbora muga indarrean

Gogoratu, gune urdineko aparkatzeko denbora muga indarrean dagoela bigarren fasean sartu ginenetik.

Ordutegia: 09:00-13:00 eta 16:00-20:00 da. Hala ere, denbora aldetik, 3 gune ezberdin daude: 15minutuko bi aparkaleku Urdaneta kalean, 30 minutuko 8 aparkaleku Joseba Rezolan, eta gainontzeko guztiak 60 minutukoak dira.

'Aralar, mundua leku den lurra' liburua argitaratu da

Aralar, mundua leku den lurra dokumentala liburu bihurtu dute. Aralar parke naturalari buruz 2018. urtean ekoitzitako dokumentalean oinarrituta dago. Argazkiak Iban Toledorenak dira, eta hitzak Idurre Eskisabel eta Lorea Agirrerenak. Landarlan Ingurumen elkartea izan da sustatzailea eta Ordiziako Udalak ere babestu duen proiektua da. 

Hemen duzue dokumentalaren trailerra eta liburuaren inguruko xehetasunak

 

Aralar mundua leku den lurra

Administrazio epeen zenbaketa berriz hasi da

Nahiz eta alarma egoerak indarrean jarraitzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuak epeak berriro abiaraztea arautzen du. Gauzak horrela, Ordiziako Udalak ahalkoa jakinarazten die herritarrei:

1)     2020ko ekainaren 1etik aurrera berriz hasi da administrazio epeen zenbaketa. Beraz, alarma egoera deklaratu aurretik epea irekita zuten ekintzetan kontatzeko falta zen epea ekainak 1etik kontatu behar da.

2)    Bada salbuespenik; izan ere, zerotik kontatzen hasiko dira hurrengo epeak:  administrazio bidean errekurtsoak jartzeko epeak edo legeetan aurreikusitakoaren arabera horiek ordezten dituzten aurkatze, erreklamazio, adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje prozedura abiarazteko epeak,  interesdunarentzat ondorio kaltegarriak dituzten prozeduretan edo karga suposatuko diotenetan. Kasu horietan beraz zerotik hasiko gara, nahiz eta alarma deklaratu aurretik eperik zenbatu.

3)     Eskubide eta akzioen preskripzio eta iraungitze epeak 2020ko ekainaren 4tik aurrera hasiko dira zenbatzen. 

4)   Eraikinetan esku hartzeko obrekin lotutako ekintzak maiatzaren 25etik baimentzen dira, betiere higiene neurri egokiak eta gutxieneko bi metroko distantzia bermatuta. Udala hasi da, beraz, obra txikiko lizentzien izapidetzea burutzen.

* Edozein zalantza kontsultatu Arreta Bulegoan edo Idazkaritzan.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga ordaintzeko borondatezko epea: uztailak 1

Martxoaren 30eko 0309/2020 Alkatetza Dekretuaren arabera, zenbait zerga-neurri onartu ziren Covid19 osasun-krisiaren ondorioz. Dekretu horretan ebatzi zen, besteak beste, trakzio mekanikoko ibilgailuen zergan hilabeteko epean atzeratzea ordaintzeko borondatezko epea, alarma-egoera amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

Maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera etendako administrazio-epeen zenbaketa berriro hasiko da, edo berriro abituako da, alarma-egoerak eta haren luzapenek indarrean dirauten bitartean onartutako lege-mailako arau batean hala aurreikusi bada.

Hori dela eta, borondatez ordaintzeko epea berrezarriko da, ekainaren 1etik uztailaren 1era arte, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN ZERGAN. Helbideratuak dauden erreziboak uztailaren 1ean kobratuko dira.


Zabalik dago D´elikatuz zentroa

COVID 19 pandemiaren eraginez, D´elikatuz Zentroa bere ateak istera behartua izan zen beste hainbat eraikin publiko eta museoen moduan. Hilabete zailak izan badira ere, ikastetxe taldeek eta elkarteek egindako erreserba guztiak bertan behera geldituta eta Aste Santua ere tartean izanik, aurrera egiteko ilusio osoz eta erakundeen garbitasun eta osasun gomendio guztiak betez ateak irekiko ditu ekainaren 1etik aurrera.

Goiz eta arratsalde egunero ohiko ordutegian egongo da irekita, abuztuaren 31 arte. Astelehenetik ostiralera 10:00-13:00 eta 16:00-19:00 eta asteburu eta jai egunetan 11:00-14:00 eta 16:00-19:00. 

Bisitari guztiei ahalik eta zerbitzu hoberena emateko helburuarekin ondorengoa izango da aplikatuko den protokoloa:

COVID 19 PROTOKOLOA D’ELIKATUZ

  • Zentroaren aforoa herenera jeitsiko da, eta solairuz solairu zehaztuko da.
  • Zentroko sarreran bisitariak eskuak desinfektatzeko hidrogel bat jarriko da. Nahitaez erabili behar da Zentrora sartu aurretik.
  • Zentroan sartzen diren pertsonek nahitaez erabili behar dituzte maskarilak.
  • Manpara bereizgarri bat jarriko da arreta-mahaian.
  • Gidariak bisita egiteko babes-pantaila erabiliko du.
  • Bisitaren barruan dastatzeko aukera izanez gero, gidariak maskarila erabiliko du dastaketa prestatu eta zerbitzatzeko.
  • Dastaketa banakako plateretan zerbitzatuko da..
  • Bisitariek ezin izango dituzte saltokian ikusgai dauden elementuak ukitu. Interesa izanez gero, zentroko langileek emango dizkiete.
  • Zentroan dauden elementu taktilak gidak bakarri ikutu ahal izango ditu.
  • Ordaintzeko metodo elektronikoak erabiltzea lehenetsiko da.
  • Bisitatik bisitara bisitariekin kontaktua izan duten puntuak desinfektatuko dira, hala nola, aulkiak, komuna, eskudel edo barandilak …
  • Zentroa egunero aireztatuko da, solairuz solairu dauden leihoak alde banatan irekiz.
  • Komuna ezinbestekoa denean bakarrik erabiliko da, bertan ondorengoa ziurtatuz: eskuak lehortzeko papera, oinarekin irekitzen den zabor ontzia, eskuak garbitzeko xaboia eta xaboi desinfektantea.
  • Igogailua kasu berezietan baino ez da erabiliko. Pertsona bakar batek erabili ahal izango du aldi bakoitzean.
  • Solairu bakoitzaren edukiera une bakoitzean zehaztuko da.
  • Bisitarien beroki, motxila eta aterkiak zabor-poltsa batean sartuko dituzte, eta poltsa horri izena jarriko diote. Bisita amaitutakoan, bisitari bakoitzak poltsa hartu, bere gauzak atera eta poltsa zakarrontzian utziko du.

Ordiziko turismo bulegoa ere bertan aurkitzen denez, ondorengo neurri gehigarriak hartuko dira:

  • Informazio arreta gunean gehienez pertsona bat edo familia unitate berekoak badira 2 pertsona egotea aurrikusten da. Besteek kanpoan itxaron beharko dute dagozkion distantziak errespetatuz.
  • Esku-orri nagusiak plastifikatuta ikusgai jarriko dira. Bisitariak informazio puntuko langileari eskatu eta berak emango dio eskatutakoa momentu oro. Esku-orriak ezingo dira bueltatu.
  • Ez da idatzizko inkestarik erabiliko.
  • Telefono edo e-mailez eskatutako informazioari formatu digitalean erantzungo zaio eta ez da posta normalez informaziorik bidaliko.