ORDIZIA ZABALIK PROZESUA. AURREKONTU PARTEHARTZAILEAK

azalaArratsalde on guztioi. Gaurko agerraldi honen helburua da herriko eragileekin egin nahi dugun aurrekontuen prozesu partehartzailearen aurkezpen ekitaldiaren berri ematea.

2013 eta 2014ko aurrekontuen osaketa egiteko pausoak eman genituen norabide horretan. Herritarrekin, auzoz auzoko prozesuen bitartez, jardunaldiak egin ditugu aurreko bi urtetan. Auzoetan zein herrian beharrezkoak ikusten diren hobekuntzak egin ahal izateko 100.000 €ren kudeaketa aukera eraman genuen prozesu bakoitzera. Ondorio positiboak atera ditugu aurreko bi prozesu horietatik, eta aurrekontu parte hartzaileen bidean, beste pauso bat ematera goaz.

LARUNBATEAN, ASTRONOMIA GAUA OIANGUN

2014-06-03 astronomiaAranzadiko Astronomia saileko kideek gidatutako behaketa saioak hiru ordu iraungo du, 21:00etatik 00:00etara

Deialdia irekia da, eta interesa duen edonor inguratu daiteke saioan parte hartzera

Datorren larunbatean, hilak 7, Astronomia Gaua egingo da Oiangun 21:00etan hasi eta gauerdira arte. Behaketa saioa Aranzadiko Astronomia saileko kideek gidatuko dute, eta deialdia irekia denez, hala nahi duten guztiek izango dute saioan parte hartzeko aukera. Behaketarako materiala Aranzadik eramango du, eta etxean tresnaren bat duenak ere eraman dezake. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak Oianguren ezagutzarako eta kontserbaziorako egindako hitzarmenaren barruko ekimena da.

BASO NATURALEI BURUZKO HITZALDIA BIOANIZTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN

2014-05-16 haritzakMiel Mari Elosegi basozainak emango du hitzaldia hilaren 22an, Barrenan, 19:00etan

Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Oianguren parkearen kontserbaziorako eta ingurumen sentsibilizaziorako urte hasieran abiatutako lankidetzaren barruan,2014an hainbat ekintza egiten ari dira parkean. Datorren ostegunean, hilaren 22an, Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, Miel Mari Elosegi basozainak Euskal Herriko basoei buruzko hitzaldia egingo du Barrenan, 19:00etan.

KONPOSTGUNEA EGIN DUTE AUZOLANEAN OIANGUN

2014-04-14 auzolana Neguan landatuko diren fruta-arbolak ongarritzeko erabiliko da sortzen den konposta

Joan den larunbatean, hilak 12, Oianguko konpost-gunea egiten auzolanean aritu ziren hainbat ordiziar. Konposta egiteko ardi-ximaurra, lastoa eta inguruan bildutako hosto eta belarrekin pila bat egin zuten, eta pila hori babesteko, hurritz adarrez osatutako hesia eraiki zuten, garai bateko itxiturak imitatuz. Neguan Oiangun landatuko diren fruta-arbolak ongarritzeko erabiliko da bertatik ateratzen den konposta. Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Oiangu biziberritzeko abiatu duten lankidetzaren bigarren ekintza izan da larunbatekoa.