GOBERNUAK ORDIZIA HOBETZEKO DEDIKAZIOZ ETA ILUSIOZ LAN EGITEN JARRAITZEKO KONPROMISOA BERRETSI DU

Gutxiengoan gobernatzeagatik zailtasunak izan arren, proiektu estrategiko asko burutzea edo bultzatzea lortu du udal gobernuak

Ordiziako udal gobernuak (EAJ-PNV/PSE-EE) legealdiaren lehenengo erdiaren balantzea egin du.  Jose Miguel Santamaria alkateak taldearen izenean Ordizia hobetzeko lanean duten konpromisoa eta ilusioa azpimarratu ditu, nahiz eta gutxiengoan gobernatzea zaila izan.  Udal ordezkariek egindako aurrerapenak zerrendatu dituzte eta datorren hilabeteetan zehar martxan jarriko dituzten lanak aipatu dituzte.

 

PARTAIDETZA

Legealdi erdia egin duen agintaldi honen  lehenengo erronka herritarren agindu bat betetzea izan zen, gogoratu du alkateak. Aurreko legealdian zehar tentsio eta atsekabe handia sortu zuen gaia izan zen:  Ordiziarrei galdetzea Ordiziarako zein hondakin bilketa sistema nahi zuten.  Udalak kontsulta prozesua jarri zuen martxan gaur egun ere indarrean dagoen Hondakinen Mahaiaren bidez. ‘Herritarrei kontsulta egin genien, herritarrok aukeratu genuen eta Udalak hautaketa errealitate bihurtu zuen’, esan du. 

OSTEGUNEAN, OSOKO OHIKO BILKURA EGINGO DA

Ostegun honetan ohiko Osoko bilkura izango da udaletxeko Batzar aretoan 19:00etan.

Gai zerrenda honakoa izango da:

1.       2017ko martxoaren 9an egindako ohiko osoko bilkurako akta onartzea.

2.       Martxoko Alkatetza Dekretuen berri ematea.

3.       Kale-salmenta eta asteroko azoka arautzen duen ordenantzaren behin-behineko onarpena

4.       Euskara sustatzen diharduten elkarteei diru-laguntza izendunak esleitzea

5.       Kultura sustatzen diharduten elkarteei diru-laguntza izendunak esleitzea

6.       Herri Antzokia eta San Jose Egoitzako 2016ko Aurrekontuen likidazioen berri ematea

7.       Kontratuen inguruan kontu-hartzailearen  1/2017 ingeraren berri ematea (...)

ASTEAN EGINDAKO PINTAKETAK GAITZETSI DITU ORDIZIAKO UDALAK

Horrelako ekintzek egungo gizartean lekurik ez dutela adierazi du, herritar ororen arteko elkarbizitza oztopatzen dutelako eta bizikidetza eta bake bidea eraikitzearekin bat ez datozelako

Asteburu honetan Ordiziako kaleetan agertutako pintaketen harira, Udaletik guztiak gaitzetsi dituzte eta adierazi dute horrelako ekintzek ez dutela lekurik egungo gizartean elkarbizitza oztopatzen dutelako.

 “Garai berriek jarrera berriak eskatzen dituzte; pintaketa eta hiri-altzarien aurkako erasoak atzean utzi genituela uste genuen,  baina zoritxarrez, horrelako ekintzekin, aurrera pausoak eman ordez, denboraren makinan sartu eta beste garai batzuetara itzultzen ari garela dirudi. Asteburu honetako ekintza eta jokabideak atzean uzteko garaia dugu elkarbizitza oztopatzen dutelako, eremu publikoan egindako pintaketek herritar guztiengan baitute eragina” adierazi dute udal ordezkariek. 

Hori dela eta, herria guztiona dela gogorarazi du Udalak eta beharrezkoa dela guztionak diren eremu publiko eta pribatuak, hiri-altzariak zein herri ondarea zaintzea eta errespetatzea, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko.

“Jakina da herri batean askotariko iritzi eta pentsamoldeak daudela eta zentzu horretan, elkarbizitza eta bizikidetzarekin batera, errespetuak izan beharko luke ukaezineko oinarri eta printzipioa” adierazi dute udal ordezkariek.

Horren harira, beraz, etorkizunera begira eraiki nahi dugun herri ereduaren inguruan hausnarketa egitera deitu du Udalak eta beste behin errespetua eskatu du guztiona dena zaindu eta babesteko.

'BESARKADA SOLIDARIOEN' ZAINTZA ABIAN

Bakarrik dabiltzan herritar helduak dira biktima gehienak

Ordiziako Udaltzaingoa zaintza berezia egiten ari da ‘besarkada solidarioa’ izeneko lapurreta mota dela-eta. Eguraldiak hobera egitearekin, herritarrek kalean denbora gehiago egiten dute eta ugaritu egiten dira lapurreta kasuak, edo saiakerak. Iaz gertatu ziren eta aurten saiakeraren bat izanda dagoeneko.

Udaltzaingoak motorrean egiten du jarraipena, oinezko guneetan, udalerriko leku desberdinetan. Oinezkoei, batez ere pertsona helduei bakarrik doazenean, zuzentzen zaie lapurrak eta gertu izaten dute autoa ahalik eta azkarren alde egiteko. Adi ibiltzeko deia egiten da eta norbait gerturatuz gero edo lapurreta izanez gero, jakina, jakitera emateko eskatzen da.