OIANGUKO UDAKO TABERNA TXIKIAREN ZERBITZUA KONTRATATZEKO PROZESUA ZABALIK

Oianguko txiringitoa Ordiziako Udalak Oianguko parkeko udako taberna txikia edo txiringitoaren zerbitzua kontratatzeko prozesua zabaldu du. Kontratazioa zuzena izango da, uztailetik irailera bitartean (3 hilabetez) udako zerbitzua eskaini ahal izateko. Proposamenak edo eskaintzak aurkezteko azken eguna uztailak 10, asteazkena (barne) izango da.

 

Proposamenak Ordiziako Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira aipatu epe barruan, modu telematikoan, edozein unetan; Udaletxeko Erregistro Orokorrean (Udaleko arreta bulegoan), 8:30tatik 13:30etara, eta arratsaldean Udaltzaingoan, gaueko 21:00ak arte.

Proposamenak gutun-azalean aurkeztuko dira “Oaingu parkeko udako taberna txikia edo txiringitoa kudeatzeko zerbitzua” izenburupean. Eskatzaileak bere identifikazio datuak adierazi behar ditu bertan, baita administrazioa berarekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoa eta telefono zenbakia ere.

Legeak kontratatzeko gaitasuna aitortzen dituen forma juridiko guztiak onartuko dira, eta horretarako debekurik ez izatea, alegia, Ordiziako Udalarekin zorrik ez izatea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunarekin zorrik ez izatea, eta Gizarte Segurantzarekin zorrik ez izatea.

Baldintzak, betebeharrak eta balorazio irizpideak jasotzen dituen dokumentua hementxe dago eskuragarri, eta zuzenean igorriko zaio telefonoz (943805652) edo e-mailez (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.) eskatzen duenari.

ABIAN DIREN PROIEKTUEN BERRI EMAN DU UDAL GOBERNUAK BERE AGURREAN

Gizarte-ongizatearekin, irisgarritasunarekin, kulturarekin, kirolarekin, ekonomiarekin, enpleguarekin eta hirigintzarekin lotura duten ekimen estrategikoak hartzen ditu barru

Jarduneko udalbatzak prentsaurrekoa eman du legealdiari agur esateko. Gaur egun martxan dauden proiektuen berri eman du, eta lau urte hauetan konpontzerik izan ez dituzten alderdi estrategikoengatik barkamena eskatu dute.  Gaur egun oraindik alkate den Jose Miguel Santamariak, EAJren izenean, eta Iñaki Dubreuilek, PSE alderdiko zinegotziak, landutako ekimenak zerrendatu dituzte eta gogora ekarri dute gobernu-talde berriak horien jarraipena egin beharko dutela behin betikoz bukatzeko edo egikaritzeko.

San Joan eremuaren garapenakbi proiektu jasotzen ditu, zerrendatu horretan aipatuak. Gauzatu beharrekoak dira ordiziarrentzat duen interes bereziarengatik: Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako Floreagako alokairu bidezko etxebizitzak, eta gaur egun dagoena ordezkatuko duen helduentzako egoitza berria, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartua.

Irisgarritasuneko hobekuntzekjauzi kualitatiboa izan beharko dute aurki.  Horrela, helburu horri begira tren-geltokian gauzatzen ari diren lanak bukatuko dira aurten, eta ondoren proiektu globalaren bigarren fasea gauzatu beharko da.  Kasu honetan, bere garaian adierazi zen bezala, geltokia eta Rezola pasealekua San Bartolome auzoarekin lotuko dira, igogailu  bidez eta lurpeko pasabide baten bidez.

Larunbat honetan irekiko da kanpoko igerilekuen udako denboraldia Majori Kiroldegian. Aldi berean, aurrera jarraitzen dute kirol gune osoa berritzeko lanek. Santamariak gogora ekarri du aurki hasiko direla Altamira estadioko belarra aldatzen, eta aurki esleituko dela lanen bigarren fasea. Bigarren fase horrek erabat eraldatuko ditu igerilekuak, bai barrukoak, bai kanpokoak.

Ordiziako aurrera begirako kultura-eredua ere diseinu-fasean dago. Azken hilabeteotan KulturLab prozesu parte-hartzailea bat burutu da. Horren emaitza berriki aurkeztutako diagnostikoa izan da. Diagnostikoa udalaren web-orrialdeko dagokion atalean kontsulta daiteke. Diagnostiko horretatik kultur guneak erabiltzeko eta hobetzeko plan bat sortu beharko luke, batez ere Barrena eta Herri Antzokia eraikinekin lotua, eta aurrera begirako premiei eta erronkei erantzuteko.

Gobernu-taldeak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan sustatu nahi izan duen beste ekimen bat ekonomia-eredua izan da (Ordizia Lab), azoka eta merkataritza ardatz hartuta udalerriaren garapenerako, lehen sektorea eta herriko ekonomia indartze aldera. Ekonomiarekin loturik, Santamariak azaldu du Goierri campusean NBF ikerketa-zentro berria irekitzeak jauzi kualitatiboa dela, eta horretan aurrera egiten jarraitu beharra dagoela, baldin eta eskualde-mailako enplegu-mailan atzera egin nahi ez bada.

Une honetan martxan dagoen beste espazio parte-hartzaile bat Buztuntza auzo osoaren urbanizazioa konponduko duena da. Ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran hainbat aukera aurkeztuko dira, auzokideen ekarpenetatik eta interesaturik dauden herritarrengandik jasotakoaren arabera diseinaturik. Eta ordiziarrek beraiek erabaki beharko dute proiekturik egokiena, gerora gauzatzeko.

Proiektu horiekin guztiekin batera, beste bat nabarmendu behar da, Ordizia eraldatzeko funtsezkoa. Trenbideak desbideratzea Ordiziako tartean. Pasa den legealdian alde batera geratu zen proiektu horri heldu zaio azken lau urte hauetan.  Horri eskerrak, Madrilgo gobernuak azterketa informatiboa edo trenbideak desbideratzeko oinarrizko proiektua egingo du aurten. Horrek aurrerapena ekarriko du berarekin; hortaz, gobernu-talde berriak lan egin beharko du baldin eta, San Bartolome eremua herrian integratuz, Ordiziaren biziberritzea egia bihurtu nahi badu.

Gizarte arloan, Dubreuilek gogorarazi du lau urte hauetan hasi direla ezartzen Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa. Teoriatik praktikara doan proiektu aitzindaria. Etxeko laguntza-zerbitzua nabarmen hobetzen du, eta asmo handiagoz lantzen ditu herritarren zahartzea, premiazko harrera-pisuak, mendekotasunei aurrea hartzera bideratutako esku-hartzeak eta familia-autonomiaren sustapena edo eguneko laguntza-zentro berria martxan jartzea. Plan estrategiko horrek, era berean, gizarte-hezkuntzako esku-hartzeen arloan ibilbide berri bat abiarazten du, besteak beste babesgabetasun-egoeran eta gizarte-bazterkeriaren arloan adingabeak dituzten familiei laguntzeko.

Hiri Antolamenduko Udal Plan Orokorra eta osasun-zentroa handitzea: bi kontu horiek konpontzeko daude

Gobernu-taldeak, halaber, barkamena eskatu du gutxiengoan egonik gai izan ez direlako Ordiziarentzat guztiz garrantzitsuak diren zenbait proiektu aurrera ateratzeko: besteak beste, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (nahiz eta prest egon) eta osasun-zentroaren handitzea dagoeneko martxan ez egotea. 'Oposizioak blokeatu dituen proiektu edo gaietako batzuk dira horiek. Ez gara gauza izan, egindako ahaleginak gorabehera, horiek konpontzeko; horrenbestez, barkamena eskatzen diegu herritarrei. Sinetsirik gaude orain, borondatearekin eta lan eginez, aurrera aterako direla. Guk, behintzat, lankidetzan jardungo dugu helburu horrekin', haien hitzetan.

Amaitzeko,  lau urte hauetan, beste beste, bidelagun izan diren udal langile, erakunde, komunikabide eta herritarrei emandako laguntza eta babesa eskertu diete.

UDAL KORPORAZIO BERRIA EKAINAREN 15EAN ERATUKO DA

Ekainaren 15ean ez ohiko Osoko bilkura egingo da udal korporazio berria eratzeko. Zinegotzi berriek kargua hartu eta alkatea izendatuko dute. Igande honetan izan diren Udal hauteskundeek udal korporazioran argazkia aldatu dute. Oraingoan EH Bilduk lortu ditu bozka gehien: 2.049, hain zuzen. Azken lau urteotan alkatetza izan duen EAJ-k 1.903 bozka izan ditu, 510 Elkarrekin Podemos-ek, 486 PSE-ek eta 69n PP-ren zerrendak. Bi alderdi bozkatuenek zazpina zinegotzi izango dituzte hurrengo legealdian, 2 izango ditu Elkarrekin Podemosek eta batekin segituko du PSE-ek. PP-ek ez du ordezkaritzarik lortu.

Esan behar da udalerriak 10.000-ko biztanle kopurua gainditu duela eta, horren ondorioz, zinegotzi gehago izango dituela, 13tik 17ra igoz.

KUADRILEK BAT EGIN DUTE DEIALDIAREKIN

Adostasunetik jaietaz gozatzeko irizpideak ezarri dira iada

Santa Ana jaiak antolatzeko lehenengo bilera irekia egin zen aurreko astean. Kasu honetan, Kuadrilak izan ziren deituak hainbat gaien inguruan hitz egiteko: Matutina, Kuadrila eguna, jaimen kokapena eta programarekin lotutako hainbat xehetasun. Aurreko urteetan bezala, ordiziar asko gerturatu zen eta Udal ordezkariek parte-hartze hori eskertu nahi dute.

Bileraren helburu zehatza gazteei  hainbat gai gogoratu eta eurekin adostea izan zen.

*Matutinari dagokionez, ibilgailuren bat erabiltzeko asmoa dutenei Udaltzaingoari ohartarazi behar diotela gogoratu zen. Ibilgailuak IAT-a, asegurua eta zirkulazio baimena indarrean eduki behar ditu.

*Jaimen kokapenerako baimendutako tokiak zehaztu ziren,  ibilgailuentzak pasoa utzi behar dela gogoratuz.  Espazioak zozketatu egingo dira eta zozketan partehartzeko izena eman behar da uztailaren 1erako Barrenan. Argi-indarra sortzeko erabiltzen diren tresnen arriskuez ohartarazi eta erabilera egokiaz informatu zen.  Jaimak muntatzeko erabilitako tresnak gaua amaitzean jaso egin behar dira, edo hondakin gunera eraman.

*Bi gau pasen ondoren (Matutina eta Kuadrilak) sortutako hondakinak jasotzeko guneak Gudarien Etorbidean, Barrenan, Dorreako terrazan eta Garagartza plazan jarriko dira.

*Aurreko urteetako esperientziaren harira, errespetua eskatzea dagokio. Batez ere, bizilagunen atsedenari, lanean ari diren pertsonei eta gainontzeko  ekintzei. Hala, soinuaren eta zarataren bolumena kontrolatzeko; boxeoa jaialdian, txirrindularitza probaren aurkezpenean, kontzertuetako soinu probetan, dantza ikuskizunean edota santaneroen esku-dantzan trabarik ez jartzeko  eta jaietan lanean ari diren pertsonen (garbitasuneko brigada, Udaltzaingoa, osasun zerbitzuak, etab) lana errazteko eskatu zen.

Gainera:

-Kuadriletako diru-laguntza eskaerak uztailaren 9rako egin behar dira.

-Biolentzia matxistari buruz informatzeko jaima jarriko da hilaren 25ean eta 27an.

-Drogomenpekotasun kanpaina egingo da 25ean (Botilzar) eta 26ean (Testing).

-Osasun asistentziaren sarea eratuko da 25ean (Dya).