URRIAN AUZOETARA GOAZZ

hartu hitza 04Auzoz auzoko bileren dinamika baliatuko da, besteak beste, Hondakinen Bilketarako Jarraipen Batzordea osatzeko

Agintaldiaren hasieratik martxan diren Auzo auzo dinamikaren auzokako bilerei datorren astean ekingo die berriz Ordiziako Udaleko Partaidetza sailak, udalaren eta herritarren artean zubiak eraikitzeko bidean. Iaz ere tankera bereko ekimena gauzatu zen, eta udalak eta auzoetako ordezkariek eremu bakoitzean zein inbertsio egin zitezkeen adostu zuten. 100.000 euro bideratu iaz udalak auzoetan lehentasunezkotzat jotako proiektuak aurrera ateratzeko. Aurreko astean, esaterako, Zumalakarregi kaleko zuloa konpondu zen, iaz herritarrekin batera adostutako proiektuetako bat.

Bileren egutegia

Hurrengo urteko aurrekontuak prestatzeko garaia heldu da, eta ahalik eta aurrekontu parte hartzaileenak izateko helburuarekin, bilera erronda bat jarriko du martxan udalak urriaren 7tik aurrera, herritarrekin batera auzoetako beharrak zein diren aztertzeko. Zazpi bilera egingo dira guztira urriaren 7tik 15era, bi goizez eta bost arratsaldez. Herritarrengandik jasotako eskaerak teknikoekin aztertu ondoren, azaroaren 26an, 18:30ean egingo den bilera zabalean, politikari, teknikari eta herritarrek baloratu eta adostuko dituzte aurrera aterako diren proiektuak.

Jarraipen batzordea
Auzoz auzoko bileren dinamika baliatuko da Hondakinen Bilketarako Jarraipen
Batzordea osatzeko, bilera horietan aukeratuko baitira batzordearen ordezkariak. Hiru hilabete besterik ez dira igaro sistema berria ezarri zenetik, eta oraindik orain egokitzapen fasean dago. Batzordearen helburua izango da sistemaren ezarpenak izan ditzakeen moldaketak eta beharrak aztertzea eta sistema are eta eraginkorragoa bilakatzea.

Bide horretan, udala erantzuna ematen hasi zaie uda aurretik egon ziren kokapen aldaketei. Eskaerok areagotu egin dira udan zehar eta teknikariak banan-banan ari dira eskaera horiek aztertzen. Erabakiak hartu aldera, hondakin bilketa sistemaren ezarpenean ari diren teknikariak harremanetan jarri dira (eta jarriko dira) aldaketok eskatu dituzten herritarrekin.

Egokitzapena are eta eraginkorrena izan dadin, herritarren beste eskaera batzuk ere gauzatu dira dagoeneko; besteak beste, beira edukiontzien ezarpen aldaketak, kaleko zaborrontzien toki aldaketak eta etxeetako zein saltokietako edukiontziak uzteko kokapenak.

Informazio bulegoaren oharrak
Azkenik, atez ateko bilketa sistemari buruzko informazio bulegoak gogorarazi nahi du uztailera bitarte organikoaren edukiontzia irekitzeko erabiltzen zen giltza (edukiontzi marroiaren giltza) bulegoan bertan, Udaltzaingoan edota udal harrera bulegoan entregatu behar dela, eta organikoa biltzeko erabiltzen diren poltsa konpostagarriak eskuratu ahal izateko txartela etxeetara banatuko zaiela erabiltzaileei. Bulegoa udaletxeko arkupeetan dago. Astelehenetik ostiralera dago irekita (11:30-13:30), eta asteazkenetan goiz eta arratsalde (09:30-13:30 eta 17:00-19:00). Harremanetarako: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. eta 608 675 791.