BARRENA JAUREGIKO ARGIZTAPEN BERRIA PIZTEAR DA

LED teknologia berriena erabili da 81 luminaria jartzeko, eguneroko kontsumoan euro bat baino gutxiago gastatuko delarik

Ordiziako Barrena jauregiko fatxadako argiztapen artistikoaren inaugurazioa datorren asteazkenean, ekainaren 12an egingo da. Ekitaldia 22:00etan izango da, herritarrei irekita, eta bertan egongo dira Iberdrola España Fundazioko Carmen Recio, Arte eta Kultura arloko arduraduna, eta Carmen Pages, Gipuzkoako banaketa sareko arduraduna,  Udal ordezkariekin batera, Jose Miguel Santamaría ordezko alkatea buru dela. Fundazioak 80.000 euro inbertitu ditu proiektu honetan, aurreko irailean hiribilduaren 750.urteurrenaren programaren baitan sinatutako hitzarmena dela-eta.

Ordiziako Udalaren helburuetako bat da udalerriko ondarea kontserbatu, hobetu eta berreskuratzea. Hala, Barrenako fatxada hobetzeko proiektua sortu zen eta Iberdrolari parte hartzeko eskatu zitzaion.  Bitartean, Udalak eraikinaren fatxada konpondu eta margotu du. Iberdrolak, besteak beste, ondare historiko-artistikoaren kontserbaziorako proiektu garrantzitsuak garatzen ditu. Esate baterako, Erromaniko Atlantiko plana (www.romanicoatlantico.org) edota eraikin bereziak argiztatzeko programa. Bigarren honen baitan gauzatu da Barrenakoa.

Puntako LED teknologia XVII. mendeko eraikin batean

Hitzartutakoaren arabera, IBERDROLA fundazioak argiztapen proiektua, argien erosketa, zuzendaritza teknikoa eta lanen exekuzioaz arduratu da. Proiekturako LED teknologiaren  azken berrikuntzak erabili dira. Guztira 81 luminaria -foku eta konexio-bloke- jarri dira eta %80ko efizientzia lortu da. Hiru fatxadak piztuta edukita 1.783 batioko argi-indarra erabiliko da, hau da, etxetresna elektriko txiki batek gastatzen duen energia bera.

Ordiziako Udalak bere gain hartuko ditu instalazioaren zaintza eta energiaren kontsumoa. LED teknologiaren kontsumo txikiari esker Barrena Jauregiko argiztapen artistikoaz gozatzeko aukera izango da egunean euroa baino gutxiago gastatuta (0,91 xentimo).

Argiztapen neutroa eman zaio monumentuari, gauean pizten denean eraikinaren arkitektura nabarmenduko duena. Baina jai esanguratsuetan edo egun berezietan herritarrekin  eragingo du, argiztapenak koloreekin jokatzeko ematen duen aukera erabilita.  Argiztapena aldatzeko aukera izatea Udalaren eskaera izan zen, jauregi enblematikoa herritarrekin komunikatzeko erabili ahal izateko. Modu honetan Udalak gizarteari bere inplikazioa eta elkartasuna agertuko dio.

Barrena Jauregia Kultur Intereseko Ondare izendatu zen 1964ean eta gaur egun Ordiziako kultur etxea da. XVII. mendeko euskal jauregien hiri-arkitekturaren adierazlea da. Herriko etxerik garrantzitsuenetarikoa da eta izenak "beheko etxea" esan nahi du. Juan de Herrera arkitekto ezagunak zuzendu zituen lanak.  Bere hiru fatxadek estilo arkitektoniko desberdinak dituzte, eta Euskadin kasu bakarra da. Argiztatze proiektuaren helburua fatxada horien arkitektura eta elementu artistikoak balioan jartzea da, hain zuzen.

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik