‘KULUNKATU ORDIZIA’, 800. URTEURRENERAKO

Orain txikiek eginda ezagutzera eman den bideoklipa 50 urte barru Barrenan aterako den ‘Denboraren Kapsulan’ jaso da

Ordiziako 750.urteurreneko programak badu oraindik emana. Oraingoan herriko txikiak dira protagonistak. Kiliklon enpresarekin ‘Kulunkatu Ordizia’ bideoklipa sortu dute Alotza Haurtzaindegia, Urdaneta Ikastetxea eta Jakintza Ikastolako ikasleek. Herriko leku desberdinetan grabatu dute eta abesti bat ere sortu da bideoa osatzeko.

Denboraren kapsulan gorde zen bideoa eta, adinagatik, protagonista horiek izango dira 50 urte barru, 800.urteurrena ospatzen denean, kapsulan gorde ziren oroigarriak aterako dituztenak. Protagonistek, Kilikloneko Miru pailazoak eta Joseba Aranburu urteurreneko zinegotziak aurkeztu dute ekoizpena bere difusiorako ostegun honetan, martxoaren 21ean.

Aranburuk ordiziarrentzat 2018.urtea berezia izan dela gogoratu du. ‘Ekintza ugari egin dira 750.urteurrenaren baitan. Gehienak pertsona helduentzako izan dira, baina umeak ere herriko parte dira, gure etorkizuna. Horregatik ikastetxeekin elkarlanean, herriko leku esanguratsu batzuetara jo dugu, horiek eta protagonista txikiak irudietan jasoz nabarmentzeko.  Abesti bat sortu da propio honetarako eta hori abestuz eta dantzatuz ikusiko ditugu herriko txoko horiek gaur egun diren bezala. Zeresana emango du, dudarik gabe, 50 urte barru berriz ikustean’.

Bideoklipean Jakintza eta Urdanetako Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako 30 ikasleek eta haurtzaindegikoek hartu dute parte, hain zuzen. ‘Kulunkatu Ordizia’ izena jarri zaio lanari. Miruk ere parte hartu du eta bere hitzen arabera, ‘Kulunkatu sehaskak egiten dira, goxotasunez, eta goxotasun hori eta herriko hainbat ezaugarri agertzeko letrak dio ‘kulunkatu Ordizia,  zapore eta gozoz, alaitasun osoz...’.

Bideoa ikusteko lotura: https://youtu.be/vkizqrjE-ic

 

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik