DOKUMENTU HISTORIKOAK ETA 'VILLAFRANCAKO' MAKETA IKUSGAI

Maketa 1700 urtera hurbilduta egin da garaiko dokumentuetan oinarrituta

“Bidaia Villafrancaren historiatik, dokumentuetan barrena” erakusketa eta “Villafranca 1700 urte inguruan” hiribilduko maketaren aurkezpena iragarri dituzte prentsa aurrean Gure Iragana taldeko Nerea Iraola eta David Cano historialariek eta Joseba Aranburu Ordizia 750 urteurreneko zinegotziak. Maketaren egilea Gorka Otsoa de Alda da. Erakusketa ostegun honetatik dago zabalik D`elikatuz zentroan eta larunbatean, abenduaren 1ean, bisita gidatuak egingo dira. Erakusketa Gabonak pasa bigtarte ikus ahalko eta eta maketa betirako geratuko da.

‘Gure historia ezagutzeko erarik onenetariko bat gure arbasoek idatzitako dokumentuak dira. Horregatik eta gure hiribilduak aurten betetzen duen 750. urteurrenaz baliatuz, nolabait, Ordiziaren garapen historikoa adierazten duten izaera anitzeko dokumentu batzuk erakutsi nahi izan ditugu’, esan dute Gure Iraganakoek.

Bisita gidatuak larunbatean

Erakusketa Ordiziako hiribilduko dokumentu garrantzitsuenetariko batzuk, lehendabiziko aldiz eta lehen eskutik, ezagutzeko aukera paregabea da. Dokumentu hauek orain dela hiru urte III. Victor Mendizabal bekarekin hasi zen ikerketa luze baten fruituak dira eta aukera berezi honetaz baliatuz, herritarren gozamen eta atseginerako erakusketa honetan aurkeztuko dira. Paneletan irudikatuko dira gehienak eta jatorrizko batzuk ere jarriko dira.

Dokumentazio honen jatorria eta tipologia era askotakoa da, izan ere, lekuko, probintziako eta artxibo nazional desberdinetatik eskuratutako dokumentuak baitira. ‘Askotan ikusten ez diren, itzelezko lan orduen eta ahalegin irmoaren erakusgarri’ da erakusketa. Dudarik gabe, ardura handiko lana izan da eta ‘azkeneko xehetasunik txikiena ere kontu handiz landu dugu’, argitu dute Iraolak eta Canok.

Erakusketa, Gabonak pasa bitarte, D´elikatuz zentroan egongo da kokatuta eta bisita gidatuak berriz, abenduaren 1ean, larunbatean izango dira: euskarazkoa goizeko 11:00etan eta gaztelaniazkoa eguerdiko 12:00etan.

Hiribilduaren, eta honen ingurunearen, maketa Gorka Otsoa de Alda adituak egin du, Gure Iraganako kideen aholkularitzarekin 1700 garaiko errealitatera hurbiltzeko. Eta oso irudi erreala lortu dutela diote. Maketak 1,30 bider 1,5 metroko azalera du, erretsina, poliespana eta egurra erabiliz egin da eta hau  ere ikusteko aukera izango da hitzordu berdinean. Maketa hiribilduko 750. urteurrenaren baitan Ordiziako Udalak eskatutako maketa da. Hau ere ‘denbora, esfortzu eta maitasun handiko lana’ izan da eta abenduaren 1ean erakusketaren bisitarekin batera aurkeztuko da.

Aranburuk eskerrak eman dizkiete hirurei Villafrancaren iragana herritarrei hurbiltzeko egiten ari diren esfortzua eta jarri duten maitasunagatik.

ordizia lab

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik