ALDAKETA SOZIAL BATERAKO BATU DIRA HERRIKO HAINBAT ERAGILE ORDIZIAN

Datorren astean zehar ekintza desberdinak burutuko dira eta larunbatean KOLORE TRUK eguna ospatuko da

Datorren astean zehar Kulturen arteko topaketa egingo da Ordizian, Ordizia Kolorek, Udaleko Aniztasun arloak, 750. urteurrenaren baitan hainbat eragileekin antolatuta. Programa anitza da eta egun nagusia larunbata bada ere, azaroaren 17a, astean zehar ekintza desberdinak egingo dira. Aurretik, igande honetan, urtero bezala Euskal Herrian Bizilagunak bazkariak egingo dira, aurtengo leloa “Gehitu osagarria dibertsitateari” izanik. Horrelagogoratu dute programa aurkeztean Ainara Ormaetxea teknikariak, Iñaki Dubreuil Zinegotziak, Kimetzeko Belen Balerdik, Fiareko Jose Manuel Otegik eta Gaztetxeko Mattin Kortak, besteak beste.

Hala, giroa berotzeko, asteartean 18:30ean Barrenan Estitxu Eizagirrek, Argia aldizkariko zuzendariak, ‘Ardi beltzok euskaraz’ hitzaldia emango du. Bat-bateko itzulpen zerbitzua egingo da. Asteazkenean liburutegian izango da hitzordua, 17:15ean Idoia Sanchezekin. Munduko ipuinen kontaketa egingo du.  Eta ostiralean emakume etorkinen espazio kultur anitzaren txanda izango da. Solasaldia ‘Emakume anitzak biolentziarik gabeko bizitza baten alde’ lelopean izango da 17:00etan D’elikatuz zentroan.

Egun osoko egitarau mardula larunbatean

Ordizian, lehen aldiz, esparru, jatorri eta kultura ezberdinetako herriko eragile zein herritar solteak bilduko dira, bereziki,  ‘gure herria eta mundua toki hobea izan daitekeela amesten dugulako eta bakoitzak, bere eremutik, euskaratik, migraziotik, berdintasunetik, ekonomiatik, partaidetzatik eta nekazaritzatik, baina denok elkarrekin, sinergiak batu eta gure herria, gure harremanak, eredu ekonomiko, sozial eta kulturala eraldatu  dezakegula uste dugulako’, agertu du Ormaetxeak.

Datorren larunbatean, hilaren 17an, ‘eraikitzen ari garen bestelako herri horren adibide batzuk erakutsi eta ospatu nahi ditugu Kolore-Truk Merkatu Sozial honetan, aldaketa sozial baterako aukerak adierazi nahi ditugu’. Horregatik, egun hau disfrutatzeko eguna izango da, lasai etorri eta txoko guztiak patxadaz ikusteko eta elkarrekin gozatzeko tokia izango da.

Txoko ezberdinak egongo dira goizean 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 18:00etatik 20:30etara. Alde batetik, lurralde ezberdinetako postuak egongo dira: Ekuador, Nigeria, Senegal, Bolivia, Errumania, Maroko, Sahara eta Algeria ordezkatuta egongo dira eta bertara sartu, ikusi eta bertakoekin té bat hartuz edo, solasalditxo bat izateko aukera izango dugu euren kulturak gertuagotik ezagutzeko.

Merkatu Sozialaren ikuspuntutik, honako entitateak etorriko dira:  Fiare. Banku Etikoa, Goiener. Energia berriztagarrien sorkuntza eta konstumo kooperatiba, Izarkom. Euskal Herriko Telekomunikazio Operadore Kooperatiboa, Farapi. Ikerketa eta eraldaketa prozesuak, Olatukoop. Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Sarea, Argia. Komunikazio proiektu independiente eta kritikoa, Dar-Dar. Arteak, gizarteak eta kulturak bat egiten duten gizarte ekimenezko Kooperatiba, Basherri. Gipuzkoako Kontsumo Taldeen Sarea, Behieko. Behi esne ekologikoa eta Gozatu Eztia ekoizlea.

Hauek gehienek egoitza soziala Ordizian edo Goierrin daukate, beraz, eraldaketa sozial baten alde bertan ditugun entitateak ezagutzeko aukera izango da. Gainera, goiz eta arratsaldean, modu informalean, entitate hauekin guztiekin, ordu erdiko solasaldi bat izateko aukera izango da Udaletxeko arkupetan.

Bestalde, txoko ezberdinak egongo dira:

·         Jostailuen trukea. Bertan, etxean ondo ditugun jostailuak ekarri eta beste batengatik, trukean, aldatzeko aukera izango dugu.

·         Gazteren Kofradia. Hauek Idiazabal gazta hobe ezagutzeko aukera eskainiko digute, 13:15etan, Udaletxe azpian ere, dastatze tailer bat eginez.

·         Puntu Morea. Berdintasunaren ikuspuntutik eta Azaroak 25 bertan dugula kontutan izanik, txoko bat eskainiko digute matazak egiteaz gain, puntu lilak banatu eta indarkeriaren inguruan hausnarketak egiteko.

·         Euskaraldia. Euskarak bere protagonismoa edukitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu oraindik ere erronka ugari ditugulako herrian.

·         Gaztetxea. Hausnarketa sozialerako txokoa.

·         Hiri Hezitzailea. Herritarrak herritarren artean hazteko proiektua.

·         Huts-gunea. Sorkuntzarako eta eztabaidarako gunea.

Gainera, jolas guneak prestatuko dira herri-gunean, Goen eta Nikolas Lekuona Plazetan zehazki (euria egiten badu frontoian egingo da). Gune honetan jolas kooperatiboak eta lehengo jolasak egingo dira eta haur guztiei zuzenduak egongo dira. Jokuen prestakuntzan Oianguren Institutuko ikasleak arituko dira.

Eta gutxi balitz, Goierriko Bertso Eskolako bi bertsolari egongo dira goizean zehar, Ane Beloki eta Aratz Igartzabal gertatzen den guztia kontatuz.

Munduko arrozen prestaketa eta herri bazkaria

Larunbatean hirugarren elkargunea Beti Alai Pilotalekua izango da. Hala, 12:00etan Munduko arrozak prestatzen hasiko dira hainbat elkarte eta lurralde desberdinetako ordiziarrak. Azari Elkartea eta Ekuador jatorrikoak, Altartea Elkartea eta Nigeria, Irriki Elkartea eta Errumania eta Goizaterpe Elkartea eta Txile. Prestatutako 14:30ean dastatuko da bazkari herrikoian.  Munduko arrozak, Behieko jogurta eta kafea emango dira eta salgai dira txartelak D´elikatuz zentroan, Zuhaiztiko kafetegian, Magazine Romanesc dendan eta Herriko tabernan. 16 urte artekoentzat euro batean eta hiruen 17tik gorakoentzat.

Bazkalostean, 16:00etatik 17:30etara, kafe-dinamika tailerren txanda izango da, honako gaien inguruan:

- Euskara. “Euskara integraziorako erreminta”.Jon Maia Soria. Bertsolaria

- Berdintasuna. “Feminismoak Goierrin”. Farapi eta Talde Morea.

- Ekonomia. “Bizitzak erdigunean jarriz ekonomia eraldatzen”. Olatukoop eta Gaztetxea.

- Nekazaritza.“Tokiko elikadura sistemen atzetik”. Jon Etxeberria (Gozatu) eta Aitor Aranburu (Behieko)

- Migrazioa. “Zurrumurruak eta errealitateak: Europatik datozen haize beldurgarriak”. Xabier Aierdi. EHUko irakaslea eta Ikuspegi, Euskal Immigrazioaren Behatokiko sortzailea.

- Parte-hartzea. “Saretze eta aktibazio soziala”. Amaia Agirretxe eta Maider Avaristo. Ekintzaile Sozialak.

Amaitzeko, D´Elikatuzen  Ordiziarrock deituta 20:00etan kontzertua emango dute  Marina Herlop Kataluniarrak  eta Maddik.

PROGRAMA

Kolore-Truk Merkatu Soziala - programa (pdf)

ordizia lab

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik