ORDIZIentziA ‘ORDIZIA 750’ URTEAREKIN ETA ORKLIREKIN DATOR URRIAN

Hitzaldi bana eskainiko dute Nekane Balluerkak, Martín Garciak eta Pedro Miguel Etxenikek

Urriaren 5ean hasiko da ‘ORDIZIentziA-2018’ zikloa, Ordiziako Udalak eta  Lemniskata Goierriko Zientzia sare herrikoiak elkarlanean antolatutako hitzaldi zikloa. Hiru saio izango dira aurten. Azkena Orkli enpresak babestuta dator eta enpresaren egoitzan bertan izango da. Zikloak eta Orklik Ordiziako hiribilduaren 750.urteurrenarekin bat egin dute.  Hizlariak Nekane Balluerka, Martín Garcia eta Pedro Miguel Etxenike izango dira. Saioen berri emateko elkartu dira prentsa aurrean, Orklin, enpresako Iker Estensoro  presidentea, Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkatea eta Joseba Aranburu Ordizia 750 urteurreneko zinegotzia eta Lemniskatako  Patxi Elorza kidea.

Iker Estensorok zikloaren amaieran, urriaren 25ean, Orklin eskainiko den programa aurkeztu du. ‘Teknologia eta Zientzia Orklin’ gaia landuko da eta bi ekintza prestatuko dira: ate irekiak ‘Teknoturismoa Goierrin’  izenburupean  eta Pedro Miguel Etxenike doktoreak emango duen hitzaldia, teknologia eta zientziari buruz hitz egiteko.

Hala, urriaren 25ean arratsaldean bere ateak irekiko ditu Orklik industrian ari diren gazte eta interesatu guztientzat. ‘Teknologia ekoizpenean ditugun gure azken berrikuntzak erakutsiko ditugu ’ esan du Estensorok. Bisita 17:00etan hasiko da eta parte hartzeko izena eman behar dela jakinarazi du, www.orkli.es/ateirekiakatariaren bidez.

Orkli teknologiaren abangoardian kokatuta dago eta bere sektorean mundu mailako liderra da. ‘Merkatu globalean mantentzeko ekoizpen aurreratuan aritzea da gure apustua. Hori da gure elementu bereizgarria eta bisitariek errealitate hori ezagutzeko aukera izango dute’, azpimarratu du Estensorok. Bisita ondoren, 19:00etan, hasiko da Etxenikeren saioa. Honetara gerturatzeko ez dago izena eman beharrik. ‘Ekimen honen bidez industria 4.0 eta ikuspegi zientifikoa euskal enpresetara eta gazte ekintzaileei gerturatu nahi ditugu’ esan du.

Tradizioa eta berrikuntza Ordizian

Jose Miguel Santamaria alkateak Orkli Ordizian izateak duen garrantzia goraipatu du. ‘Herritarrok harro gaude, Ordiziako enpresa garrantzitsuena da, eredugarria, lana sortzen duena, garaiko beharretara egokitzen dena, berrikuntza bultzatuz mundu mailan lehiakorra izateko’, esan du.

Ordizian berrikuntza eta tradizioa uztartzen dira. ‘Txikiak gara baina puntako industria dugu. Hezkuntza ere industriaren beharretara egokitu dugu, bailarako beste herriekin eta enpresekin elkarlanean, eta honen eredu dira Goierri Eskola eta Modragon Unibertsitatea. Baina gure hiribilduaren 750.urteurrena gogoratzen ari garen urte honetan, gure ibilbide historiko luzea ezagutu eta gerturatzeko, pauso bat aurrera eman nahi dugu. Tradizioari eta ekonomiari lotuta, Ordiziako azoka ezaguna dugu. Hau ere gure nortasunaren adierazle nagusietakoa da, merkataritzarekin batera. Eta balioan jartzeko, bultzada garrantzitsu bat emateko, lanean ari gara Eusko Jaurlaritzarekin batera laster ezagutzera emango dugun proiektu aitzindari batekin’, aurreratu du alkateak.

Psikologia gizartearen zerbitzura eta Goierriko arkitektoak

Orkli enpresaren egoitzan aurkeztu den zikloa 750. urtemugarekin lotu da aurten. Hiru hitzaldi izango dira urrian zehar, hilaren 5ean, 19an eta 25ean, 19:00etan hirurak. Lehenengo biak ostiralez eskainiko dira Barrena Kultur etxean eta hirugarrena ostegunean Orklin.

Patxi Elorzak, Lemniskata Goierriko Zientzia sareko lehendakariak programa zehaztu du. Urriaren 5ean ordiziar bat izango da hizlaria. Nekane Balluerka, UPV-EHUko errektorea, hain zuzen.  Egun honetarako proposatutako gaia ‘Psikologia eta metodologia gizartearen zerbitzura’ da. Balluerka Psikologian katedraduna da, 41 ikerketa proiektutan parte hartu du eta ikertzaile nagusia izan da horietako bederatzietan. Qualiker taldeko ikertzaile nagusia da, 96 artikulu zientifikoren, 24 libururen eta 9 liburu kapituluren egile-kidea da, besteak beste. Gaur egun EHU-ko errektore da.

Ordiziarrak beasaindar bati emango dio lekukoa. Hala, hilaren 19an Martin Garciak hitz egingo du Goierriko arkitektoen eta Abariatarren inguruan. ‘Los Abaria y los arquitectos de Goierri’ da hitzaldiaren izenburua. Garcia historiagilea da. Aldizkarietan hainbat artikulu argitaratu ditu eta hainbat liburuen egilea da, Beasaingo Paperak bilduman batipat. Lemniskata Kaierak bildumako lehen alea ere ‘CAF, mende bat burdinbidearen zerbitzura’berari zor zaio, Juanjo Olaizolarekin batera.  Oraingoan, Lemniskata Kaierak bildumako bigarren alea eta dagokion erakusketa aurkeztuko ditu, Ordiziako arkitektoei tartea eskainiz. Erakusketan hamasei panel jarriko dira eta Barrenan bertan kokatuko da.

Eta, azkenik, Orklin bertan eskainiko den saio bikoitzarekin itxiko da aurtengo ORDIZIentziA zikloa.

 

ordizia lab

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik