IBERDROLA FUNDAZIOAK BARRENAKO FATXADA ARGIZTATUKO DU

Erakundeak 80.000 euro inbertituko ditu eta lana gehienez sei hilabeteko epean egingo da

Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak, eta Ramon Castresana, Fundación IBERDROLA España erakundeko zuzendariak Barrena Jauregiko fatxada argiz apaintzeko hitzarmena sinatu dute astelehen honetan, irailaren 17an, Ordizian. Helburua eraikina bera eta honen ezaugarri artistikoak balioan jartzea da. Fernando García Sánchez jauna, Iberdrola Fundazioaren presidentea;  José María Grijalba, estatuko iparraldeko Iberdrola Distribución-eko zuzendaria,  eta Joseba Aranburu, Kultura zinegotzia ere Barrenan izan dira sinadura unean.   Ekimena Ordiziako hiribilduaren 750.urteurrenaren baitan antolatutako programako parte da,  bertan geratuko eta urtean zehar hainbat egunetan piztuko da.

Inbertsioa Fundacion IBERDROLA España erakundeak egingo du eta 80.000 eurokoa izango da. Argiztapen proiektua, argien erosketa, zuzendaritza teknikoa eta lanen exekuzioa egingo ditu. Ordiziako Udalak bere gain hartuko ditu instalazioaren zaintza eta energiaren kontsumoa. Fatxadetako argiak txuriak eta eskailerako arkukoak koloretakoak izango dira.

Juan de Herrerak sortutako Kultur Intereseko Ondarea

Barrena Jauregia Kultur Intereseko Ondare izendatu zen 1964ean eta gaur egun kultur etxea eta musika eskola hartzen ditu. XVII. mendeko euskal jauregien hiri-arkitekturaren adierazlea da. Herriko etxerik garrantzitsuenetarikoa. Kasu honetan izena eta izana bat datoz, izenak "beheko etxea" esan nahi baitu, eta argi eta garbi erakusten du herriko zein tokitan kokatua dagoen. Garai batean Jaques etxearekin igaro-toki baten bitartez lotuta zegoen eta hala egon zen azken Karlistadara arte, orduan bota egin baitzen aipatutako igaro-tokia eta bi etxeak banatuta gelditu ziren.

Juan de Herrera arkitekto ezagunak zuzendu zituen lanak.  Oinplano errektangularra du, beheko planta eta hiru solairu ditu. Bere hiru fatxadek estilo arkitektoniko desberdinak dituzte, eta Euskadin kasu bakarra da.  Parke aldera dagoen fatxadan konposizio simetrikoa diseinatu zuen Juan de Herrerak, erdiko arku ederra ardatz hartuta. Oin nagusira igotzeko dagoen harrizko eskailera bikaina agerian uzten du arkuak.

Erakargarriena, hain zuzen eskailera nagusia da, harlanduz egindakoa, bai eta, lehenengo solairuko areto ederrak ere. Beste garai batean Probintziako hainbat Batzar Nagusi egin ziren bertan. Jauregi honek gaur egun antzinako izaerari eutsi dio. Ataurrea, lursailak eta hegoaldeko fatxadaren oinetan kokatutako basotxoa  lorategi publiko bilakatu dira.

Ondarea babestu eta berreskuratzea, bi erakundeen nahia

Ordiziako Udalaren helburuetako bat da udalerriko ondarea kontserbatu, hobetu eta berreskuratzea. IBERDROLA España fundazioaren helburuetako bat da ezagutza, ikerkuntza, kultura eta artea bultzatu, babestu eta zabaltzea. Baita artea eta kultura babestu eta ezagutzera emateko, proiektu eta jarduerak eragin eta erakunde publiko nahiz pribatuek burututako jarduera kulturalak edota artistikoak teknikoki eta ekonomikoki laguntzea. Hala, fundazioaren asmoa erreferentziazko erakundea izatea  da, pertsonen bizitza kalitatea hobetu eta garapen iraunkorreko ekimenak sustatuta.

Honetarako ondare historiko-artistikoaren kontserbaziorako proiektu garrantzitsuak garatzen ditu. Esate baterako, Erromaniko Atlantiko plana (www.romanicoatlantico.org)edota eraikin bereziak argiztatzeko programa. Orain arte 80 eraikin baino gehiago argiztatu dituzte. Hauen artean, San Isidroko Errege Panteoiaren kolegiata, Leonen; Ucles monasterioko fatxada, Cuencan eta Santa Maria del Paular monasterioko eliza, Rascafrian. Eta gertuago, Donostiako eta Irungo udaletxeak eta Irungo Santa Maria del Juncal eliza.

Barrenako argiteria pizteko prest izango da sei hilabeteko epean, gehienez.

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik