OSASUNA ETA BIZI OHITURAK AZTERKETARA OSASUN ZIKLOAREN BAITAN

Bizi ohiturek pertsonen osasunaren %80a baldintzatzen dute

Datorren asteartean, ekainaren 5ean, hiribilduaren sorreraren 750. urteurrenagatik antolatu den osasunaren inguruko zikloaren barruan beste hitzaldi bat egongo da.Izenburua “bizimodu osasuntsurako aginduak” izango da.Hitzaldia 18:30ean izango da Zuhaizti zentroan eta Sebas Gartziarenak eta Xabi Mujikak zuzenduko dute.

Hitzaldiaren helburua pertsonen osasun egoerarekin erlazionatuta dauden eragileak ezagutzera ematea da; batez ere, bizi ohituretan, horiek osasun egoeraren erantzuleak baitira % 80an.

Tabakoa, alkohola, ariketa fisikoa eta dieta osasuntsua

Hizlariek alkohola eta tabakoaren kontsumoa izango dute ardatz (ekidin daitekeen heriotza eragile nagusia), baita ariketa fisikoa egiteak eta dieta osasuntsu bat jarraitzeak duen garrantzia ere.Hitzaldian zehar, Ordiziari buruzko datuak ere emango dira bai jendartean, bai bizi ohituretan dauden osasun eragileen arabera. Azkenik, bizimodu osasuntsu bat eraman ahal izateko Osakidetzak dituen hainbat baliabide ikusiko dira.

Gai interesgarri honen inguruan Sebas Gartziarena Lasartek (Ordiziako osasun zentroko erizaina eta Goierri Urola-Garaiko ESI-ko osasun komunitarioaren sustapenerako eta prebentziorako batzordeko kidea) eta Xabi Mujika Peñak (dietista-nutrizionista eta Goierri Urola-Garaiko ESI-ko erizain laguntzailea) hitz egingo dute.

Gogora ekarri behar da, euskal jendartean, emakume eta gizonen bizi-itxaropena 86,5 eta 79,8 urtekoa dela, hurrenez hurren.EUSTATen arabera, 2013 eta 2026 bitartean, Euskadiko 65 eta 74 urte bitarteko biztanleriak % 26ko hazkunde erlatiboa izango du eta 75 eta 84 urte bitartekoak % 15ekoa; aldiz, 85 eta 94 urte bitartekoak % 39 hazi egingo dira eta 95 urtetik gorako pertsonak hirukoiztu egingo dira.Horregatik, osasunaren inguruko zikloaren antolatzaileek interesgarritzat jo dute gai horri heltzea.

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik