AURRETIAZKO BORONDATEEN GAINEKO HITZALDI BERRIA ORDIZIAN

Iñaki Saralegi medikuaren eskutik, bizitzaren amaierako prestakuntzari buruz hausnartzeko gonbidapena luzatzen da

Ordiziako hiribilduaren sorreraren 750. urteurrenagatik antolatu den osasunaren inguruko zikloaren barruan, Aurretiazko Borondateen gaineko hitzaldia egongo da Barrenan (hurrengo asteazkenean, apirilaren 18an, 18:30ean).Oraingo honetan gonbidatu den aditua Iñaki Saralegi medikua da.

Biztanleriaren zahartzearen aurrean eta gaixotasun askoren kronifikazioaren aurrean, aurretiazko borondateak jasotzen dituen agiria (bizi testamentua edo aurretiazko jarraibideak) gero eta erabilgarriagoa da:Gaixoen nahiak ezagutzen eta errespetatzen laguntzen du, gaixotasunagatik edo zahartasunagatik horiek adieraztea ezinezkoa denean.

Prozesu honek bermatu nahi duena hau da: pertsona batek jaso nahi dituen zaintzak eta osasun-tratamenduak adierazteko gaitasuna galtzen duenean, baita hil ostean bere gorpuarekin edo organoekin zer egin nahi duen erabakitzeko ere, erabaki horiek aldez aurretik adierazitakoaren arabera egitea.  Zaintzen planifikazioaren eta Aurretiazko Borondateen Agirien erredakzioaren garrantziagatik  helburuen, baldintzen, mugen, moduen eta ondorioen gaineko hausnarketa egitea gomendatzen da.

Saralegi medikuak hausnarketa honetara hurbiltzen direnei beharrezkoa duten informazio guztia emanez lagunduko die.Saralegi Medikuntzan doktorea da, Medikuntza intentsiboan aditua, unibertsitate espezialista Bioetikan, Laguntza Etikoko Batzordeko lehendakaria –ESI Araba eta Osakidetza-Eusko Jaurlaritzako Aurretiazko Borondateen proiektuko koordinatzailea.

Hitzaldia osasunaren inguruko hitzaldi zikloaren sustapen taldeak eta OSAKIDETZAk antolatu dute, Ordiziako udaletxearekin lankidetzan.

Argazkian, Laguntza Etikoko Batzordeko kideak Saralegi  medikuarekin, ezkerretik lehena.

 

ordizia lab

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik