IKTUSA, OSASUNARI BURUZKO ZIKLOAREN HITZALDIETAN

Maite Martinez Zabaleta ordiziar neurologoak bi hitzaldi emango ditu hilaren 5ean eta 21ean

Iktusa bigarren heriotza-kausa da (lehena emakumeen artean), eta helduek izaten duten desgaitasunerako lehen eragilea.Euskadin, urtero, 5.000 kasu berri gertatzen dira, eta Espainian 120.000.Azken 20 urteotan % 25 egin du gora iktusak 20 eta 64 urte bitartean dauden pertsonen artean.Datozen 25 urteotan kalkulatzen da iktusak % 27 egingo duela gora.  Estatistikako Institutu Nazionalaren azken erregistroak patologia horrek gorakada izan duela erakusten du; 100.000 biztanleko hilkortasun-tasa gordina 249,2 zen 2014. urtean, 2015ean, berriz, 267,7.Iktusa pairatu dutenetatik gehienek ondorioak dituzte, eta kasuen % 40an eguneroko gauzak egiteko ere desgaitzen dute pertsona.

Euskadin duela hamar urtetik gora arrisku kardiobaskularrari aurrea hartzeko egiten ari den lana emaitza onak ekartzen ari da.Horrela, 2004an 784 lagunek galdu zuten bizia miokardio-infartuagatik, eta handik hamar urtera kopuru hori 531ra jaitsi zen; alegia, % 32,3ko jaitsiera.Nolanahi ere, adituek diote erne egon behar dugula; izan ere, "Estatistikako Institutu Nazionalak eta Euskal Estatistika Erakundeak argitara emandako azken datuen arabera, 2014 eta 2015ean (eskura ditugun azken erregistroak) gora egin dute zirkulazio-sistemako gaitzengatik izandako heriotzek.Termino absolutuetan, 5.388 heriotzetatik 5.788 heriotzetara pasa gara urte bakar batean; horrek esan nahi du 100.000 biztanleko igoera % 7,42 izan dela termino absolutuetan (Eustat) eta heriotza-tasa gordinean".

Errealitatea, hortaz, kezkagarria da.Iktusa eta horren arrisku-faktoreak, eta iktusaren zantzuak eta alarma-sintomak ezagutzeak duen garrantziaz kontzientziatu behar ditugu herritarrak, eta halakorik gertatuz gero, larrialdi-zerbitzuei emango zaien informazioak argia izan behar du.Izan ere, iktusa izan duen pazientea neurologo batek lehen ordutan artatzen badu, erdira jaisten da hiltzeko edo desgaitasun larriren bat izateko aukera.

Iktusa, hortaz, lehen mailako larrialdi neurologikotzat hartu behar da.Inoiz baino beharrezkoagoa dugu gaixoen elkarteen, hedabideen, administrazioaren eta zientzialarien lana eta ahalegin erkidetu eta sinergikoa. 

Aukera bat errealitate kezkagarri baten aurrean

Horregatik guztiagatik, Ordizia sortu zela 750. urteurren hau dela-eta osasunaren inguruan antolatu den hitzaldi-ziklo honen asmoa da gai kezkagarri, garrantzitsu eta interesgarri hori aztertzea.Eta, horregatik, otsailaren 5ean eta 22an herritarrek aukera izango dute gaiari buruz gehiago jakiteko.

Lehen hitzaldia ("Iktusa: zer da eta nola saihestu?") Zuhaizti gizarte-zentroan izango da otsailaren 5ean (astelehena), 18:30ean.Bigarrena ("Iktusaren inguruan Gipuzkoan izan diren aurrerapenak") otsailaren 21ean izango da, 18:30ean, Barrena kultura-etxean.Biak Maite Martinez Zabaleta doktoreak emango ditu.

Maite Martinez ordiziarra da, Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean, eta halaber, neurologian aditua da.Martinezek Osakidetzako hainbat ospitaletan eta osasun-zentrotan jardun du 1996az geroztik.2008az geroztik Donostiako Unibertsitate Ospitaleko neurologia-zerbitzuan dihardu (bertan trebatu zen).

Maitek interes berezia du garun-patologia baskularrarekin. Horrela, pazienteak artatzen ditu, eta Donostia Ospitaleko iktus-unitatearen koordinatzailea da. Unitate horretan neurologia-ataleko burua da iaztik.

Horiez gain, EHUko irakaslea da 2007az geroztik, baita irakasle elkartua ere 2011z geroztik; neurologia irakasten du euskaraz.

Matinez Zabaletak ehundik gora kongresutarako komunikaziotan hartu du parte, hogeita hamar ikerketa-proiektutan baino gehiagotan ikertzaile laguntzaile edo ikertzaile nagusi gisa jardun du, eta hainbat aldizkaritan eta liburutan argitaratu du bere lana.

Zikloaren antolatzaileek Ordiziarentzat pribilegiotzat jotzen dute doktorea bertan egotea.

 

Hurrengo ekitaldiak

Ez dago ekitaldirik