HOBEKUNTZAK ORDIZIAN

Rezolako aparkalekua asteazken honetan zabaldu da handitu ondoren, Arramendibidea asfaltatu da eta Okorro kaleko obra hastear dago

Udalerriko hainbat eremuetan egin berri diren edo hastear dauden hobekuntza lanekin amaituko da urtea. Azaroan tratamendu ez labaingarria eman zen Goierri eta Filipinak kaleetako gune batzuetan. Ondoren, Arramendibidea konpondu da, Joseba Rezolako parkina handitu eta berritu da eta Okorro Kaleko urbanizazioa berritzeko lanak hastear daude.

Rezola pasealekuaren parean, tren geltokiaren segidan dagoen parkina asteazken honetan zabaldu da berriz handitze eta berritze lanak amaitu ostean. Aparkatzeko hamalau plaza gehitu dira Adif erakundearekin, eremuaren jabearekin, adostu eta gero. Bide batez, aparkaleku osoko zorua berritu eta trafikoaren noranzkoa aldatu egin da. Hala, orain  lehen sartzeko erabiltzen zen bidetik irten egin behar da. Sartzeko, berriz, lehen  irteteko erabiltzen zen sarbidea prestatu da. Alderantziz, alegia. (...)

UDALAK 11.000 EURO DITU IRISGARRITASUN OBRAK DIRUZ LAGUNTZEKO

Eskaerak azaroaren 30a baino lehenago aurkeztu behar dira

Ordiziako Udalak udalerriko etxeetan irisgarritasun arazoak konpontzeko obrak egiteagatik dirulaguntza emateko deialdia zabaldu du. Diru-laguntzak  2015ean baimendu eta  2016ko ekainaren 30 baino lehen amaitu diren lanei emango zaizkie.

Aurkeztuko diren eskaerei aurre egiteko, 2016ko aurrekontuan 11.000,00 euroko kopurua aurreikusi da. Itzuli beharrik gabeko zuzeneko diru-laguntza bat denez, eraikin bakoitzeko etxebizitza-kopuruarekiko proportzionalki banatuko da, betiere baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

TAXI GELTOKIA AMPUERORA ERAMANGO DA

Ezinduentzako aparkatzeko plaza berriak jarriko dira Garagartzan

Garagartza plazako taxi geltokia lekuz aldatuko da datorren astean. Hala, Ampuero kalean izango du kokapen berria, hau da, tren geltoki aurrean dagoen kalean. Aste honekin  egin nahi dira pintaketa lanak, eguraldiaren arabera, eta ondoren izango litzateke leku aldatzea. Leku-aldatze honi esker, Garagartzan aparkaleku gehiago izango dira erabilgarri. Zehatz-mehatz, lau plaza berri jarriko dira ezinduen txartela dutenentzat.

Pintaketa lanak Ampueron eta Garagartzan ez ezik, beste hainbat gunetan egingo dira: Gudarien etorbidean, Gernikako Arbolaren pasealekuan, Bizkaia pasealekuan eta Zuberoa kalean, besteak beste.

BALDEAK DATORREN ASTEAN JASOKO DIRA

Ez da derrigorrezkoa bueltan ematea

Hondakinen bilketa zerbitzua aldatu ondoren, datorren astean ‘atez ateko’ baldeak jaso egingo  dira. Asteazken goizean kalean daudenak, Udalak jaso egingo ditu. Baldeak norberak gorde ditzake nahi izanez gero. Hala, kalean edukiz gero, aipaturiko eguna baino lehen jaso egin behar dira. Etxean eduki eta entregatu nahi dituztenek, bi aukera dituzte:  udaletxera eraman ditzakete astelehenetik aurrera (goizean arreta bulegoan edo arratsaldean udaltzaingoaren bulegora)  edo kalean utzita asteazkenerako.