TAXI GELTOKIA AMPUERORA ERAMANGO DA

Ezinduentzako aparkatzeko plaza berriak jarriko dira Garagartzan

Garagartza plazako taxi geltokia lekuz aldatuko da datorren astean. Hala, Ampuero kalean izango du kokapen berria, hau da, tren geltoki aurrean dagoen kalean. Aste honekin  egin nahi dira pintaketa lanak, eguraldiaren arabera, eta ondoren izango litzateke leku aldatzea. Leku-aldatze honi esker, Garagartzan aparkaleku gehiago izango dira erabilgarri. Zehatz-mehatz, lau plaza berri jarriko dira ezinduen txartela dutenentzat.

Pintaketa lanak Ampueron eta Garagartzan ez ezik, beste hainbat gunetan egingo dira: Gudarien etorbidean, Gernikako Arbolaren pasealekuan, Bizkaia pasealekuan eta Zuberoa kalean, besteak beste.

BALDEAK DATORREN ASTEAN JASOKO DIRA

Ez da derrigorrezkoa bueltan ematea

Hondakinen bilketa zerbitzua aldatu ondoren, datorren astean ‘atez ateko’ baldeak jaso egingo  dira. Asteazken goizean kalean daudenak, Udalak jaso egingo ditu. Baldeak norberak gorde ditzake nahi izanez gero. Hala, kalean edukiz gero, aipaturiko eguna baino lehen jaso egin behar dira. Etxean eduki eta entregatu nahi dituztenek, bi aukera dituzte:  udaletxera eraman ditzakete astelehenetik aurrera (goizean arreta bulegoan edo arratsaldean udaltzaingoaren bulegora)  edo kalean utzita asteazkenerako.

EZINDUEN APARKATZEKO GUNEEN ERABILERA ZAINTZEKO KANPAINA JARRIKO DA ABIAN

Udaltzaingoak ibilgailuen baldintza teknikoaren egoera ere begiratuko du

Ordiziako Udaltzaingoak datozen egunetan trafiko kanpaina bikoitza egingo du. Loturarik ez dute biek. Alde batetik, datorren astean, Udaltzaingoak ibilgailuen  baldintza teknikoen zaintza berezi bat egingo du. Bestetik, datorren astean hasi eta hurrengoetan ere, eragozpen fisikoren bat dutenentzat aparkatzeko dauden tokien erabilera zuzenaren jarraipena egingo du.

Udal ordenantzak pertsona hauentzat aparkatzeko denbora mugak ezartzen ditu. Aparkatzeko gune urdinetan autoak epe batez utz daitezke egunean zehar. Epe hori desberdina da, gunearen arabera, eta zehaztuta dago tokian bertan. Eragozpen fisikoa duten pertsonek denbora bikoitza aparka ahal dute, beti ere eragozpena dutela zehazten duen txartela autoan ipiniz.  Pertsona hauentzat dauden plaza espezifikoetan berriz, lau ordukoa da autoa uzteko gehiengo denbora, beti ere goizeko 8:00etatik 22:00ak bitartean.

Jakina, gune hauetan txartelarekin aparka daiteke eta ezindua izan behar du autoaren gidaria edo erabiltzailea. Datorren astean zehar gaizki jokatuz gero abisua jasoko da. Epea hori pasa eta gero dagokion santzioa jarriko da.

DATORREN ASTEAN EDUKIONTZIAK ITZULIKO DIRA ORDIZIARA

Txipa beharrezkoa izango da organikoaren, errefusaren eta pixoihalen edukiontziak irekitzeko

Irailaren 26an (astelehena) hasiko dira Ordizian jartzen hondakinak jasotzeko 'atez ate' sistema ordezkatuko duten edukiontziak.Iragan martxoaren 13an, Ordiziako herritarrek hondakinak biltzeko sistema aldatzea erabaki zuten, herri-galdeketaren bitartez.Prozedurak eskatzen zituen izapideak bukatuta, heldu da aipatu aldaketa egiteko ordua.Jose Miguel Santamariak (Ordiziako alkatea), Angelica Morenok (Hirigintzako, Herri Lanetako eta Ingurumeneko zinegotzia) eta Iñaki Dubreuilek (Gizarte Ongizate eta Berdintasuneko zinegotzia) sistema berria ezartzearen inguruko xehetasunak eman dituzte, euren programetan emandako hitza bete dutela gogoratuz.

Santamariak esan du aurreko legealdiko gairik eztabaidatuenari behingoz azkena eman zaiola, herritarren gehiengoak ‘inposizio’ bezala zuen sistemari, hain zuzen ere.Gehiengo horrek, gogorarazi du, hainbat modutara adierazi zuen bere 'desadostasuna': balkoietan poltsak jarrita, sinadurak bilduta, eta, azkenik, udalak eta besteak beste prozesua adosteko eratu zen mahaiak martxoaren 13an antolatutako bozketan herritarrek botoa emanez.Txipa duten edukiontzien alde bozkatu zuten 2.325 pertsonak, eta 1.145ek bilketa-sistema mistoaren alde, ez baitzitzaion aukerarik eman 'atez ateko' bilketa-sistemari.