MARTXAN DA URDANETA KALEKO OBRA

Kale honetako azken zatia berritzeko lana lau hilabetetan burutuko da

Aste honetan Urdaneta kaleko 68. zenbakia eta Beasaingo muga arteko zatiaren urbanizazioa berritzeko lanak hasi dira.  Obra amaitzeko lau hilabete beharko dira, gutxi gora behera. Euri eta ur zikinen saneamendua, ur-hornidura, espaloia eta errepideko zorua berrituko dira.

Urbanizazio obra hau Ur Kontsortzioak eta Udalak elkarlanean egingo dute, beste behin, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren baitan eta Gernikako Arbolaren pasealekuan apiriletik burutzen ari den obra bezalaxe.

Ekimen hauekin hirigintza arloko beharrak asebete nahi dira, herri segurago eta atseginago baten alde eginez.

GAUEKO LANAK TREN GELTOKIAN

Ordiziako tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko Adif erakundea egiten ari den obra dela-eta, datozen egunetan hainbat lan egiteko langileak gauez ariko direla ohartarazi du. Bi gau izango dira, zehatz mehatz, 24tik 25erakoa  eta 25etik 26rakoa eta 22:00etatik 06:00ak bitarteko ordutegian. Tren trafikoa ekiditea beharrezkoa delako eta segurtasuna bermatzeko egingo  da lana bi gau horietan. Ahalik eta eragozpen gutxien eragin nahi da, baina zarata erabat mugatzea ezingo da eta inguruko bizilagunek ulertzea eskertuko da.

GERNIKAKO ARBOLAREN PASEALEKUA OBRATAN DA

Ordiziako Okorrobidea, Altamira kalea eta Gernikako Arbolaren pasealekua lotzen dituen kale zatia berritzeko lanak hasi dira aste honetan. 1.376 metro koadroko eremua da eta ur sarea eta  saneamendua, espaloia eta errepideko asfaltoa berrituko dira. Oinezkoak babesteko plataforma bat ere jarriko da tarte batean. Lanak bi hilabetez luzatuko dira, gutxi gora behera.

Urbanizazio obra hau Ur Kontsortzioak eta Udalak elkarlanean egingo dute, beste behin, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren baitan. Adostasun honen fruitu eman du urteotan beste hainbatetan, izan ere, auzo honetan Okorrobidea eta Altamira kaleak  eraberritu dira eta, orain hasi den lana amaitzean, Urdaneta kaleko azken zatia, 68 eta 78 zenbakien artekoa ere urbanizatuko da.

Ekimen hauekin hirigintza arloko beharrak asebete nahi dira, herri seguroago eta atseginago baten alde eginez.

KOMUN PUBLIKOA JARRI DA ESKARABILLAN

Komun publiko berria jarri da ostegun honetan Ordiziako Eskarabilla auzoan, haur parkearen ondoan. Kabina bat da, erabili ondoren bere kabuz garbitzen dena. Urte osoan eta egunez egongo da zabalik. Egun batzuetan prest egon da, behin loturak eta obrako erremateak egin ondoren.

Laster bigarren kabina bat jarriko da, Altamira auzoan. Honen bidez herritarren eskaerei erantzuna emango zaie.