Vocalia abesbatza eta Conductus Ensemble, igandean

Aurrera jarraitzen du Ordizian musika barrokoari eskainitako zikloak. Igande honetan izango da Barroko Aire egitarauaren hirugarren kontzertua, herriko parrokia elizan, arratsaldeko 18:30etan. Bertan, proposamen interesgarria “Le muse Veneziane” programa,  Andoni Sierrak zuzendutako Conductus Ensemble taldearekin eta Vocalia abesbatzarekin, Basilio Astulezek zuzentzen duena.

Bi taldeek Veneziako Ospedaliko musika barrokoan oinarritutako programa aurkezten digute. Babesgabeei laguntza medikoa eta soziala ematen zieten erakunde oso antolatuak ziren Ospedaliak. Baina harrigarriena izan zen hospizio haien hormen artean garatu zen bizitza musikala, non eta hezteko modu berri bat asamtu zuten: musikan oinarritutako ikaskuntza. Venezian musika kalitate handiz irakatsi eta interpretatzen zen lau erakunde zeuden eta denek berezitasun bera zuten: umezurtzak bakarrik sar zitezkeen soinu-olinpo pribilegiatu hartan.

Eta horrela J.S.Bach eta G.F. Händelen garaian, ospedalien tradizio musikal berezia ospetsu egin zen, neurri handi batean, Vivaldi, Hasse, Porpora eta Galuppi bezalako konpositore nabarmenen obrei esker. Konpositore horiek maisu bezala aktibo egon ziren lau “Ospedali grandi”-etan, eta haien errepertorioak musika-interes oso handi du.

2000. urtean sortu zen Vocalia Taldea emakume abesbatza, egungo zuzendari Basilio Astulezen ekimenez. Vocalia Taldeak bidea ematen die Euskal Herriko zenbait musikari gazteren erronka eta kezkei. Taldearen asmoa ahots-talde egonkor eta –musika eta ahots aldetik exijentzia-maila handikoak direlako– ohiko programazioetan nekez entzun daitekeen errepertorio bati ekin diezaiokeen ahots-talde bat sortzea da. Gaur egun, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxako bataz besteko 35 abeslarik osatzen dute Vocalia Taldea, den-denak eskarmentu handikoak abesbatza-musikaren alorrean. Programazio ausartak eta eszenaratze zainduak bitarte, taldea erreferente bihurtu da egungo musika koralaren munduan.

Vocaliarekin batera Conductus Ensemble talde instrumentala arituko da, Barroko Aire programazioaren ohiko taldea, Andoni Sierraren zuzendaritzapean, eta Jone Martinez eta Irene Fraile sopranoak eta Nerea Gonzalez kontraltoa arituko dira bakarlari gisa.

Edukiera mugatua izango da, dagozkion segurtasun-neurriak bermatzeko eta kontzertuetarako gonbidapenak jaso behar dira Barrena Kultur Etxean (943 80 56 30).